'Muga' antologia aurkeztuko dabe Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik

Bizkaie! 2016-05-02 11:36   Kulturea

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak, El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratu dauen Muga antologia poetiko elebidunaren aurkezpen ekitaldia jasoko dau martitzenean, maiatzaren 3an, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak, El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratu dauen Muga antologia poetiko elebidunaren aurkezpen ekitaldia jasoko dau martitzenean, maiatzaren 3an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Antologiak, euskeraz idatzitako euskal poesian funtsezkoak diran lau egile batzen ditu, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi. Egileez gan, argitalpenaren hitzaurrea egin dauen Jon Kortazarrek eta Juan Manuel Uria editoreak be hartuko dabe parte ekitaldian.

Antologia honetan jasoten diran poetak, 2008ko maiatzean Durangon hasi ziran Poesia eta Pentsamendua jardunaldien sustatzaileak dira. Azken urteotan pentsamenduari lotutako poesiak hazkunde nabarmena izan dau euskal letretan.

Horrezaz gan, antologia honetako poetek hainbat bide poetiko landu ditue, bakotxak bere estiloan, baina alkarren arteko konplizidade nabarmenagaz. Ibilbide labur baina emonkor horren ondorioz Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik euren poesia lanaren erakusketea atondu eta giza ezagutzea bilatzen dauen poesiaren koordenadak ezartzea erabagi dabe.

Felipe Juaristi Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zan 1957an. Kazetaritzea ikasi eban Madrilen, eta gaur egun gidoilari eta kazetari lanak egiten ditu. Zazpi poesia liburu idatzi ditu, eta horreen artean Galderen Geografia, Aingeruaren Angelua eta Piztutako Etxea azpimarra daitekez.

Juan Ramón Makuso Filosofia Irakaslea da Errenteriako Koldo Mitxelena BHIan. Bere lanen artean ondoko poesia liburuak azpimarra daitekez: Bizitzeak hil egiten du, Hiri gorazarre, Huntza hezur berritan, eta Hitzak argi.

Pello Otxoteko Zientzia Biologikoetan eta Biokimikan lizentziatua da. Horrezaz gan Filosofia ikasketak be egin ditu UNEDen. Gehien argitaratu dauen estiloa poesia izan da, Haraindiko begiradaren bila, Itzalaren ñabarduretan edo Anphora baita lako lanakaz.

Aritz Gorrotxategi (Donostia, 1975) gidoilari, zutabegile, irakasle eta itzultzaile lanetan dabil. Bere lanen artean Zaldi hustuak eta Hariaz beste poesia liburuak nabarmendu daitekez. Azken lan horregaz Kritikearen Sari Nazionala irabazi eban 2012an.

Bidebarrieta Kulturgunea, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren zabalkundea dauen gunea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu