Erabateko 21 estreinaldi dakarz Leioako Umore Azokeak aurten
2016-04-27 14:03 KultureaMaiatzaren 19tik 22ra egingo da Leioako kale eta plazetan Umore Azokearen 17. edizinoa. Antolatzaileek nabarmendu dabenez, 54 ikuskizun egongo dira aukeran, horreetatik 21, erabateko estreinaldiak. Ganera, bertoko artistei lekua egingo jake eta sektoreko profesionalen topaketea egongo da. Leioa kaleko arteen uriburu bihurtuko dogu, dino Ana Lopez programatzaileak.
Programa orekatua da aurtengoa, antolatzaileek nabarmendu dabenez. Antzerkia, magia, zirkua, jantzea, performanceak... kaleko arte eszenikoen disziplina gehienak Leioan izango dira. Guztira, 54 ikuskizunen 125 emonaldi. Horretarako, 50 konpainia eroango ditue Leioara (424k egin dabe aurtengo edizinoan parte hartzeko eskaria).
Euskal Herriko konpainia ugariri lekua egin deutsie, 19 izango dira. Euskal taldeek Leioaren aldeko apustua egiten dabe, dino Ana Lopezek, 11 estreinaldi ekarriko ditue gurera. Ganera, sorkuntzearen alde be egiten dau Umore Azokeak, bost obraren koproduktore da eta. Laura Coboren jantza-ikuskizun barria eta Deabru Beltzaken Su à feu dagoz azokearen babesa jasoko dabenen artean.
Danetara, erabateko 21 estreinaldi, 12 Espainiako estreinaldi, kalean lehenengoz emongo diran hiru ikuskizun, aurre-estreinaldi bat eta gaztelaniazko bersinoaren estreinaldi bat hartuko ditu Leioak lau egunean. Programazinoaren heren bi era bateko edo besteko nobedadeak dira, azpimarratu dau Lopezek.
Estadu Batuetatik, Espainiatik, Frantziatik, Kolonbiatik, Erresuma Batutik, Brasildik eta Japoniatik etorritako konpainiek parte hartuko dabe Umore Azokan, Euskal Herrikoakaz batera. Les Goulus frantziarren Riders from nowhere estreinaldia eta Cent racines, horreek be frantziarrak, nabarmendu ditu Ana Lopez programatzaileak. Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak ganeratu dauenez, estreinaldi asko daukaguz, konpainiek Leioan egon nahi dabela erakusten dau horrek.
Jarduera osogarrietan be, hazten dago Umore Azokea. Aurten, 200 profesional baino gehiago espero ditue sektoreko topaketetan: Programatzaileak, banatzaileak, produktoreak, zuzendariak eta abar. Akitania-Euskadi topaketearen bigarren edizinoa eta SAREA euskal antzokien alkartearen batzarra be Leioan egingo dira, Umore Azokeagaz batera.
Era berean, Bertako eszena izeneko saila sortu dabe. Leioako taldeek parte hartuko dabe hor. Izan be, Lopezek dinoanez, 17 urteko lanak oinarria sortu dau herrian eta talde asko sortu dira.
Urte osoko lanaren emoitzea da Umore Azokea, barrikuntzearen alde egindako apustua da, adierazo dau Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak. Ganera, koprodukzinoen bidez, kale arteen motorra dala dino Olabarriak. Igaz 27.000 persona erakarri zituan Leioako Umore Azokeak eta aurten antzeko kopuru baten bueltan ibiltea da helburua, Mari Carmen Urbieta alkatearen esanetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!