XVI. Eleizetan musika jaialdiak Amorebieta-Etxanoko ermita eta eleizak ganbera-musikaz beteko ditu

Bizkaie! 2016-05-10 18:28   Musikea

Maiatzean Amorebieta-Etxanoko ermita eta eleizetan ganbera-musikearen arloan Euskadin egiten dan programarik berezienetako bat entzun ahal izango da, XVI. Eleizetan jaialdian.

Maiatzean Amorebieta-Etxanoko ermita eta eleizetan ganbera-musikearen arloan Euskadin egiten dan programarik berezienetako bat entzun ahal izango da, XVI. Eleizetan jaialdian. Hain zuzen be berezia da kontzertuak Zornotzako ermita eta baseleizetan egingo baitira. Aurten zornotzarrek eta hurreratzen diran guztiek ondoko kontzertuez gozetako aukerea izango dabe:

- Alos Quartet, maiatzaren 14an, 20:00etan Dudeako San Miguel ermitan. Txelo, biola eta biolin bik osotutako laukote honek bere laugarren diskoa aurkeztuko dau, Garden. Soka laukotearen oinarri klasikoa ardatz, gaur egungo musikearen barruan hainbat alor batzen dituan errepertorioa aurkeztuko dabe. Alos Quartet 1999an sortu zan, eta ordutik goi mailako muskariakaz ibili dira kolaboratzaile, bai zuzenean eta bai grabautako lanetan: Dulce Pontes, Kepa Junkera, Oskorri, Ken Zazpi, Carlos Nuñez... Era anitzekoak eta asko izan dira, era berean, partaide izan dituen eszenatoki eta festibalak. Arte ibilbide luzeko musikariek osotzen dabe laukotea, eta ospe handiko orkestren –Euskadiko Gazte Orkestra, Euskadiko Orkestra, JONDE, etab.- kide izateaz gan, euskal musikan danok ezagutzen doguzan talde eta musikariakaz be ibili dira: Oskorri, Benito Lertxundi.

- Musikeneko Dana hari laukoteak eta Kandinsky seikoteak maiatzaren 15ean, domekan, Bernagoitiako San Migel eleizan 12:15ean joko dabe. Igazko egitaraua osotzeko Musikenegaz (Euskal Herriko goi mailako musika ikastegia) alkarlanean ibili ondoren, nazino eta nazinoarteko mailan izen handia dauen erakunde horretatik talde bi (seikotea eta laukotea) etorriko jakuz aurten. Agate Amilibia txelo zornotzarrak parte hartzen dau alkarte horreetan. 

- Argixe Hirukotea, barriz, maiatzaren 22an, Boroako San Pedro ermitan izango da, 12:15ean. Pianoak, txeloak eta klarineteak osotutako ganbera musika taldea da Argixe. Josu González zornotzarra kide da talde horretan, klarinetea joaz (ohikoa izaten da bere presentzia rock talde famatuetan: Doctor Deseo, Aton Rumba eta Botxo Boogies). Erromantizismoko errepertorioan holako hirukoteentzako lan gorena dan Brahmsen Trioa La minorrean Op. 114 aurkeztuko dabe eta bigarren zatian, barriz, Astor Piazzolaren tangoak, jazzagaz mugakide diran erritmo eta harmonia elementuez horniduak. 

- Ablaye Cissoko & Volker Goetze taldeak, zapatuan, maiatzaren 28an, San Antonio Elgezabal ermitan joko dau 20:00etan. Ablaye Cissoko griot senegaldarraren eta Volker Goetze jazz musikari alemaniarraren nahasketa ederra. Berben maisuak, arbasoen gomuta bizia diran griotei egindako omenaldia da euren azken diskoa, Djaliya. Ablaye Cissokoren koroek eta Volker Goetxeren tronpeteak bidaia espiritualean eroango gaitue, Free Jazza eta mandingen musikea nahastau egiten baitira musika ordu liluragarria sortzeko. 

- Brussels Virtuosiren txandea maiatzaren 29an izango da, Etxanoko Andra Mari eleizan, 12:15ean. 1981ean sortu zan musikari gazte eta dinamikoek osotutako nazinoarteko talde hau, Marc Grauwels flauta-jotzaile belgiarraren ekimenez. Ordutik igaro diran urteetan munduan zehar ibili dira, bakarlari famatuenakaz batera, eta nazinoarte mailako hainbat festibaletan hartu dabe parte Espainian, Alemanian, Frantzian, Austrian, Grezian, Italian, Japonian, Korean, AEBetan, Herbeheretan, Luxenburgon, Kanadan, Mexikon, Venezuelan eta beste herrialde batzuetan. Biharamunean Bartzelonako Palaun eskaintzea aurreikusita dauen kontzertua aprobetxauta, 2012an be zapaldu eban eszenatokira itzuliko da Marc Grauwels flauta jotzailea zuzendari dauen ganbera talde hau, energia eta interpretazinoaren kalitatea ezaugarri dituana. 
    
Antolatzaileek kontzertu guztietarako dobako autobus bat jarriko dabe. Autobusa kontzertua baino 30 minutu lehenago aterako da Gudari kaleko autobus geralekutik (45 minutu Bernagoitira joateko).

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu