Bilboko Udalak uriko eraikin berezietara egiten diran bisita gidatuak abiarazoko ditu maiatzean

Bizkaie! 2016-04-20 14:41

Maiatzaren 3an hasiko dan ekimena, ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programearen barruan sartzen da, eta aurten XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako zenbait jauregitan oinarrituko da, horreen artean Olabarri Jauregia, San Nikolas Jauregia –BBVAren egoitzea– eta Alde Zaharreko eta Zabalguneko zenbait higiezin.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak uriko eraikin berezietara egiten diran bisiten edizino barria jarriko dau martxan datorren maiatzean. Ekimen hori, ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programearen barruan sartzen da, eta aurten XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako zenbait jauregitan oinarrituko da, horreen artean Olabarri Jauregia, San Nikolas Jauregia –BBVAren egoitzea– eta Alde Zaharreko eta Zabalguneko zenbait higiezin.

2010ean jarri zan martxan ekimena eta urtetik urtera gero eta bisita gehiago izan ditu eta, ondorioz, aurten, lehenengo aldiz, maiatzean, bagilean eta irailean programetan diran ohiko bisitez gan, garagarrilean be bisitak izango dira. Izan be, igaz 4.110 lagunek hartu eben parte, eta hasieran aurreikusitakoak baino 24 talde gehiago programau ziran, bere egunean injinerutzearen arloan benetan garrantzitsuak izan ziran hiru instalazino ezagutu ahal izateko, horreen artean Artxandako funikularra.

Kontuak kontu, bisitak maiatzaren 3an hasiko dira, gaur egun Bilboko Portu Agintaritzearen egoitza dan Olabarri Jauregian. XIX. mendearen bigarren erdialdean, Bilbok oso hazkunde ekonomiko handia izan eban, eta Campo Volantin Pasealeku dotorearen ingurua goi mailako auzo bilakatu zan. Lorategiz inguratutako jauregitxuak eta landetxe ederrak eregi zituen bertan. Olabarritarren hotela da inguru horretan konserbetan dan garai haretako etxebizitza eraikin bakarrenetakoa.

Olabarri Jauregia XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako Bilboko burgesiaren etxebizitza muetearen adibidea da, eta Julian Zubizarreta arkitektoaren lan garrantzitsuenetakotzat hartzen da. XIX. mendearen amaieran, modan egozan arkitektura korronteen lekuko, eraikina 1894an eregi eben, Jose Maria Olabarriren, garai haretako negozio gizon garrantzitsuaren, familia etxebizitza izateko.

Goi burgesiako familia baten etxebizitza izateko proiektautako eraikinak arkitektura viktoriarraren ezaugarriak ditu, eta baita zehetasun klasizistak eta bertan bizi ziranen indar ekonomikoaren eta gizartean eben garrantziaren sinbolo izatera zuzenduta be baegoen etxearen erosotasuna bermatzeko behar ziran elementu guztiak be. 1953tik eraikinaren jaubea Bilboko Portu Agintaritzea da.

Olabarri jauregira egingo diran bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, martitzenetan eta eguaztenetan 16:00etan eta 17:45ean; eguenetan eta barikuetan goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 17:00etan (euskeraz), eta zapatuetan goizeko 10:00etan eta 11:45ean, datorren maiatzaren 28ra arte. Bisitak euskeraz egin nahi dituen taldeek eguna eta ordua adostu leikie. Bisitek ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dabe, eta talde bakotxak, gehienez be, 30 persona izango ditu. Horregaitik, beharrezkoa izango da aurretik erreserbea egitea 010 / 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik domekara goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara), datorren astelehenetik, hilaren 25etik, aurrera.


Bilbao Izan

Programa hau orain hamar urte sortu zan, Bilboko biztanleei eta interesa daben guztiei, uriaren historia, ondarea, eta gaur egun uria osotzen daben guneek denporan zehar izan daben bilakaerea eta eraikuntzea ezagutarazoteko. Asmo horregaz zenbait ekimen gauzatu dira, horreen artean, auzoetara egindako bisita gidatuak 'Bilbo, hile bakotxean auzo bat', Botxoko mendi-mazelak deskubriduten eta Hamabi begirada Bilbori programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programeari jarraipena emonez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pausu bat emon eban, bere arretea, ondarearen ikuspegitik bereziak diran uriko eraikinetan jarriz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu