Aurrekoak baino disko baikorragoa dakar Pettik, 'Hotzikarak'
2016-04-15 14:04 MusikeaEtxeko Uzta bandeagaz batera, laukote formatuan grabau dau Pettik Hotzikarak diskoa (Elkar). Doinu indartsuak eta sentimenduei lekua egiteko une lasaiagoak tartekatu ditu lan barri honetan. Musika ilunaren eta letra baikorren arteko nahastea dakar zuzenekoetan pentsauta sortutako diskoak.
Etxeko Uzta bandeagaz batera, laukote formatuan grabau dau Pettik Hotzikarak diskoa (Elkar). Doinu indartsuak eta sentimenduei lekua egiteko une lasaiagoak tartekatu ditu lan barri honetan. Musika ilunaren eta letra baikorren arteko nahastea dakar zuzenekoetan pentsauta sortutako diskoak.
Txikitatik alkar ondo ezagutzen dabe Pettik eta Etxeko Uztako beste hiru kideek (Igor Telletxeak, Iñigo Telletxeak eta Joseba Irazokik). Izan be, euren herrian, Beran, goi mailako musikari ugari sortu dira urteotan. Laukoteak zuzenean grabau dau Hotzikarak, Elkarren estudioetan, kantak eurak be zuzenean joteko pentsauta dagoz eta.
Aurreko diskoen aldean, letra baikorragoak eta mezu positiboagoak sartu dituala azaldu dau Pettik. Doinu ilunen alde egin dau barriro, baina oraingoan letra argitsuagoakaz lagunduta. Musika ilunaren eta letra baikorren arteko kontrastea polita da, adierazo dau nafarrak.
Letrak idazteko kolaboratzaile ugariren laguntzinoa euki dau Pettik. Bereak dira kanta bi eta beste seitan Pello Lizarralderen, Eneko Barberenaren, Igor Elortzaren, Beñardo Goietxeren, Juan Luis Zabalaren eta Harkaitz Canoren testuak erabili ditu. Diskoari izenburua emoten deutsan Hotzikarak instrumentala da.
Indar biziko diskoa da Hotzikarak. Halandabe, une lasaiagoetarako tartea be topauko dau entzuleak kanta batzuetan. Indarra eta sentimenduak, biak dagoz diskoan, azaldu dau Pettik. Blues, gospel, rock eta folk ikutuak daukaz diskoak, besteak beste.
Ganera, Harkaitz Canoren letrea daukan Sekula ez erortzea abestia beren beregi sortu dau Willis Drummond taldeagaz joteko. Rock & roll azkarra dago kanta horretan, 1970eko hamarkadako estiloduna, zehaztu dau Berakoak.
Zuzenekoetan pentsetan sortutako diskoa dan ezkero, oholtzara igoteko txandea da orain Pettirentzat eta haren taldekideentzat. Emonaldi akustiko batzuk egingo ditue lehenengo: Apirilaren 16an Baionan, 22an Bilbon. Gero, maiatzaren 7an Donostiako Antzoki Zaharrean joko dabe. Disko barri osoa eta aurreko errepertorioko kanta batzuk joko doguz zuzenekoetan, azaldu dau Pettik.
Izenburua gogoan, honakoa ganeratu dau: Diskoa entzutean, jenteak hotzikarak sentidutea da helburua.
Argiak errepidean kantearen bideoa hemen, Lander Garrok egina.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!