Bilboko Udalaren Ideak Martxan Lehiaketeak gazteek bultzatutako 8 ekimen saritu ditu

Bizkaie! 2016-04-13 15:41   Kulturea

Danetara, 28 ekimen aurkeztu dira lehiaketara eta sarituak aukeratzeko zenbait alderdi balorau dira: bideragarritasuna, kalidadea, barritzailea izatea edo ekimenaren eragina. Edizino honetan, Bilboko Udalak sartitutako ekimenak hainbat arlotakoak dira: poesia, musikea, ondare arkitektonikoaren zabalkuntzea, gizarte-gaien inguruko sensibilizazinoa edo jasankortasuna.

Bilboko Udalak antolatzen dauen Ideak Martxan Lehiaketearen hirugarren edizinoak badaukaz irabazleak. Ekitaldien antolakuntzako eta sorkuntza industriako profesionalek eta Gazteen gaietarako Zerbitzuko teknikariek osotutako epaimahaiak zortzi ekimen aukeratu ditu.

Proposamen bakotxak gehienez 4.000 euro jasoko ditu, eta laguntza horregaz gazteek euren gan hartuko ditue ideak aurten garatzeko gastuak. Holan, deialdiak, gazteek bultzatutako ekimen ez profesionalak sustatzen ditu.

Ideak Martxan Lehiaketearen helburua Bilboko gazteen eta gazte taldeen ekimen sortzaileak bultzatzea da, gazte horreek Bilboko gizartean eta kulturan sartu daitezan eta horreek aberasten lagundu deien. Lehiaketa horren bitartez, Gazteria eta Kirol Sailak bere laguntzinoa emon nahi dau 18 eta 35 urte arteko gazteek esperimentetako eta ikasteko aukerea izan deien, euren proiektuak garatuz kulturan (arte plastikoak, bisualak, ikus-entzunezkoak, eszenikoak, musikea, literaturea...); diseinu grafikoan (grafikoa, interaktiboa, modea...); arkitekturan, urigintzan eta ondarean; informazinoaren eta komunikazinoaren teknologietan; zientzian eta teknologian (matematikak, injinerutzea, eraginkortasun energetikoa, digitala...); barrikuntza sozialean (partaidetzea, konsumoa, osasuna, turismoa, aisia...); kirolean eta ariketa fisikoan eta kulturartekotasunean.

Danetara, 28 ekimen aurkeztu dira lehiaketara eta sarituak aukeratzeko zenbait alderdi balorau dira: bideragarritasuna, kalidadea, barritzailea izatea edo ekimenaren eragina.

Edizino honetan, Bilboko Udalak sartitutako ekimenak hainbat arlotakoak dira: poesia, musikea, ondare arkitektonikoaren zabalkuntzea, gizarte-gaien inguruko sensibilizazinoa edo jasankortasuna.


Ideak Martxan Lehiaketeak gazteek bultzatutako 8 ekimen saritu ditu:

• Spoken Word Bilbao

Adierazpen poetikoaren inguruko topagunea. Poesiagaz lotutako estaduko zenbait lekutako sei gazte batuko dira Bilborocken, hemengo poetakaz batera. Diziplina hau gazteei hurreratzea da helburua, ohiko errezitalaren kontzeptua eguneratuz, elementu barriak erabilita, besteak beste, antzerkia, perfomancea edo musikea.


• Gazteak eta Biraogileak Jaialdia

Komikietan eta bideo-jokoetan emakumeek daben presentziari buruzko jardunaldiak, BilbaoArten. Arlo horreetako sormenagaz lotutako adituen txostenak eta eztabaidak, gaur eguneko jokerei eta gazteakaz hain lotuak diran baliabide horreetako desbardintasunei buruzko hausnarketea egiteko. Komikiaren eta aisialdi interaktiboaren munduan ibilbide luzeko artistek emongo ditue tailerrak, sortzeko prozesua ikasteko eta parte bat apliketako, dokumental baten emonaldiagaz eta erakusketa bategaz osotuta.


• Arte Gaztea Festibala

Gorantz doazen artearen proposamen barriak ikusarazo nahi dira ekitaldi honetan. Artista gazteen (hasibarriak eta ezezagunak gehienak) eta publikoaren arteko topagunea, ZAWPen. Ondokoak dira barne hartzen dituan sormen artistikoaren formatuak eta diziplinak: bideomapping-a, esku-hartzeak espazioan, diziplina anitzeko sormenak, ikus-entzunezkoak, bideoartea, soinu barriak, argazkigintzea eta perfomancea.


• Solifest

Musika-jaialdi solidarioa. Egoera ahulean dagozan personakaz lotutako elikagaien gestinoari buruzko sensibilizazino-solasaldiak eta asteburu batean Bilboko lokal musikaletan (Bilborock, Satélite-T, Dock, Fever, Erribera…) eskainiko diran talde hasibarrien kontzertuak buztartuko dira. Kontzertu horreetan, sarrera legez, publikoari Elikagaien Bizkaiko Bankurako kilo bat elikagai emoteko eskatuko jake.


• Recrea

Zabor gitxiago sortzeak, barriro erabilteak eta birziklatzeak gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren arloan dauen garrantziaz herritarrak eta, batez be gazteak, sensibilizetako prestakuntza eta informazino mailako jardunaldia. ZAWPen tailerrak, arte birziklatuko obren erakusketea, sortze-lanaren zuzeneko erakustaldia eta birziklatzean oinarritutako lan artistikoen eta diseinuen azokea egingo dira.


• Gazteen Musika Festa

12-20 urteko gazteen topaketea musikearen inguruan, Dock Bilbaon. Zuzeneko emonaldiak, tailerrak eta solasaldiak egun osoan zehar. Esperientziak trukatzeko eta publikoari euren talentua erakusteko aukerea, hainbat musika-estilo barne hartuta.


• Arkitekturearen Nazinoarteko Astea

Urriko lehenengo astelehenean Arkitekturearen Munduko Eguna danez, aste osoan programauko dira jarduerak (mahai-inguruak, bisita gidatuak eraikin berezietara, tailerrak etab.). Arkitektureak eta uriak eragiten daben interesa herritarren artean suspertzea, informazinoa emotea eta egunero euren inguruan daben arkitektura eta ondarea estimaetan erakustea dira helburuak.


• Pakitxou

Formatu txikiko proposamen eszenikoak Pakidermo aretoan: mikroantzezlanak, poesia, musika-saioak, perfomanceak eta bestelako proposamen formalak eta informalak, normalean antzokietan eta jaialdietan programau ezin diranak eta artista profesionalek eta profesionalak ez diranek eskainiko dituenak zenbait saiotan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu