Munduko kantu inprobisatuetan adituak udan gurean
2016-05-13 09:10 BertsolaritzeaGaragarrilaren 11tik 15era bitartean, goizeko 09:00etatik 13:30etara, berbaldi, mahai-inguru eta proiekzino zein erakusketa interesgarriak izango dira Donostiako Miramar Jauregian, Europa bat-batean egitasmoaren eskutik. Goizeko 09:00etatik 13:30etara. Jardunaldi akademiko horreetan matrikuletako epea zabalik dago garagarrilaren 6ra arte.
Garagarrilaren 11tik 15era bitartean, goizeko 09:00etatik 13:30etara, berbaldi, mahai-inguru eta proiekzino zein erakusketa interesgarriak izango dira Donostiako Miramar Jauregian, Europa bat-batean egitasmoaren eskutik. Goizeko 09:00etatik 13:30etara. Jardunaldi akademiko horreetan matrikuletako epea zabalik dago garagarrilaren 6ra arte.
Hirugarren urtez jarraian UPV/EHUko Uda Ikastaroetan izango da Mintzola Ahozko Lantegia; aurten, ostera, astebete osorako plana eskainiko dau Europa bat-batean egitasmoaren barruan, Donostia 2016 Europako Kultur Uriburuagaz eta UPV/EHUko Uda Ikastaroakaz alkarlanean.
Egun bakotxean gai bati lotutako lanketea egingo da, berbaldi, ikus-entzunezko proiekzino eta mahai-inguru formatuan: munduko kantu inprobisatuagaz lotutako azalpenak jasoko dira, munduan daben presentziaren inguruan berba egingo da eta baita belaunaldiz belaunaldiko transmisinoaren, genero ikuspegiaren eta hizkuntza gitxituen ganean be.
Jardunaldi akademikoetan izena emoteko epea zabalik dago honezkero; garagarrilaren 6ra arte izango da aukerea, www.uik.eus webgunean. Bost egunetarako zein egun solteetarako egin daiteke matrikulea: 80 euroan emon daiteke izena aste osorako, eta 25 euroan egun baterako.
Mundu guztiko adituak, bost egunetan
Gai horreen inguruan hausnarketea egiteko mundu osoko adituak konbidau ditue: Euskal Herriko inprobisazinoaz berba egingo daben ikertzaileez gan, Herrialde Katalanetako, Galiziako, Murtziako, Austriako, Kareliako, Txipreko, Galesko, AEBetako, Kubako, Mexikoko eta Brazilgo inprobisazinoa ezagutuko ditue parte-hartzaileek.
Besteak beste, Thierry Rougier-ek, Bordeaux Montaigne unibersidadeko antropologia eta musika irakasleak, Brasilgo iparraldean egiten dan kantu inprobisatuaz egingo dau berba eta Thomas Nussbaumer Music University Mozarteum Salzburgeko etnomusikologo eta doktoreak Austriako gstanzln adierazpidea ezagutarazoko deusku. Ruth Finnegan antropologo britainiarrak eta The Open Universityko Gizarte Zientzietako emeritus irakasleak ahozko literaturea genero legez errekonozitua eta interpretatua izateko bultzaberbaldia eskainiko dau.
Beti be kantu inprobisatuagaz lotuta, gai berezituagoak be jorratuko ditue saioetan; berbarako, generoan sakonduko da. Egun horretarako etorriko dira AEBetatik Treva Lindsey eta Brittney Cooper: biak Emakume eta Genero ikasketetan adituak dira, batez be feminismo baltzaren arloan. Sustraia tradizinoan dauen kantu inprobisatuaren eta gaur egun horrenbeste zabaldutako hip hop mobimentuko rap eta poetry slamaren arteko bideaz egingo dabe berba, horreetan genero ikuspegiak izan dauen bilakaerea aztertuz. Bestetik, hizkuntza gitxituak izango dira berbagai; egun horretan hizlarien artean izango dogu Aberystwyth University ospetsutik etorriko dan Eurig Salisbury. Inprobisatzaile eta ikertzaile galestarrak euren hizkuntzearen eta inprobisazinoaren arteko loturea bistarazoko deusku.
Proiekzino, erakusketa, mahai-inguruak...
Berbaldiez gan, bestelakoak be eskainiko dira garagarrilaren 11tik 15era bitartean. Roser Texidoren Glosadors filma ikusteko aukerea izango da, egilea bertan dala. Mintzolak eta Laboa Katedraek esleitutako proiektu sarietako bat eskuratu eban Beñat Krolemen Bertsolaritza eta irudia erakusketea aste guztian izango da zabalik; eta emakume inprobisatzaileen inguruko esperientziak ezagutzeko zein hizkuntza gitxituen inguruan hausnartzeko mahai-inguruak izango dira. Bestalde, Mintzola Ahozko Lantegiak sustatutako Kulturartea Mapa datu basea aurkeztuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!