Garbitxu: 'Kale antzerkian, emonaldi bakotxa sorpresa bat da'

Dabi Piedra 2016-05-02 10:20   Barriketan

Deabru Beltzak taldeko sortzailea eta kidea
 

Kale antzerkiaren munduan ibilbide luzea egin dau Deabru Beltzak taldeak. Aurten, 20. urteurrenagaz bat eginaz, Su à feu izeneko ikuskizuna preparau dabe. Sua, argia eta efektu bereziak dira lan horren ardatza eta Leioako Umore Azokan estreinauko dabe, maiatzaren 19an eta 20an. Les tambours de feu eta Danbor talka egin ostean, trilogia zarratzen dauen ikuskizuna da Su à feu. Deabru Beltzak taldean hasikeratik, orain dala 20 urtetik, egon da Garbitxu eta haregaz egin dogu berba taldearen ibilbideaz, ikuskizun barriaz eta abar.

 

1.- Inozko ahaleginik handiena egin dozue Su à feu preparetan, aurkezpenean esan zenduanez. Zenbaterainokoa izan da, ba, ahalegin hori?

Deabru Beltzak taldearen historia guztian prozesurik luzeena izan da, 16 hile daroaguz prestakuntzan eta oraindino beste aste batzuk geratzen dira, 17 hile inbertiduko doguz guztira sorkuntza honetan. 2014ko zemendi-abendu partean hasi ginan eta geroztik jo eta ke gabilz. Ikuskizun honegaz, ganera, ohikoaren alderantziko prozesua egin dogu: Normalean jantziak preparetan hasten gara eta, oraingoan, musikea preparau dogu lehenengo. Behin hori pentsauta, jostunagaz hasi gara erropak preparetan.


2.- Zelakoa da Su a feu ikuskizuna?

Etorkizuna da kontaketearen oinarria, etorkizunetik datozan personak dira protagonistak. Argia eta efektu oso bereziak erabilten doguz, argiagaz olgetako modu berezi bat sortu nahi izan dogu eta hortik dator personaia nagusia, suzko gizon baten modukoa da. Abiapuntu bat behar izan dogu eta etorkizunaren kontzeptutik abiatu gara, hortik dator istorioaren mamina.


3.- Ikuskizun honetan argia eta sua erabilten dozuez, formatu handiko montaje baten. Zuen lan guztiak holakoak izaten dira?

Egia esan, nik uste dot ikuskizun hau eta Deabru Beltzaken aurrekoak tamainu ertainekoak izan dirala, ez dira horren formatu handiak. Handi-handia Le Choc des Tambours/Danbor Talka izan zan, 2013an egin genduan koprodukzino hori Les Commandos Percu frantziarrakaz eta ha bai, formatu oso handia zan. Oraingo hau, jente askoren aurrean antzezteko pentsauta dagoan arren, ez dot uste formatu handien mailara heltzen danik.


4.- Trilogia baten azken zatia da Su à feu, Les tambours de feu eta Danbor talkaren ostekoa. Zelan osotuten dau hirugarren lan honek aurreko bietan hasitako bidea?

Hainbat urtean ikasi dogunaren esperientzia dakar honek. Guk beti esan dogu, era honetako ikuskizunak egiten benetan ikasten dala, eginaz. Deabru Beltzaken lelo bat daukagu eta dino, ikuskizun bat erabat amaituta dagoala hogeigarren emonaldia egiten dogunean. Ikuskizun hau egiteko inoz baino denpora gehiago erabili dogu eta kontrolpean daukagu guztia, baina azkenengo ikutuak publikoak emoten deutsuz eta hortik beti ikasten dozu. Estreinau eta gero, entseguak programetan doguz beti, obrea orrazteko edo aberasteko.

Trilogiari jagokonez, aurreko ikuskizun bietako ezaugarri batzuk hartu eta barriro erabili doguz, birmoldatuta. Horregaz ikuskizun barria sortu dogu, baina kaleko espektakuluetan nik uste dot dana asmauta dagoala. Gauzak egiten doguz, aurretik egin dana moldatuta. Betiko baliabideak erabilita, irudi barriak sortu nahi izan doguz.


5.- Leioako Umore Azokea koproduktorea da eta, ganera, ikuskizuna bertan estreinauko dozue. Bultzada handia emon deutsue Umore Azokeak, ezta?

Bai, gure azkenengo bost edo sei lanetan koproduktore izan doguz ia guztietan. Guk geuk be mimoz tratau behar dogu Umore Azokea, gure inguruko hitzordu nagusia dalako, jaialdi indartsuenetako bat. Oraingoan, ganera, inoz baino hobeto portau dira gugaz, erabat babestu gaitue. Azken entseguak egiteko arazoak euki genduzan, hitzartutako leku batek huts egin euskulako, eta Leioak laguntzino izugarria emon deusku. Hasikeratik buruan euki dogu Leioan Su à feu estreinetako gogoa.


6.- Frantziagaz be hartu-emona daukazue, kolaborazinoak egin izan dozuez hango taldeakaz eta Su à feuren produktoreen artean hango jaialdi batzuk dagoz. Nondik jatortzue lotura hori?

Trilogiaren lehenengo zatia, Les tambours de feu, egin eta garbi ikusi genduan bide hori zabaldu behar zala eta izenburua frantsesez ipini geuntsan, horregaitik. Bagenkian, bidea zabaltzeko keinu bat egin behar geuntsala Frantziari eta holan hasi ginan. Apurka-apurka joan gara muturra sartzen. Gogorra da Frantziako merkaduan sartzea, asko inbertidu behar da, denpora asko erabili, sarritan gitxi kobretan. Sasoi baten persona bat euki genduan Pariseko bulego baten guretzat lanean, banatzaile lanetan. Inbersino horri etekina atara deutsagu, behin bidea zabalduta, izen ezaguna izatea lortu dogu. Deabru Beltzak moduko taldeak gitxi dagoz, Frantzian ezagutzen gaitue eta gu pozik gagoz. Azken finean, Europako kale antzerkiaren merkadu nagusia da Frantzia.


7.- Frantzia da kale arteen Europako erdigunea, zure esanetan. Euskal Herrian, ostera, zelakoa da sektorearen egoerea?

Ufa, nahiko tristetxu dagoala esango neuke. Kale antzerkia, nik uste, oraindino bigarren mailako jardueratzat joten da arte eszenikoen barruan, anaia txikia gara.


8.- Leioako Umore Azokeak eta antzeko ekitaldiek lagundu leikie egoerea hobetzen?

Bai, duda barik. Umore Azokeak egin dauen bidea eta kale antzerkiaren alde egin dauena miresgarria da. Gobernuak Umore Azokan inbersino handiagoa egiteko aukerea balorau behar leuke. Merkaduan kokatuta dago Umore Azokea eta azken bultzadatxua baino ez jako faltau, atzerriko programatzailerik onenak ekarteko eta hemengo arteei laguntzeko. Ana Lopezen [jaialdiko programatzailearen] lana gero eta zorrotzagoa da, publikoan pentsetan egiten dau programazinoa. Ez dau programazinoa bere gustuen arabera egiten. Bere herrian daukan publikoa ondo ezagutzen dau eta horren arabera jokatzen dau.


9.- Euskal Herriko publikoa zelakoa da?

Batez be ondo pasetea eskatzen dau. Euskal Herrian publiko jantzia daukagu, kale arteez badaki. Aspaldi gogoan daukat, Umore Azokan esaterako, edozein ikuskizun jan egiten eben ikusleek, oso-osorik. Orain zorrotzagoak dira eta ez bajake gustetan, hamar minutura badoaz. Hori da, publiko selektiboa daukagulako, aditua. Hori denporeagaz lortzen da.


10.- Birea hasiko dau Deabru Beltzakek laster, 46 hitzordu daukazuez lotuta. Nondik nora ibiliko zarie?

Portugalen, Frantzian, Italian, Belgikan, Ingalaterran eta abar ibiliko gara. Ekialderago, Georgian be bai eta, Europatik kanpo, lehenengo aldiz Australiara joango gara, Melbournera.


11.- Hogei urte bete dozuez. Ospatzeko ekitaldirik preparau dozue?

Su à feu ikuskizuna aurkezteko ekitaldiaren ostean, jardunaldi profesional bat egin genduan eta lagunentzako jaitxu moduko bat be bai. Udako jaialdi batzuetan baleiteke zeozer antolatzea baina momentuz estreinaldia preparetan ibiliko gara, lan eta lan. 2016a luzea da eta izango dogu aurrerago astia ospakizunen bat pentsetako.


12.- Zertan hobetu dau Deabru Beltzakek hogei urtean, sortu zanetik hona?

Merkadua lantzen eta jenteak zer eskatzen dauen ikusten ikasi dogu eta hori oso inportantea da. Gauzak gero eta hobeto egiteko, denporea eta dirua inbertidu behar dira. Urteakaz, programatzaileen eta ikusleen eskarietara egokitzen ikasten dozu. Gu ikuskizun klase baten espezializau gara eta, egia esan, ardatz horretatik ez gara askorik mobidu eta erreferentzia bat bihurtu gara suagaz eta efektu bereziakaz lotutako mundu horretan.


13.- Suak eta efektu bereziak dozuez gustoko, zer faltau jatzue egiteko alor horretan?

Nik uste dot danetarik egin dogula. Gehien eskertzen doguna da, lan egin ahal izatea eta taldeak aurrera segidutea. Gure laguntzaileek segidu daiela beste urte askoan gure alboan eta merkaduan lekua eukiten segidu daigula, horixe litzateke benetako saria.


14.- Zu zeu hasikeratik izan zara Deabru Beltzakeko kide, beraz 20 urte daroazuz. Zer dauka ba, kale antzerkiak, horrenbeste erakarten zaituena?

Ekitaldi bakotxa erabat desbardina dala. Publikoa, espazioa, dana aldatzen da. Ezin da makina baten moduan lan egin, era automatikoan, ez. Asko pentsau behar da, dana ondo kalkulau, ikuskizun bakotxaren aurretik. Ez da antzokiaren parekoa. Kale antzerkian, emonaldi bakotxa sorpresa bat da. Erronka bat da. Deabru Beltzakegaz, Les tambours de feu ikuskizunagaz, 800 ekitaldi baino gehiago egin doguz eta, benetan dinotsut, inoz ez dogu egin gauza bardina.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu