Euskal Herria Museoak 'Gernika Arbolaren kokalekua (1366 - 2016)' erakusketea hartuko dau

Bizkaie! 2016-04-28 18:28   Kulturea

Uribilduaren sorrerearen 650. urteurrenaren harian, Gernikako Euskal Herria Museoak Arbolaren kokalekua erakusketea zabalduko dau bihar, barikua. Gernikaren historia erakusten jaku hor, 1366tik 2016ra arteko mugarri garrantzitsuenetan zehar ibilbide bat eginez. Erakusketea Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gernikazarrak antolatu dabe.

Uribilduaren sorrerearen 650. urteurrenaren harian, Gernikako Euskal Herria Museoak Arbolaren kokalekua erakusketea zabalduko dau bihar, barikua. Gernikaren historia erakusten jaku hor, 1366tik 2016ra arteko mugarri garrantzitsuenetan zehar ibilbide bat eginez. Erakusketea Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gernikazarrak antolatu dabe.

Gaur goizean komunikabideen aurrean aurkeztu dabe erakusketea eta bertan Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak esan dauenez, asmoa da uribilduaren ibilbidea zehaztu daben mugarririk garrantzitsuenak modu xume eta didaktikoan jenteari hurreratzea, modu ulergarrian, osotasunaren ikuspegi aberasgarri bat transmitiduteko, ohiko topikoetatik urrun.

Horretarako, erakusketara beste museo eta agiritegi batzuetako materiala batu dabe, berbarako, Arma Museoa (Gasteiz), San Telmo Museoa (Donostia), El Pobaleko burdinola, Bakearen Museoa, Eleizbarrutiko Agiritegia, Eleizbarrutiko Museoa, Foru Agiritegi Historikoa, Foru Liburutegia, Bizkaiko Arkeologia Museoa, Euskal Museoa, GOAZ Museoa, Yusoko monasterioa (Errioxako San Millán de la Cogollan) eta Palentziako Eleizbarrutiko Museoa.

Erakusketeak Bizkaiaren agiri-ondareko harribitxiak jasoten ditu, besteak beste, Gernikaren sorrera aktea dago, XIV. mendekoa, zehatz 1366. urtekoa. Dokumentu hau Bizkaiko Foru Agiritegi Historikotik eroan dabe Gernikara. Beste alde batetik, uribilduaren pribilegioa berresten dauen dokumentua eta Errege-Erregina Katolikoek 1493. urtean emondako berrespena ikusi ahal izango dira, baita Gernikaren eta San Pedro de Lumoko eleizatearen artean 1451. urtean sinatutako alkartasun-ituna be, batez be, lapurretei, mendiei, komertzioari, horniduren balio justuei eta abarrekoei buruzkoa, Gernika eta Lumo artean egozan tirabirak baretzeko asmoz izenpetua.

Bandoen arteko burrukearen testuinguru historikoan, Bizkaiko Foru Agiritegi Historikotik datozen itunak eta ordenantzak, Chinchilla lizentziatuak idatziak (1487), erakutsiko dira.

Era berean, azpimarratzekoak dira XIX. mendean gerrate karlistetan erabilten ziran materialak, Arabako Arma Museoak erakusketa honetarako laga dituanaka, besteak beste, frantziar ezpata txikia, korazea, kaskoa edo zalditeriaren ezpatea.

Bizkaiko industrializazinoaren erakusgarri, El Pobaleko museoko errementariaren hauspoa ikusgai egongo da.

Eta lehenengo aldiz erakutsiko dira Fernando IV.aren, Alfontso XI.aren, Enrike II.aren eta Antso IV.aren txanponak, Bizkaiko Arkeologia Museoko piezak.

Azkenik, Busturialdeko hilarrien multzo bat be badago.

Eta erakusketa honen harribitxi handia maiatzeko bigarren hamabostaldian ekarriko dabe: Don Telloren sarkofagoa da, XIV. mendekoa, zur polikromatuz egin zana. Altxor hau orain atarako dabe urte osoa egoten dan lekutik: Palentziako San Frantziskoren Komentuko Areto Kapitularretik, hain zuzen be.

Ehun piezatik gora dagoz erakusketan, Gernikaren garapena ulertzen lagunduko deuskuenak. Beraz, hau uribildua hobeto ezagutzeko konbidapena da. 1366. urtean sortu zan, Lumoko eleizatearen lurretan, euskal askatasunen ikur diran Arbolaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien kokalekuan. Hemen, jarduerearen ondorioz barritasunak eta garapen ekonomiko eta sozialak euren lekua dabe. Foruek aztarnak itxi ditue, Bizkaiko Batzar Nagusiak batzen dira eta Bizkaiko jaunek, Gernikako arbolearen azpian, bizkaitar guztien lege, ohitura eta usadioak errespetau eta onartuko dituela zin egiten dabe, kolektibo sozialaren indarraren erakusgarri.

Airetik etorri zan 1937ko sarraskia, Gernika eta Lumoko eta nazinoarteko komunidadearen bizitzea betiko jo ebana. Bere nortasunari eta kemenari esker, Gernika lurretik altzau da eta bere Historia eregiten jarraitzen dau. XX. mendeko industria-garapenagaz eta demokraziagaz etorkizunari esperantzaz begiratzen deutso. XXI. mendean, bere muina, balioak eta bertan bizi diran personak hazten ikusteko ilusinoari eusten deutso.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu