Ondo landutako sei kanta dakarz Eskean Kristö taldeak 'Ezkurrik onenak' diskoan

Dabi Piedra 2016-04-13 13:55   Musikea

Aurreko lanakaz alderatuta, disko helduagoa da Ezkurrik onenak (Baga-Biga), estudiora joan baino lehen ondo preparautakoa. Iraganeko talde mitikoei begira, nortasun handiko rocka dakar Arratiako boskoteak diskoko sei kantetan. Letra eta musika indartsuen bidez, lokatzetan sartzeko ikararik ez dau euki Eskean Kristök eta emoitzea, urrezko sei ezkur dirala dinoe.

Aurreko lanakaz alderatuta, disko helduagoa da Ezkurrik onenak (Baga-Biga), estudiora joan baino lehen ondo preparautakoa. Iraganeko talde mitikoei begira, nortasun handiko rocka dakar Arratiako boskoteak diskoko sei kantetan. Letra eta musika indartsuen bidez, lokatzetan sartzeko ikararik ez dau euki Eskean Kristök eta emoitzea, urrezko sei ezkur dirala dinoe.

Rockaren talde ospetsu askoren eragina dauka diskoak eta Eskean Kristök ez dau hori ezkutatzeko asmorik. Gure musikeak talde mitikoak gogora ekarten baditu, guretzat harrotasuna da, adierazo dau Pello Artabe abeslariak, gu musikariak ez eze, musikazaleak garelako. AC/DC, Black Crowes, Rolling Stones, The Doors eta beste askoren oihartzuna dago Ezkurrik onenaken.

Igaz kontzertu ugari emon zituan Eskean Kristök eta, ondoren, geldialdia egin dabe diskoa grabetako. Aspalditik euki doguz kantak eta atara egin gura izan doguz, dino Artabek. Inprobisazinoa albo batera itxita, kantak ondo landuta eroan ditue Urdulizko Tio Pete estudiora. Bost egunean grabau genduan, zuzenean. Artaberen esanetan, disko helduagoa da hau. Sei kanta baino ez dira, baina luzeak, ondo osotuak.

Kolaboratzaile ugari euki ditue oraingoan. Nabarmenena, Kokein taldeko Zaloa Urain izan da. Otso basati kantan ahotsa ipini dau Urainek eta abesti horri ikutu berezia emon deutso, Artabek azpimarratu dauenez: Euskal Herriko rock ahots onenetakoa da Zaloarena.

Bart Farrell kaliforniarra, Arratiako Luis Iruarrizaga abesbatzea eta abar be egon dira kolaboratzaileen artean. Ganera, produktore lanetan ibili da Igor Delgado eta nahasketak eta masterizazinoak Londresen egin ditu.

Ezkurrik onenak diskoko kantak zuzenean entzuteko aukerea egongo da laster. Apirilaren 16an Aiherrako jaietan joko dau Eskean Kristök eta 23an, Gasteizko gaztetxean. Hilaren 28an hitzordua daukie Bilboko Kafe Antzokian eta 30ean, Arrasateko gaztetxean. Maiatzean, Galdakaoko Gazte Egunean eta Izarrako Urkarock jaialdian izango dira.

Musika lakarra da disko barrikoa, Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpururen arabera. Bere abestiei indarra emon guran, lohietan sartzeko ikararik ez dauka Eskean Kristök. Txarrien modura dabilz lokatzetan, baina hori ez da zertan gauza txarra izan, dino Aizpuruk. Pello Artabek ganeratu dau, errebolber bateko sei balen modukoak dirala diskoko kantak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu