Bilboko Arenala musikaz beteko da maiatzeko eta bagileko barikuetan

Bizkaie! 2016-05-12 16:24   Musikea

Bilboko Arenaleko pasealeku enblematikoa musikaz beteko da Bilboko Udal Bandearen udabarriko kontzertuakaz, maiatzean eta bagilean. José R. Pascual Vilaplana zuzendari titularra eta Iñaki Urkizu zuzendariordea txandakatuko dira aire zabaleko musika saio horreen zuzendaritzan.

José Rafael Pascual Vilaplana | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Arenaleko pasealeku enblematikoa musikaz beteko da Bilboko Udal Bandearen udabarriko kontzertuakaz, maiatzean eta bagilean. José R. Pascual Vilaplana zuzendari titularra eta Iñaki Urkizu zuzendariordea txandakatuko dira aire zabaleko musika saio horreen zuzendaritzan. Barikuetan eskainiko dira, maiatzaren 20an eta 27an eta bagilaren 3an, 10ean eta 17an, 19:30ean Arenaleko Kioskoan, ehun urte baino gehiago dituan taldeak 1895eko bagilaren 9an bere lehenengo kontzertua emon eban leku berean.



José Rafael Pascual Vilaplana Bandearen zuzendari titularrak diseinau dauen udabarriko lehenengo denporaldia izango da. Maisu eta konposatzaile handiaren ohitureari jarraituz, programautako kontzertu bakotxak bere izenburua izango dau. Maiatzaren 20an, barikuan, hasiko da udabarriko zikloa, Dantza eta Balleta izeneko musika saioagaz. Iñaki Urkizu zuzendariordearen aginduetara, Bilboko Musika Bandeak jantzarako pentsautako lan onenetako batzuk eskainiko deutseez ikus-entzuleei, besteak beste, Hellmesbergerren Danse diabolique, Francisco Alonsoren Danza gitana edo Alfred Reeden Third Suite for Band.

Astebete geroago, maiatzaren 27an, Pascual Vilaplana Bandearen zuzendari titularra izango da Oberturak Bandarako, konposatzaile garaikideek eta gaur egungoek idatzitako lanez osotutako kontzertua, zuzenduko dauena. Kontzertuari hasierea emoteko Claude Smithen Emperata Overture eskainiko da, eta ondoren Robert Jager, Piet Swerts, Jan de Haan, Thomas Doss eta Franco Cesarini lako gaur egungo egileen lanak entzun ahal izango dira.

Ipuinak eta Kondairak izango dira hurrengo kontzertuaren protagonistak, barikuan, bagilaren 3an. Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean, Bandako 45 interpreteek Humperdinck, Appermont edo Schwarz lakoen lanez osotutako egitaraua aurkeztuko dabe. Egile horreetako lan garrantzitsuak eskainiko dituan kontzertua izango da, abenturen munduan sartuta, Hansel eta Gretel, Gulliver´s travels (Gulliverren bidaiak) edo Ivanhoe lako lanakaz.  

Bagilaren 10ean, Martxea eta Polkea Arenalera helduko dira Bilboko Bandearen eskutik. Kontzertua Sparkerren Karrusela lanagaz hasiko da, eta Palau Boixen Martxa burleskoa-gaz amaitu. Tartean, beste batzuen artean, Tchaikovskyren Martxa eslaviarra eta Aida-ren, Verdiren opera ezagunaren, martxa handia entzun ahal izango dira.

Arenaleko Kioskoko udabarriko kontzertuak bagilaren 17an, barikuan, amaituko dira. Pascual Vilaplanak zuzenduko dau Pasodoblearen Historia izeneko musika saioa. Bertan, gure musikariek ibilbide kronologikoa egingo dabe martxa arin ezagun horretatik. Holan, Cantó Francésen Mahomet edo Bretónen La Dolores lako XIX. mendeko pasodobleak interpretauko ditue, XX. mendeko Laportayren Mi Barcelona edo Blanquerren Julio Pastor, edota 2003an idatzitako García i Solerren Patricio Barceló lako lanak.

Aurten, musika ezagupenez eta estreinaldiz betetako denporaldi bikainari amaierea emoteko, Bandeak eta Aiko Taldeak BANDtzaldia ikuskizuna eskainiko dabe Plaza Barrian, bagilaren 24an, barikuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu