Sr. Chinarro, Adrian eta Claude VonStroke apirilaren 15eko 'Art After Dark' saioan, Guggenheim Bilbao Museoan

Bizkaie! 2016-04-14 10:12   Musikea

Hilebetean behin, barikuetan, eta joan dan 2008ko urriaren 31tik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoan musikea eta artea buztartzen dituan gaueko programea da Art After Dark, Fever klubaren laguntzinoagaz atondua. 

Hilebetean behin, barikuetan, eta joan dan 2008ko urriaren 31tik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoan musikea eta artea buztartzen dituan gaueko programea da Art After Dark, Fever klubaren laguntzinoagaz atondua. Apirilaren 15eko saioan Sr. Chinarroren, Adrianen eta Claude VonStroke estadubatuarraren kontzertuak izango dira.

Lehen ikuskizuna gaueko 22:00etan hasiko da, Sr. Chinarroren eskutik. Taldea Antonio Luquek sortu eban 1990ean. Luque Espainiako musika independentearen aitzindarietako bat da, izan be, pop berezienaren ahots nagusietakoa bihurtu da; ganera, azken hamarkadetako abesti-idazle onenetakoen artean dago. Gaur egun arte iraupen luzeko 15 disko eta 5 EP egin ditu, produktore lez Kramer-egaz (Galaxie 500, Unrest, Low…) AEBn grabautako bere lehen lanetik hasi eta Perspectiva Caballera bere disko-etxeak argitaratutako azken diskora arte. Egunotan bere album barria grabetan dago Granadako Refugio Antiaéreo de El Fargue estudioetan. Diskoa J-ak (Los Planetas taldeko liderrak) produziduko dau. Luquek Guggenheim Bilbao Museoan El Segell del Primaver etxeak argitaratutako El progreso bere azken LPa aurkeztuko dau, formatu akustikoan.

Ondoren, Adrianen txandea izango da. Barriro be Museoan izango da musika elektroniko saioa eskaintzeko. Hasiera-hasieran, Comic’s lurpeko tabernan lan egin eban; gero, berea dan Bullitt Groove Club ospetsuan, musika baltza zabaltzeko egitekoa hartu eban beregan. Egun, barriz, FEVERen dabil, Espainia iparrean giro anitzeko klub garrantzitsuenean, diskoak jarten. Kabinan honako honeekaz batera ibili da beharrean: Keb Darge, Jazzman Gerald, Eddie Piller (acid jazz), Oli Stewart (Casbah 73), Jadd (Improvisto), Mark Taylor (Blue Note), Ian Wright, Andy Lewis eta Wayne Kra.

Gauerditik aurrera Claude VonStroke-k eskainiko dau kontzertua. Claude VonStroke ezizena hartu eban Barclay Crenshaw-k 2005. urteean.  Detroit-en hazitako eta Venice Beach-en finkatutako DJ hau jantza-musikako DJ eta disko-etxeen jaube nagusietakoa bilakatu da. Deep Throat izeneko bere lehen lanak arrakasta handia izan eban eta bere arrastoa mundu osoko DJen plateretan itxi eban. Baina benetako arrakastea 12"-ko The Whistler/Who’s Afraid of Detroit? lanagaz lortu eban. Lan hori hamarkadako jantza klasikoen lan garrantzitsuetako bat izatera heldu zan eta produktore lez VonStroken ospea nabarmen handitu zan. Ordutik, VonStrokek hiru disko, nahasketen album bat eta hainbat bilduma argitaratu ditu. Azpimarratu behar da P-Funk taldeko Bootsy Collins baxu-jotzaile ospetsuagaz batera egindako lana. Dirtybird disko-etxearen jaube legez, VonStrokek Justin Martin, Julio Bashmore, Catz n Dogz, Riva Starr, Tim Green, Breach, Eats Everything, Justin Jay & Shiba San eta beste artista handi batzuen zerrenda dotorea be osotu dau. Gaur egun, Dirtybird etxeak dance underground mundua txunditzen eta erabarritzen jarraitzen dau house, funk, dirty-bass eta elektronikea modu enigmatikoan nahastauta.

Apirilaren 15eko Art After Dark saiora hurreratzen diranek Andy Warhol: Itzalak, zabaldu barri dan Louise Bourgeois. Izatearen Egiturak: Gelak erakusketaz eta Ho Tzu Nyen-en Ezagutzen ez denaren hodeia bideoinstalazinoaz gozetako aukerea izango dabe; baita Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak erakusketaz be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu