BilbaoEszenak lan jardunaldia atondu dau euskeraz egiten dan antzerkiaren erronkak ardatz hartuta
2016-05-10 18:42 KultureaBeste batzuen artean Xabi Paya bertsolariaren edo Patxo Tellería dramaturgoaren partaidetzea izango daumaiatzaren 14ko jardunaldiak.
BilbaoEszenak, Bilboko Udaleko Antzerki Baliabideen Zentroak, Gure Hizkuntza Gure Oholtza, euskeraz egiten dan antzerkiaren erronken ganeko gogoetarako jardunaldia egingo dau datorren maiatzaren 14an, egun osoan, sektoreko eragile guztiakaz. Beste batzuen artean Xabi Paya bertsolariaren edo Patxo Tellería dramaturgoaren partaidetzea izango dauen jardunaldia, batez be Arte Eszenikoetako profesionalei egongo da zuzenduta. Hitzordua Bilboko Euskal Museoan izango da (Unamuno plaza, 4).
Saioa, euskeraz idatzitako antzerkiaren ganeko hitzaldi bigaz zabalduko da, eta arratsaldean, egungo antzerkiaren zenbait protagonistagaz mahai-ingurua egingo da. Jardunaldia Amoranteren kontzertuagaz amaituko da. Jardunaldian parte-hartzea librea eta dobakoa da, baina komenigarria da aurretik izena emotea, leku kopurua mugatua baita. Interesatuta dagozan personek maiatzaren 10era arte emon ahal izango dabe izena, ghgo.bilbo@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez.
Programazinoa goizeko 11:30ean hasiko da, Xabi Paya bertsolari, unibersidadeko irakasle, itzultzaile eta Donostia 2016ren Kultura zuzendariagaz. Antzerkiko testua euskerara itzultzean kontuan izan beharreko alderdiak jorratuko ditu. Ondoren, 12:45ean, Patxo Telleriak, oholtzan funtzionauko dauen euskeraz idatzitako testua idazteko orduan kontuan izan beharreko gakoak izango ditu berbagai.
Arratsaldean gogoeta eta esperientzien trukaketea bultzatzeko mahai-ingurua antolatuko da. Mahai-inguruko kideak Eneritz Artetxe antzezle eta antzerki irakaslea, Mikel Martínez antzezlea, Agurtzane Intxaurraga antzezle eta Hika Teatroko zuzendaria eta Gaizka Sarasola Lesakako Mairu Antzerki Tailerraren sortzaileetako bat izango dira. Saioaren helburua, lengoaiari eta hizkuntzak eragin leikezan aukerei eta mugei arreta berezia eskaintzea da.
Jardunaldiari, arratsaldeko 19:00etan Amorantek eskainiko dauen zuzeneko kontzertuagaz emongo jako amaierea. Amorante Iban Urizarren proiektu personala da, proiektu askotan parte hartu dauen prestakuntza klasikoko musikaria da. Horrezaz gan, soinu bandak idatzi ditu dokumentaletarako, film laburretarako eta spotetarako, eta momentu honetan, musika tradizionala eta herrikoia eta esperimentazinoa eta bat-batekotasuna buztartzen dituan bakarkako proiektuan dabil buru-belarri lanean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!