Indiatik datorren hotel-iraultzea
2016-04-28 14:59 BidaideAldaketea oso azkar etorri da. Hile batzuetan ostatu merkearen ikur izan dan Delhi-ko Arakashan kalea puntu gorriz bete da, fatxada, ate, leiho eta karteletan agiri dira. Munduko bigarren herrialde populatuenean, sekulako hotel-iraultzea eragin dauen OYO Rooms online plataformea iragarteko logoa da.
Aldaketea oso azkar etorri da. Hile batzuetan ostatu merkearen ikur izan dan Delhi-ko Arakashan kalea puntu gorriz bete da, fatxada, ate, leiho eta karteletan agiri dira. Munduko bigarren herrialde populatuenean, sekulako hotel-iraultzea eragin dauen OYO Rooms online plataformea iragarteko logoa da. Estadistiketan be argi agiri da: 2013an jaio zan plataformea Gurgaon herrian zabaldu eben hotel txiki bategaz eta gaur egun, barriz, gelak kudeatzen ditu 179 uri desbardinetako 5.000 ostatu ingurutan. Honezkero miloe bat eta erdi gaualdi berbatu ditu eta egun herrialdeko hotel katerik handiena da ezelako duda barik eta lujo eta arrakasta handiko Taj Hotels katearen aurretik be jarri da. Ganera, Indiako mugetatik kanpo zabaltzen hasi dan fenomenoa da, berbarako, Malasiako uriburu Kuala Lumpurren.
Edozelan be, aitatu kopuruetan trikimailu txikia dago, izan be, bilatzailetan Meliá edota Ibis-en parean agertu arren, hotelak OYO Rooms izenpean agiri dira. Kontua da ze bide barria urratu dauela OYO Rooms enpreseak. Ritesh Agarwal, 18 urteko gaztea da sortzailea, industria edo sektore honen osogai tradizionalak ekonomia barrietakoakaz buztartu dituana eta, sarritan Uber entzutetsuagaz konparetan dabe. OYO Rooms plaformeak ez dauka hotelik jaubetzan eta aitatu hotelak be ez dira agiri Oyo Roomesen frankizia zerrendan. Euren baldintzak beteten dituen gure gelen portzentaje jakin bat kudeatzen dabe kontu-ikuskaritzen bitartez azaldu dau Mantosh Biswas-ek, Arakashan-eko Chand Palace Hoteleko arduradunetako batek.
Labur-zurrean, OYO Rooms plataformeak hartu-emonak izaten ditu hotelakaz, edota alderantziz, eta holan abiatzen da hogeita hamar bat arau edo oinarri izango dituan estandarizazino edo co-branding prozesua. Hiru kategoriatan banatutako prezioa bera, seguridadea bermatzeko telebista-zirkuito zarratuak zein bezeroari eskaintzen jakozan komuneko produktuak berbatzen dira adierazo dau Biswas-ek. Goialdean, barriz, Oyo-ren ikur dan kartel gorria agiri da, lokalean bideobigilantzia dagoala ohartarazoten dauen plakearen ondoan; gelatik alde egiteko ordua goizeko 11:00etan dala be adierazoten jaku beste karteltxu batean.
OYO-k adierazo dauenez, hotelak bere jaubetzakoak izan ez arren, ez dira ohiko plataforma agregatzailea, izan be, bezeroek ohiko hotel kateetako antzeko baldintza eta onurak izaten ditue, besteak beste, eskuoihal garbiak, pantaila zapaleko telebistak, aire girotua, dobaneko internet, gitxienez 6 hatzbeteko dutxa-muturra, gosaria barne eta bezeroei harrerea egiteko dobaneko produktuak. OYOren eskaintza horreek gitxienekotzat hartu leikiez mendebaldeko bezeroek baina kontu jakina da Indiako ostalaritza sektorea kaotikoa eta kalidade eskasekoa dala.
Horrezaz gan, algoritmo berezi baten bidez prezioa zehaztu eta erreserbak plataformearen beraren webgunean egin daitekezan arren, online bilatzaile eta bidaia-agentzietan be egin daitekez. Kasuan kasuko negozio aukera guztiak erabili gura doguz, sortu barri dogun sistemearen kontra ez badoaz behintzat adierazo deusku e-postaz izenik emon ez dauen OYOko komunikazino arduradun batek.
Baina Oyoren upealako hazkundea mundu guztiak ez dau begi onez ikusten. Hilean, batez beste bost heriotza-mehatxu jasoten ditut adierazo eutson Agarwal-ek Indiako The Economic Times egunkariari emondako alkarrizketan. Gitxi gorabehera astebetekoa izaten dan prozesuaren ondoren, gure sarera hotel bat batzen dogunean, beste hotel batzuen negozioa kaltetzen dogu. Sekula ez neban pentsau holakorik jazoko zanik onartu dau. Arakashan-eko hoteletako arduradunek jakinarazo dabenez, plataformatik kanpo geratzeak ondorioak ekarri ditu eta, berbarako, gela gitxiago bete ditue. Lehen erreserba barik etorten jakuzan bezero gehienak. Inguruko hotelak batzuk begiratu eta bat aukeratzen eben. Orain, barriz, gehienek smartphoneak erabilten ditue gela bat azkar eta preziorik onenean topetako azaldu dau Ashutosh Kumar-ek, Chand Palacetik hur dagoan Elegance hoteleko harreragileak.
Plataformearen funtzionamendua ezagutzeko Indiako uri batzuetara joan gara OYO Roomseko hotel desbardinetan errserbak eginda. Lehenengoa hegoaldean kokatutako teknologiaren uria dan Bangalore izan da, OYOgaz zerikusirik ez dauen booking.com agentziaren bitartez. Harrigarria bada be, hotelaren izena ez jako bezeroari jakinarazoten. Kokapenari jagokonez, OYO Rooms MG Road informazinoa baino ez deuskue emoten. Hotelaren argazkiak eta bezeroen eretxi batzuk bai agiri dira baina hotelaren izenik ez da inon agiri eta arazoa izan daiteke hori hotela topetako helbidea bakarrik erabilita, kontuan hartuta inguruan OYO Roomseko hotel gehiago dagozala. Sano deigarria da jokatzeko modu hori baina sareko hotelek abantailak baino ez ditue ikusten, izan be, plataformatik kanpo be, OYOren arau eta baldintza barik be euren izen-markea erabilita egin leikielako negozioa.
Kontuak kontu, enpresako arduradunek aldizka kontu-ikuskapenak egiten dituela ziurtatu arren, holako hazkunde azkarrak nahitaez kalidadearen kontrola eragozten dau eta antzeko prezioa eskaintzen daben hotelen arteko aldeak ikusgarriak dira. Esangura horretan, aldagarri batzuk kontrolau arren, gelen neurria edota dekorazinoa lako arloetan gorabehera handiak egoten dira. Etorkizunari begira, zorrotzago aztertu beharko doguz kontu horreek guztiak gure sareko hotelen homogeneotasuna bermatzeko aurreratu dau enpresako momunikazino arduradunak.
Aitatu arazoak eta dudak gorabehera, OYO Rooms buru da Indiako ostalaritza sektorean. Urtero herrialde horretan 415 miloe lagun inguruk egiten ditue joan-etorriak eta egonaldiak eta, beraz, upealako negozioa dago. Ganera, enpresearen asmoen artean Indiako turistentzako erakargarriak diran munduko beste leku batzuetara zabaltzea da garrantzitsuenetakoa eta hortik aurrera eredua munduan zehar zabaltzen jarraitzea, batez be, garapen bidean dagozan herrialdeetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!