Asier Serrano eibartarrak irabazi dau Xabier Lete Poesia Saria
2016-04-13 11:45 KultureaAsier Serranok (Eibar, 1975) oraintsu Irun Hiria poesia lehiaketea irabazi eban Ate osteko itzalak lanagaz eta orain, barriz, Xabier Lete III. poesia saria Linbotarrak lanagaitik.
Asier Serranok (Eibar, 1975) oraintsu Irun Hiria poesia lehiaketea irabazi eban Ate osteko itzalak lanagaz eta orain, barriz, Xabier Lete III. poesia saria Linbotarrak lanagaitik. Aurreko edizinoetan Karlos Linazasorok eta Luis Gardek jaso eben saria.
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako prentsaurrekoan, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputaduak adierazo dau Xabier Leteren poesiak esanahi berezia dauela euskaldun askorentzat, haren ibilbideak bat egin ebalako belaunaldi oso batenagaz. Diputaduak gogora ekarri dau Lete euskal kulturearen eta poesiaren dibulgatzaile garrantzitsua izan zala. Itxasoren esanetan, Letek euskerazko poesia belaunaldi oso bati hurreratzea lortu eban eta horren adierazgarri da gaur emoten den saria.
Epaimahiaren arabera, irabazletzat joteko moduko zenbait lan izan dira eta azkenean 3 lan geratu dira finalista: Koma komunak, Linbotarrak eta Talaiatik begira. Eztabaida saioen ostean, barriz, epaimahaiak Serranoren Linbotarrak lana jo dau irabazletzat.
Epaimahiko kide Joxerra Gartziak azaldu dauenez, Linboaren metaforeak besterik iradoki baleike be, ez da hemen aingeru konturik. Kontu mundutarrak dira poemotan jorratutakoak, eguneroko jokabideetatik hasi eta kritika sozial eta politikorainoko esparru guztian. Askotarikoak dira irudi poetikoak, erreferentzia eta estilo desbardinetakoak, eta gehienetan agiriko loturarik barik, collage moduan buztartuak. Bestalde, ez dira gitxi poemotan agertzen diran ukutu surrealistak, eta poemategiak dezente dauka pop-etik eta poesia filosofikotik be.
Sarituak José Ramon Andaren eskultura bat jasoko dau eta 12.000 euro. Lana laster argitaratuko dau poesian espezializautako Pamiela argitaletxeak.
Asier Serrano
Idazlea, abeslaria eta letragilea da. EH Sukarra taldeko letragilea eta Lorelei taldeko abeslari eta gidari izandakoa da. Lubaki Banda literatur taldeko kide be izan da. Antzerkirako gidoiak idatzi ditu, poesiako liburuak, narrazino laburrak, eleberriak eta haur literaturea.
Argitaratutako lanak:
- Hoteleko kontuak (2001, Apokaliftin); Mari Basajaunaren eremuan (2001, Txalaparta).
- Eleberria: Eskuetan mapak (2007, Txalaparta); Erlojugilea (2009,Txalaparta); Abisalia (2014, Txalaparta)
- Poesia: Bada hiri gorri bat (1997, Elkar); Picassoren zaldia (2007, Elkar); Hiri gorritik (2010, Elkar); Desterratuen piztiarioa (2011, Alberdania).
- Diskoak: Ez esan inori (2002, Gaztelupeko Hotsak); Gerrari bai (2003, Oihuka); Hoteleko kantuak (2005, Oihuka).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!