Inkisizinoak Durangon 1500ean zabaldutako prozesua liburu baten batu dau Ander Berrojalbizek

Dabi Piedra 2016-04-07 14:19

Jarrera heretikoa eukelakoan, 40 bat lagun epaitu zituen 1500. urtean Durangon eta gitxienez hamaika erreta hil zituen. Bizkaiko historiaren une hori ahaztuta eta ondo ikertu barik egon dala ikusita, Ander Berrojalbizek artxiboetara jo dau. Emoitzea, Los herejes del Amboto liburua da, Pamiela argitaletxeagaz eta Durangoko Arte eta Historia Museoagaz alkarlanean argitaratua.

Jarrera heretikoa eukelakoan, 40 bat lagun epaitu zituen 1500. urtean Durangon eta gitxienez hamaika erreta hil zituen. Bizkaiko historiaren une hori ahaztuta eta ondo ikertu barik egon dala ikusita, Ander Berrojalbizek artxiboetara jo dau. Emoitzea, Los herejes del Amboto liburua da, Pamiela argitaletxeagaz eta Durangoko Arte eta Historia Museoagaz alkarlanean argitaratua.

1500eko jazoerak ez dira oso ezagunak eta historialariek be azaletik baino ez ditue aztertu orain arte. Berrojalbizen lanean, ostera, zehaztasun handiagoz jaso da Inkisizinoak hasitako prozesua. Historia hau ez da bape ezaguna, ezta Durangon be, dino autoreak, jokerea egon da sasoi haretako kontuak arinkeriaz aztertzeko.

Ez da, baina, kontu arina, Durangon 1500ean gertatutakoa. Ofizio Santuaren edo Inkisizinoaren auzitegiaren sail bat Durangora joan zan, hango praktika heretiko batzuk ikertzeko. Inkisidoreen artean durangar bat egoala dino Berrojalbizek, bere herrikideak auzipetu zituan.

Guztira, Durango eta inguruko 40 lagun inguru, gehienak emakumeak, epaitu zituen. Gehienek zigorren bat jaso eben. Gitxienez hamaika erreta hil zituen eta ordurako hilda egozan beste zazpi andraren gorpuak lurretik atara eta erre egin zituen.

Lehenago be, 1440 inguruan, antzeko beste prozesu bat egon zan Durangon. Ezagunagoa da lehenagoko gertakari hori eta horri buruzko aitamenak irakurtzen egoala euki eban Berrojalbizek 1500ekoaren barri. Izan be, musikari eta irakasle izateaz gan, Durangoko historian interes handia dauka Berrojalbizek. Arakatzen hasi eta ahaztutako historia bat topau eban.

Madrilen eta Bilbon, antxinako agiriak eta orduko kronikagileek idatzitako testuak bilatzen eta aztertzen ibili da Berrojalbiz, hasikeran jakinmin hutsez, ondoren liburua idazteko asmoz. Sekula argitaratu bako datu asko topau dodaz, azaldu dau. Besteak beste, auzipetuen izen-abizenak eta Inkisizinoak Durangora bialdu eban taldekoen datuak batu ahal izan ditu.

Enigma batzuk argitu dodaz, dino Berrojalbizek. Besteak beste, auzipetuei zergatik deitu eutsien luterano. Izan be, luterano berbea sortu barik egoan 1500ean, Luterok bere erreformea 1516an abiatu eban ezkero. 16. mendeko agiri baten luterano deitu eutsien Durangokoei eta, orain arte uste izan danaren kontra, hori ez dala huts bat konturatu da Berrojalbiz. Misterio horren erantzuna dakar liburuak eta autoreak berau irakurtzera animau ditu historiazaleak, erantzuna ezagutzeko.

Izenburua, Los herejes de Amboto, 16. mendeko idatzietan oinarrituta aukeratu dau Berrojalbizek, holan deitu eutsielako agiriren baten. Sasoi haretako dokumentuak ikusita, ganera, garbi dago Inkisizinoak ostera asko egin zituala Durangora. 1440koaren eta 1500ekoaren ostean, 1508an beste prozesu bat egon zan. Hori hobeto ikertzea eta, beharbada, beste liburu bat idaztea buruan darabil Berrojalbizek.

Euskal Herrian beti izan dogu interesa mobimentu disidenteetan eta 1500eko auzipetuak orduko disidenteak ziran, duda barik, dino Berrojalbizek, Ganera, auzipetuen abizen asko oraindino ohikoak dira Durangon eta horrek be interesa biztuko dau.

Liburuak badaukala memoria berreskuratzeko zeregina ganeratu dau autoreak. Interesa daukan edozeinek irakurtzeko moduko liburua da. Durangoko Arte eta Historia Museoko Mª Jose Balierrek azpimarratu dauenez, lan atsegina da eta aldi berean zehatza, maila zientifikoa dauka.

Hain zuzen be, Durangoko Arte eta Historia Museoak gaiari buruzko erakusketea zabalduko dau apirilaren 8an. Maiatzaren 29ra arte, 1500eko prozesuagaz lotutako agiri originalak, faksimileak, grabaduak eta beste datu asko ikusi ahal izango dira. Berrojalbizen esanetan, gertatutakoa jenteari hurreratzeko beste modu bat da erakusketea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu