Musika Eskolen Europako Jaialdiak 8.500 ikasle baino gehiago ekarriko ditu gurera
2016-05-03 11:16 MusikeaDonostia 2016ren eskutik, 59 udalerri, Europa osoko musika eskoletako 8.500 ikasle baino gehiagok eskainiko dituen 120 kontzertu ingururen agertoki bilakatuko dira maiatzaren 4tik 7ra, EMUSIK, Musika Eskolen Europako Alkarteak (EMU) antolatzen dauen Musika Eskolen Europako Jaialdia, ospatuko baita.
Donostia 2016ren eskutik, 59 udalerri, Europa osoko musika eskoletako 8.500 ikasle baino gehiagok eskainiko dituen 120 kontzertu ingururen agertoki bilakatuko dira maiatzaren 4tik 7ra, EMUSIK, Musika Eskolen Europako Alkarteak (EMU) antolatzen dauen Musika Eskolen Europako Jaialdia, ospatuko baita. EMUSIK maiatzaren 4an eta 5ean hasiko da lurraldeko hamar herritan izango diran hogei kontzertuk osotutako aperitiboagaz. Gehienbat, tokiko ikasleak izango dira kontzertu honeek emongo dituenak Donostian, Amorebieta-Etxanon, Angelun, Hernanin eta Tafallan, besteak beste. Inaugurazio ofiziala, barriz, Donostia Arena 2016 espazioan (Illunbe) izango da maiatzaren 6an. Hemengo zein atzerriko 8.500 musika-ikasleentzako topaketa honetan, musikea eta jantzea batuko dira errepertorio anitz batean, besteak beste, Donostiako martxea, Txanton piperri, Europako ereserkia eta EMUSIKerako beren-beregi konposatutako abesti bat: Musikatu bizitza.
Europako musika eskolek maiatzaren 6an, arratsaldean, eta 7an, goizez, bi errezitaldi emongo ditue bi egoitza desbardinetan. Modu horretan, 59 herri anfitrioiek dobako 120 kontzertu baino gehiago hartuko ditue. Tokiko taldeek zein bisitariek parte hartuko dabe ekitaldiotan eta hainbat musika-estilo jorratuko ditue, konpositore klasikoen piezak zein soinu garaikideak.
Jaialdia maiatzaren 7aren iluntzean amaituko da, 20:00etan, Saguesen ospatuko dan amaiera-jai bategaz. Ospakizun jentetsu horretan egoitzetako ikasleek osotutako Big Band batek joko dau, ekitaldirako beren-beregi sortutakoa eta Europako eskolen ikasleen laguntzinoa izango dauena, eta ondoren DJ saioa egongo da.
Bilboko Udalak, BilbaoMusikagaz alkarlanean, bat egin dau ekimenagaz eta, ondorioz, Bilbo jaialdiaren egoitzetako bat izango da. Maiatzaren 6ko arratsaldean eta maiatzaren 7ko goizean kontzertu ugari izango dira Bilboko Arenalean, musika klasikotik rockera, popera eta jazzera. Barikuan 17:30etik 20:30era izango dira kontzertuak eta zapatuan 11:30etik 14:00etara.
Bilboren kasuan, Frantziako Ecole de Musique Autrans, Italiako Fondazione Scuola di Musica C. e G. Andreoli eta Poggio a Caiano, eta Alemaniako Musikschule der Stadt Bonn eta Musik der Bundesstadt Bonn taldeek hartuko dabe parte. Bertoko ordezkaria Bilboko MrJam Centro Moderno de Música izango da.
EMUSIK, Donostia 2016ren, Europako Kultur Uriburuaren, egitasmoa da, eta egoitzak izango ditu Autonomia Erkidegoko, Nafarroako, Iparraldeko eta Errioxako hainbat herritan. Udalerri horreetan, Europako hogei herrialde ingurutik etorritako taldeen kontzertuak izango dira: Espainia, Bulgaria, Txekiar Errepublikea, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Letonia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Austria, Polonia, Eslovakia, Suedia, Suitza eta Herbehereak.
EMUSIK jaialdi bat baino gehiago da. Musikea alkartzen gaituan hizkuntzea da idean oinarrituz, ekitaldia, kultura eta lurralde anitzetako ezagutzak eta esperientziak trukatzeko eta Europako herriak hurreratzeko aukera parebakoa izango da.
Gainera, jai eta musika ospakizunaz gan, jaialdiak ikusgaitasun handiagoa emon nahi deutso musika eskolek maila guztietan (toki, nazino eta Europa mailan) egiten daben etenbako lan bikainari.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!