Jacques Becker zinemagile frantsesak atzera begirakoa izango dau Donostiako 64. Zinemaldian
2016-05-04 14:34 ZinemeaIrailaren 16tik 24ra egingo dan Donostiako Zinemaldiaren 64. edizinoak atzera begirako bat eskainiko deutso Jacques Becker zinemagile frantsesari. Jacques Becker Parisen jaio eta hil zan (1906-1960), eta 13 film luze besterik ez zituan egin denpora tarte laburrean, 1942tik 1960ra bitartean.
Irailaren 16tik 24ra egingo dan Donostiako Zinemaldiaren 64. edizinoak atzera begirako bat eskainiko deutso Jacques Becker zinemagile frantsesari. Jacques Becker Parisen jaio eta hil zan (1906-1960), eta 13 film luze besterik ez zituan egin denpora tarte laburrean, 1942tik 1960ra bitartean. Kopuruz urria emoten dauen arren, maisulanetan oparoa izan eban ibilbidea. Horren adibide dira Casque d'Or (1952), Touchez pas au grisbi (1954) eta Le Trou (1960) filmak.
Ideologiaz komunistea zan, baina ez eban sekula zinema soziala landu. Fronte Popularraren zineman jaso eban prestakuntzea Beckerrek eta Jean Renoirren laguntzailea izan zan. La grande illusion (1937) filmaren egilearen eraginak jaso zituan, haren laguntzailea izan zanez, aitatutakoaz gan beste zazpi filmetan, baita Bigarren Mundu Gerra aurreko AEBetako zinema klasikoarenak be. Esate baterako, oso gustukoak zituan King Vidor eta Howard Hawks.
Klasizismoa igarten da haren hasierako estiloan, baina berehala heldu eutson modernotasunari. Truffaut eta Godard-en eretxiz, Renoir maisuaren parean dago Becker.
Itzel jagoten zituan zehetasunak, bai barrualdeko garai bateko dekoratuetan, zein kanpoaldeko grabaketetan, eta dotorea zan eszenaratzean zein atmosferak sortzen, berbarako, Casque d'Or filman ikus daitekenez. Beckerrek inpresionismoa eta errealismoa buztartu zituan, arreta berezia eskaintzen eutselako kontakizunaren ingurune historikoari eta personaien psikologiari.
Jacques Beckerek zailtasun handiak izan zituan hasieran. Debut ofizialaren aurretik, Dernier atout (1942), Beckerrek pare bat film labur egin zituan, Fronte Popularraren hauteskunde kanpaineari buruz Frantziako Alderdi Komunisteak sustatutako dokumental kolektibo batean parte hartu eban La vie est à nous (1936), besteak beste, Jean Renoir eta Henri Cartier-Bresson egileek be parte hartu eben eta L'or du Cristobal (1940) filmaren grabaketeari ekin eutson. Hori, ostera, Jean Stellik egin eban eta Beckerrek ez eban sekula lanaren ganeko ardurarik hartu.
Mueta guztietako generoetako baliabideak igarriko ditu ikusleak egile honen lanetan, baina ezin da egin zituan pelikuletako bat be kode zehatz baten arabera sailkatu, nahiz eta batzuetan genero jakin bat gailendu; komedia: Antoine et Antoinette (1947), Rendez-vous de juillet (1949), Édouard et Caroline (1951), melodramea: Goupi mains rounges (1943), Falbalas (1945), Rue de l'Estrapade (1953); gaizkile zinemea: Touchez pas au grisbi, Casque d'Or; biopic artistikoa: Montparnasse 19; eta espetxe igesen generoa: Le Trou (1960), segurutik, bere maisulan gorena. Horrenbestez, bere estiloaren bereizgarri nagusia kodeak eta moldeak berrasmetea izan zan. Konsumo zineman be egin eban lan; esaterako, abentura exotikoei buruzko Ali Baba et les quarante voleurs (1954), eta misteriozko eta lapur esku zuri sofistikatuei buruzko Les aventures d'Arsène Lupin (1957) filmak zuzendu zituan.
Becker 1960ko zezeilaren 21ean hil zan, Frantzian Le Trou estreinetako hilabete falta zala. Montparnasseko kanposantuan lurperatu eben. Seme bi izan zituan, Jean Becker errealizadorea eta 1995ean hil zan Étienne Becker argazki zuzendaria. Bizitzaren azken urteetan Françoise Fabian aktoreagaz ezkondu zan Jacques Becker.
Atzera begirako honetan Beckerren film guztiak erakutsiko ditue, erdiak Espainian merkaturatu bakoak. Donostia Zinemaldiak antolatu dau zikloa, Espainiako Zinematekearen laguntzinoagaz. Zikloa osotzeko, zinemagileari buruzko liburu bat argitaratuko da, Quim Casasek koordinauta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!