Gaur, hilak 28, Gernika sortu zaneko 650. urteurrena beteko da
2016-04-25 14:04 KultureaAsteon bat egiten dabe Gernika-Lumon, bonbardaketearen 79. urteurrenak (Apirilaren 26an) eta Gernika sortu zaneko 650. urteurrenak (Apirilaren 28an), izan be, Gaztelako Alfonso XI.a eta Guzmaneko Leonor andrearen semea izan zan Tello jaunak sortu eban Gernika 1366ko apirilaren 28an.
Gaztelako Alfonso XI.a eta Guzmaneko Leonor andrearen semea izan zan Tello jaunak Gernika sortu eban 1366ko apirilaren 28an. Beraz, Gernika sortu zaneko 650. urteurrenaren harian, zenbait erakusketa eta lehenengo mailako ikuskizunak izango dira herrian.
Uribildua sortu zaneko urteurrena ospatzeko Udaleko kultura Sailak urtea amaitu arteko egitaraua atondu dau. Urteurrena beteko dan egunean, apirilaren 28an, 20:00etan, izango da ekitaldi ofiziala, eta agintari ugari hurreratuko dira bertara. Uribilduaren mugetatik ibilaldia egiteaz gan, sortzailea izan zan Tello jaunaren eskultureari jaietako zapia be jarriko jako.
Zapi hau Tello jaunak eskuartean dauen sortze agiriaren gainean jarriko da, dokumentu honen garrantzia azpimarratzeko. Bertan, uribilduaren mugak eta biztanleen eskubideak eta betebeharrak batu ziran. Ekimen honen barruan aurreskua jantzan egin eta Udaletxeko aurrealdean herriko banderea jarriko da, ikurrinearen ondoan, hain zuzen. Era berean, koralak izango dira protagonista: Gure Arbola Zaharra, Andra Mari Korala, Gaudeamus Korala eta Segundo Olaeta Musika bandea.
Udalerri hau sortu zanean, Lumoko eleizatea eta Gernikako uribildua banatuta egon ziran, 1882an bat egin eben arte. Ordutik, gaur egun ezagutzen dogun Gernika-Lumo udalerri bakarra da.
Lehenengo mailako ekimenak
650. urteurreneko ekitaldien artean, logotipo baten diseinua (Eulogio Omaetxebarria gernikarrak sortutako logoa: Enbor batean, 650 Gernika 1366-2016 berbak eta haretxaren hostoa dituan ikurra), eskultura oroigarria, Markak ikuskizuna (apirilaren 30ean, 20:30ean, Jai Alai Frontoian), Bernando Atxagak aurkeztu eta zuzenduko dauena eta euskal kantautoreen parte hartzeagaz, Ruper Ordorika, Nebbian eta Mursego, besteak beste.
Apirilaren 28an, Gernika, arbolaren lekua erakusketea inaugurauko dabe Euskal Herria Museoan, uribilduko urigintzearen bilakaerea irudikatzen daben Fernando Hierroren akuarelek osotutako erakusketea. Margolanakaz batera, Gernikaren historia batzen dauen bibliografia be ikusgai egongo da.
Horrezaz gan, urtean zehar, berbaldiak, argazki lehiaketea zein bestelako ekitaldi batzuk izango dira, tartean Segundo Olaeta Musika Eskolearen kontzertu berezi bat be aurreikusi dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!