Ken Zazpi taldeak zabalduko ditu aurten Getxoko Ereaga hondartzako kontzertuak

Bizkaie! 2016-05-03 12:06   Musikea

Datorren barikuan, maiatzak 6, Ken Zazpi taldeak Phoenicoperus bere azken lana aurkeztuko dau 22:00etan eta hurrengo egunean, zapatuan, hilak 7, Guda Dantza, Rubia eta El Inquilino Comunista bertoko taldeek Getxon eginiko soinuak erakutsiko ditue gaueko 21:00etan hasita. Urtero legez, saioetarako sarrerea dobakoa izango da.

Getxoko Ereaga hondartzako aparkalekua izango da aurten be, uda sasoiaren aurreko kontzertuen kokalekua. Getxoko Udalaren ekinbidez, datorren barikuan, maiatzak 6, Ken Zazpi taldeak Phoenicoperus bere azken lana aurkeztuko dau 22:00etan eta hurrengo egunean, zapatuan, hilak 7, Guda Dantza, Rubia eta El Inquilino Comunista bertoko taldeek Getxon eginiko soinuak erakutsiko ditue gaueko 21:00etan hasita. Urtero legez, saioetarako sarrerea dobakoa izango da.

Barikuko kontzertuan Ken Zazpik bere zortzigarren diskoko kantuak ekarriko ditu Getxora. Phoenicoperus izenburuko diskoan, Gernikako seikoteak sinbologia barritzaileak erabili ditu pop-rocka eta psikodelia buztartzen dituan bere uniberso musikal berezia suspertzeko. Orain dala urte bi eta erdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz eginiko alkarlanaren ondoren, Ken Zazpik esperimentazino eta doinu elektronikoen aldeko apustua egin dau, ohiko gai sozialak eta politikoak baztertu barik.

Zapatuan, barriz, bertoko hiru talde izango dira Getxoko Doinuak: Lehendik gaur arte izeneko saioan. Horretan, Getxon eginiko musika anitza erakutsiko dabe. Guda Dantza seikote gazteak emongo deutso hasierea kontzertuari hainbat estilo buztartzen dituan bere musikeagaz, esaterako ska, reggae, soula, funka edota ska-rocka. Igaz, talde getxotarrak bere bigarren lana kaleratu eban: Labarren Ertzean, hain zuzen be.

Ondoren, Rubiaren txandea izango da, Sara Íñiguez buru dauen taldea, hain zuzen be. Hiru disko grabau ditue eta horreetako azkena Barman izenekoa da. Bere musikan 60ko hamarkadako soinuak, soularen eraginak, countrya eta emakumezkoen egile-kanta nahasten dira. Azkenik, El Inquilino Comunistak biribilduko dau zapatuko saioa. Indie-rock musikearen erreferentzia, taldea Getxo Sound mobimentuaren aitzindaria izan zan eta 25 urteko ibilbidea daroa agertokien gainean.

 
Aparkalekua zarratuta eta trafiko mozketea

Kontzertuetarako azpiegiturak behar dan moduan jarteko, Ereaga hondartzako aparkalekua zarratuta egongo da eguen (maiatzak 5) goizeko 7:00etatik domeka eguerdiko 12:00etara. Era berean, hilaren 6an eta 7an, trafikoa moztu egingo da Igeretxeko biribilgunean 17:00etatik aurrera eta barriro zabalduko da saioak amaitu eta hiru ordu beranduago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu