'Su à feu' kaleko ikuskizuna dakar Deabru Beltzak konpainiak bere 20. urteurrenean

Dabi Piedra 2016-04-22 14:53   Kulturea

Inozko ahaleginik handiena egin dau Deabru Beltzak taldeak Su à feu ikuskizuna preparetan, 16 hil behar izan ditue. Jantzea, sua eta efektu modernoenak batuko ditu obra barriak, Deabru Beltzaken ibilbidean ohikoa dan estilo ikusgarriaren bidetik. Miarritzen egingo dabe aurre-estreinaldia, maiatzaren 6an, eta hil horren 19an eta 20an Leioako Umore Azokan estreinauko dabe.

Inozko ahaleginik handiena egin dau Deabru Beltzak taldeak Su à feu ikuskizuna preparetan, 16 hil behar izan ditue. Jantzea, sua eta efektu modernoenak batuko ditu obra barriak, Deabru Beltzaken ibilbidean ohikoa dan estilo ikusgarriaren bidetik. Miarritzen egingo dabe aurre-estreinaldia, maiatzaren 6an, eta hil horren 19an eta 20an Leioako Umore Azokan estreinauko dabe.

1996an sortu zan Deabru Beltzak kale antzerki taldea. Urteurrenerako, ikuskizun erraldoia preparau dabe, Leioako Umore Azokea eta Frantziako erakunde batzuk koproduktore dirala. Su à feu, 2002an hasitako trilogiaren amaierea da. Les tambours de feu eta Bande Déplacée dira trilogiako beste ikuskizun biak baina, Garbitxu zuzendari artistikoak azaldu dauenez, hirugarren hau aurreko bien garapenaren emoitzea da.

Jantzea, argiak, sua, perkusinoa eta efektu bereziak dira ikuskizunaren ezaugarri nagusiak, dino Garbitxuk. Etorkizunetik datozan personaiak dira ardatza eta suzko gizona da horreen artean nagusia. Ikusleak aho zabalik lagatzea da asmoa, Deabru Beltzakek ohikoa dauen formatu handi, argitsu eta zaratatsuan.

Dagoeneko 16 hileko lana egin dabe Su à feu preparetako eta oraindino azken entseguak egiten dabilz, estreinaldia baino lehen. Zazpi antzezlek parte hartuko dabe ikuskizunean. Musikea eta koreografia, taldeak berak sortu ditu. Sortzaile, zuzendari artistiko eta aktorea da Garbitxu, eta taldekide ugariren laguntzinoia dauka.

Miarritzen maiatzaren 6an eta 7an egingo diran aurre-estreinaldien ostean, Leioako Umore Azokan izango da estreinaldia, 19an eta 20an. Leioako jaialdiak hasikeratik babestu dau Su à feu, produktoreetako bat da eta. Deabru Beltzakek kalea jaigune bihurtzen dau eta hori gure ikuskereagaz bat dator, adierazo dau Ana Lopez Leioako Umore Azokako arduradunak.

Deabru Beltzakek nazinoartean be onarpena daukala gogoratu eragin dau Lopezek. Horren lekuko, produktoreen artean Frantziako eragile batzuk dagoz. Esate baterako, Libourneko Arteen Jaialdia. Herri horretako zinegotzi eta jaialdiko arduradun Michel Galand Bilbon izan da, Su à feu aurkezteko ekitaldian. Frantzian eta Europa guztian ezaguna da Deabru Beltzak, ez dakizue Euskal Herrian zelako subertea daukazuen holako talde bat eukiteaz, adierazo dau Galandek, kalea animetako gaitasun itzela daukie.

Behin Leioan estreinaldia eginda, nazinoarteko bireari ekingo deutso Deabru Beltzakek, 20. urteurrena ospatzeko. Oraingoz, 46 hitzordu berbatu ditue eta gehiago lotu nahian dabilz. Euskal Herrian ez eze, Frantzian, Italian, Erresuma Batuan eta Australian izango dira. Su à feu antzeztuko dabe leku batzuetan eta, beste batzuetara, aurreko beste ikuskizun batzuk eroango ditue.

Hamarkada bi lanean pasau eta gero, Deabru Beltzak taldeko kideak gogotsu dagoz aurrera segiduteko. Garbitxuk azaldu dauenez, Su à feu sortzeko sekula baino ahalegin handiagoa egin dabe, baina emoitzea be hobea izan da, urteek emon deutsien eskarmentuagaitik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu