Bizente Goikoetxea konpositorea gogoratzeko ekitaldi ugari Araban

Bizkaie! 2016-04-08 10:39   Musikea

Ehun urte beteko dira hileon Bizente Goikoetxea Aramaioko konpositorea hil zala eta, efemeridea aprobetxauta, Arabako Foru Aldundiak eta Aramaioko Udalak ekitaldi uhari antolatu ditue hurrengo hileetarako. Apirilaren 16an hasiko da egitaraua. Kontzertuak, berbaldiak, jantzea, abesbatzak eta abar egongo dira Aramaion eta Arabako beste leku batzuetan.

1854an jaio zan Aramaion Bizente Goikoetxea. Valladoliden kapera-maisu izentau eben eta hango katedralean be musikari izan zan. Eleiz musikan ekarpen baliotsua egin eban eta hainbat obra esanguratsu konposatu zituan, Europa guztian zabalduak: Miserere mei Deus, adibidez, edo Salve Regina eta Christus factus est. 1916ko apirilaren 9an hil zan, Valladoliden.

Arabako Foru Aldundiko Kultura diputadu Igone Martinez de Lunak eta Aramaioko alkate Lierni Altunak parte hartu dabe ekitaldien aurkezpenean. Arabako kultureari Goikoetxeak egindako ekarpena azpimarratu dabe.

Ekitaldiak apirilaren 16an hasiko dirala aurreratu dabe. Egun horretarako, egitarau bete-betea preparau dabe Goikoetxearen jaioterrian, Aramaion. Hari eskainitako estatuaren alboan aurreskua, bertsoak eta abesbatzen emonaldia egongo dira. Hain zuzen be, Aramaioko abesbatzearen izena Bizente Goikoetxea da, konpositorearen omenez.

Bagilaren 18an kontzertu berezia eskainiko dabe Araba koruak eta Gasteiz Cameratak. Goikoetxearen obrak abestuko ditue eta CDan grabauko dabe emonaldia. Abuztuan organu kontzertua egongo da. Irailean Gasteizen eta urrian Amurrion, abesbatzen emonaldiak eratu ditue.

Urrian, Aramaion, mahai-ingurua egongo da eta Bizente Goikoetxeari buruzko liburua aurkeztuko dau Josemari Velez de Mendizabalek. Herrian konpositorearen omenez dagoan estatua barritzeko asmoa be badago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu