Leioako Umore Azokan 18 euskal konpainia egongo dira aurten
2016-05-12 12:24 KultureaHamaika estreinaldi aurkeztuko ditue bertoko konpainiek Leioako Umore Azokan, maiatzaren 19tik 22ra. Antolatzaileek dinoenez, talde gazteak eta beteranoak dagoz egitarauan eta horrek kaleko arte eszenikoek geurean osasun ona daukiela erakusten dau.
Euskal konpainien eta Umore Azokearen arteko hartu-emon estua nabarmendu dau Ana Lopez azokako zuzendari artistikoak. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak adierazo dauenez, hartu-emon hori da Umore Azoka 17. edizinora heldu izanaren zutabeetako bat: Badago indar bat, Leioako herriaren eta konpainien artean sortutakoa.
Aurten, behinik behin, ez da euskal ordezkaritzarik faltauko. Guztira, 18 euskal konpainia egongo dira Umore Azokan. Horreen artean, hamaikak estreinaldiak eroango ditue Leioara. Estreinaldi gehienak azokearen lehenengo egun bietan, hilaren 19an eta 20an egingo dira. Antolatzaileen esanetan, ehun banatzaile eta produktore baino gehiago egongo dira une horretan Leioan eta, beraz, euskal konpainien lana atzerriko merkaduetara zabaltzeko aukera aproposa izango da.
Euskal ordezkaritza horren barruan, era askotako konpainiak eta ikuskizunak sartu ditue, eskaintza orekatua bilatu dabe. Zirkua, jantzea, antzerkia, performanceak, txotxongiloak eta abar egongo dira publikoaren eskura. Konpainia gazteak eta beteranoak tartekatuko dira programazinoan. Artista gazte asko egotea oso inportantea da, dino Muñozek.
Ganera, Umore Azokearen zeregina ez da euskal taldeei ikusgarritasuna emotera mugatzen. Lan barriak sortzeko babesa eta azpiegiturea be ipinten ditue Leioan kale arteetako konpainien eskura. Erresidentziak, koprodukzinoak eta abar bultzatzen ditu azokeak. Aurten, esate baterako, Umore Azokearen babesagaz sortu ditue euren ikuskizunak Deabru Beltzak taldeak eta Laura Coboren jantza konpainiak. Frantziako eta Herrialde Katalanetako taldeei be lagundu deutsie.
Leioako herrian bertan be, kale arteen inguruko zaletasuna handitu dau Umore Azokeak, Ana Lopezek nabarmendu dauenez. Aurten, lehenengoz, herriko talde amateurrei eskainitako tartea egongo da. Leioako lau konpainia amateur eszenatokian izango dira, profesionalen baldintza bardinetan euren lana erakusten, dino Lopezek.
Leioan egongo diran 18 konpainiak honeek dira: Ana Capilla&Julia Farber, Bapatean, Laura Cobo, Deabru Beltzak, Laglo, Larrua, Plataforma Tirante, Teatro y Danza, Philo&Jole, Sainete, Suhar Prest, Trapu Zaharra, Zanguango, Tio Teronen Semeak, Organik, Nui Dantza, Matxalen Bilbao, Malas Compañias, Markeliñe eta La Banda.
Leioan egongo diran konpainiak aurkezteko ekitaldian, Malas Compañias taldeak Letter ikuskizunaren zati bat aurkeztu dau (beheko argazkian). Maiatzaren 20an ikusi ahal izango da obra hori Leioan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!