Eleberri baltza ardatz, Jon Alonso eta Jon Arretxe idazleak batuko ditu Eztabaidak literatureagaz ekimenak Bilbon

Bizkaie! 2016-04-15 15:55   Kulturea

Eztabaidak literatureagaz, Bidebarrieta Kulturguneak abiarazotako ekimenak Jon Arretxe eta Jon Alonso idazleak alkartuko ditu datorren martitzenean, apirilaren 19an, itxuraz irakurleen artean oso aldi ona biziten dagoan eleberri baltzaren bilakaerea aztertzeko. Topaketea euskeraz izango da eta Iratxe Fresneda kazetariak egingo ditu gidari lanak.

Eztabaidak literatureagaz, Bidebarrieta Kulturguneak abiarazotako ekimenak Jon Arretxe eta Jon Alonso idazleak alkartuko ditu datorren martitzenean, apirilaren 19an, itxuraz irakurleen artean oso aldi ona biziten dagoan eleberri baltzaren bilakaerea aztertzeko. Alonsoren azken liburuari erreferentzia eginez Beltzaren koloreak izenburua daroan topaketea euskeraz izango da eta Iratxe Fresneda kazetariak egingo ditu gidari lanak.

Ohikoa danez, topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. 

Jon Alonso Iruñean jaio zan 1958an. Biologian lizentziaduna, euskera irakasle izan ondoren, itzultzaile dabil lanean Nafarroako Unibersidade Publikorako. Literatur tailerrak eta berbaldiak be emon ditu, eta hainbat komunikabidetan ibili da. Jon Alonso ia berrogei urtegaz hasi zan lanak argitaratzen, eta bere lehenengo lana saiakerea izan zan: Mikel Zarate (BBK-Euskaltzaindia, 1995) saria irabazi eban Idiaren eraman handia. Irakurleen artean lortu dauen aintzatespena, eleberri baltz dibertigarri eta bitxiek osotutako bildumeak ekarri deutso. Izan be, haren lan barria eleberri baltzari buruzko saiakera laburra da: Beltzaren koloreak. Genero baltzaren bilakaerea aztertzen dauen testua da, zelan igaro dan ezarritako ordena kritikatzetik sistema sozioekonomiko neoliberala onartzera. Alonsok, 25 idazleren 100 eleberri aztertu ondoren atera ditu bere ondorioak. Itzulpengintzan be badabil, eta berak itzuli ditu José Saramagoren Lisboako Setioaren Historia eta Julio Cortázarren Ipuin antologia bat, besteak beste.

Jon Arretxe Perez (Basauri, 1963) euskeraz idatzitako literatureak dauen egile garrantzitsuenetakoa da. Euskal Filologian doktore eta Hezkuntza Fisikoan lizentziaduna izateaz gan, piano eta kantu ikasketak osotu ditu Bilboko eta Gasteizko konserbatorioetan. Jon Arretxe persona polifazetikoa da, eta sorkuntza lana egiteaz gan, bere liburuei eta bidaiei buruzko berbaldiak emoten ditu eta opera abesten dau. 1991n, lehenengo lana argitaratu ebanetik, bere lanen artean bidaietako literaturea (7 Kolore, Tubabu, El sur de la memoria...) eta eleberri baltza (Xahmaran, La calle de los Ángeles, Tangerko Ametsak…) buztartzen ditu, batez be. Horrezaz gan, ume eta gazte literaturea be argitaratu dau.

2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 270 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 8.500 lagun baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai bat ardatz hartuta. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu