Literaturea plazer-iturri dala erakusteko hamaikatxu aukera Zarautzen, maiatzaren 19tik 23ra

Bizkaie! 2016-05-19 08:33   Kulturea

Ekitaldiz bete-betea dator aurten be maiatzaren 20ko astegoienean Zarautzen ospatuko dan euskal letren azokea, Literaturia. Larrua gaitzat hartuta hainbat idazlek eta musikarik hartuko dabe parte, Plazer hutsa lelopean.

Ekitaldiz bete-betea dator aurten be maiatzaren 20ko astegoienean Zarautzen ospatuko dan euskal letren azokea, Literaturia. Larrua gaitzat hartuta hainbat idazlek eta musikarik hartuko dabe parte, Plazer hutsa lelopean.

Literaturia kultura-alkarteko ordezkariekaz batera, Oier Guillan idazle eta aktorea, eta Itu Bandako Alazne Arruti be izan dira aurkezpenean. Hain zuzen be, eurak dira Literaturian egingo diran estreinaldi biren partaideak: Mr Señora errezitaldi dramatizatua (Metrokuadroka), eta Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna (Itu Banda).

Ez dira horreek lehenengo aldiz aurkeztuko diran lan bakarrak. Miren Agur Meabek edegiera-berbaldia eskainiko dau: Beñat Axiarik eta Joseba Irazokik berbak, musikea eta inprobisazinoa nahastauko ditue Maitiak galdegin zautan emonaldian; eta larruaz eta literaturaz berba egingo dabe Eider Rodriguezek eta Kirmen Uribek, Goizalde Landabasogaz.

Ruper Ordorikaren bakarkako kontzertu intimoa, Ene maite kuttun guztia errezitaldi musikatu eta antzeztua (Harkaitz Cano, Amorante eta Ainara Gurrutxaga), eta Nork hil du Andoni Egaña? komikian oinarritutako emonaldia (Xabi Paya, Patxi Gallego) be izango dira ikusgai. Emonaldi horreek guztiak Modelo aretoan izango dira.


Irakurleen eta sortzaileen arteko topagune

Antolatzaileen esanean, Literaturia jaialdi bat baino gehiago da. Liburu-azokea be bada, eta azken argitalpenen erakusleiho. Baina, batez be, topagune da: diziplinen arteko topagunea, eta idazleen, editoreen eta irakurleen artekoa. Hain zuzen, liburu-azokak eta liburu argitaratu barrien aurkezpenek aukera ezin hobea eskaintzen deutse batzuei eta besteei alkartzeko, eretxiak trukatzeko eta hartu-emonak egiteko. Azokea Musika Plazan izango da, eta aurkezpenak, barriz, Garoa liburu-dendan. Horrenbestez, herri gunean batuko dira Literaturiaren ekitaldi guztiak.

Aitatutakoez gan, beste ekitaldi batzuk be izango dira: poesia-bideoak euskeratu eta azpitituletako tailerra, kontzertuak, poesia-errezitaldiak... Danak, gai baten inguruan, larrua, eta lelo baten pean: plazer hutsa.

Azken buruan, Oihana Leundak egin dau aurtengo Literaturiaren kartela, Mikel Fernandez aktorearen bizkar biluzia erakusten dauena.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu