Egitarau luzea antolatu dabe, Santimamiñen margoak topau ziraneko mendeurrenean

Bizkaie! 2016-05-06 10:22

Ehun urte bete dira Santimamiñeko kobazuloan historiaurreko pinturak topau zirala eta, hori ospatzeko, egitarau zabala antolatu dau Bizkaiko Foru Aldundiak, Kortezubiko Udalagaz batera. Maiatzetik urrira bitartean, ekintza ugari egongo dira: Bisitaldiak, erakusketak, berbaldiak, tailerrak eta abar.

Ehun urte bete dira Santimamiñeko kobazuloan historiaurreko pinturak topau zirala eta, hori ospatzeko, egitarau zabala antolatu dau Bizkaiko Foru Aldundiak, Kortezubiko Udalagaz batera. Maiatzetik urrira bitartean, ekintza ugari egongo dira: Bisitaldiak, erakusketak, berbaldiak, tailerrak eta abar.

Santimamiñe Euskal Herriko arkeologian erreferentziazko aztarnategia dala dino Bizkaiko Foru Aldundiak. 1916an topau ziran hango margolanak eta gure arbasoen historia ezagutzeko ikerketa garrantzitsuak egin dira bertan. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak eta Ibon Lejarza Kortezubiko alkateak aurkeztu ditue mendeurrenaren harira eratutako ekintzak.

Museoen Nazinoarteko Egunagaz bat eginda, maiatzaren 14an hasiko dira mendeurreneko ospakizunak. Erakusketea eta bisita gidatua egingo dira, Santimamiñeko Museoen Gaua izenburupean. Biharamunean, kobazuloan sartzea doban izango da eta bisitaldi bereziak egingo dira, animazino eta guzti.

Maiatzaren 28an, Espeleologia eta Ondare Kulturaleko 2. Jardunaldia egingo dabe, kobazuloan bertan. Ondare kulturalagaz lotutako aurkikuntzak eta barriak aztertuko ditue. Berbaldiak eta Paleolitikoko grabaduak ezagutzeko tailer praktikoa be egongo dira egun horretan espeleologoentzat eta adituentzat.

Bagilean tailerrak egongo dira familientzat eta, hil horretako azkenengo zapatu bietarako, berbaldiak antolatu ditue: 18an, Kortezubiko udaletxean, J.C. Lopez Quintana adituak egingo dau berba; 25ean, Gernikako Euskal Herria Museoan, jardunaldia egongo da.

Garagarrilaren 23an, egitarau bete-betea eratu dabe kobazuloaren inguruan, Santimamiñe, 100 urte ondareaz gozatuz izenburuagaz. Batetik, zinemea egongo da eta, bestetik, umeentzako jokoak. Iluntzean, suziakaz sartuko dira kobazuloan eta, ondoren, Santimamiñeko soinuak izeneko kontzertua egingo da.

Abuztuan eta irailean, ume eta gaztetxuei zuzendutako hainbat ekintza egingo dira kobazuloaren inguruan eta, egitaraua amaitzeko, urrian, erakusketa bat zabalduko da, Bilboko Rekalde aretoan. 3D tekniken bidez, Paleolitoko artea eta gaur egunekoa alderatuko ditue erakusketan. Bilboko Ondare aretoan, nazinoarteko mintegia be egingo dabe urriaren 20an eta 21ean.

Santimamiñeko kobazuloetako aztarnategia ume batzuek topau eben, 1916ko urtarrilean. Telesforo Aranzadik, Enrique Egurenek eta Joxemiel Barandiaranek aztertu zituen aztarnak, besteak beste. 1950eko hamarkadatik aurrera, bisitaldi turistikoetarako egokitzen joan zan kobazuloa eta milaka personak ikusi zituen bertako altxorrak.

Kobazuloak bisitau dituan jentetzeak, baina, kaltetu egin leike bertako ondarea eta, hortaz, 1996tik aurrera, mugatuta dago sarbidea. Ganera, 21. mendean, ikerketa sakonagoak egiten hasi dira Santimamiñen eta Bizkaiko beste kobazulo batzuetan. Aztarna gehiago agertu dira horren eraginez.

Bizkaiko Foru Aldundia, historiaurreko artea daukien kobarik garrantzitsuenen errealidade birtualeko 3D ereduak sortzen dabil: Santimamiñe ez eze, Karrantzako Ventalaperra eta El Rincon, Galdamesko Arenatza, Mañariko Askondo, Kortezubiko Morgota eta Lekeitioko Lumentza dagoz programan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu