'Hurbildu zaitez Punta Begoñara' erakusketeak galerien bilakaera historikoa nabarmenduko dau

Bizkaie! 2016-04-07 12:54   Kulturea

Ricardo Bastida y Bilbao arkitektoak diseinau eban eraikuntzea, Horacio Echevarrieta industria-gizonaren enkarguz eta erakusketeak monumentuaren historia azalduko dau 1918. urtean hasita egun arte. Labarra eusteko horma lez sortu eben baina ondoren beste erabilera batzuk izan zituan eraikinak; berbarako, Gerra Zibilean Errepublikako ospitalea izan zan, baita aginte-italiarraren kuartel nagusia be.

Gaur, apirilaren 7an, hasi eta hilaren 29ra arte, Algortako Torrene Aretoak Hurbildu zaitez Punta Begoñara erakusketea hartuko dau, Getxoko eraikuntza ezagunaren balio nabarmentzearen proiektuaren inguruan, hain zuzen be. Neurri handiko horma-irudien, eskala naturalean eginiko erreprodukzinoen eta panelen bitartez, erakusketeak ekimena hurreratuko deutse bisitariei. Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibersidadeak bultzatu dabe proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak lagunduta.

Erakusketearen abiapuntua galerien bilakaera historikoa da. Ricardo Bastida y Bilbao arkitektoak diseinau eban eraikuntzea, Horacio Echevarrieta industria-gizonaren enkarguz eta erakusketeak monumentuaren historia azalduko dau 1918. urtean hasita egun arte. Labarra eusteko horma lez sortu eben baina ondoren beste erabilera batzuk izan zituan eraikinak; berbarako, Gerra Zibilean Errepublikako ospitalea izan zan, baita aginte-italiarraren kuartel nagusia be. Gerra-ondoko garaian, barriz, Gizarte Laguntzaren egoitza bilakatu zan. Era berean, erakusketan hotela egiteko huts egin eban proiektuaren barri eta baita galerian balio nabarmentzearen proiektuaren barri emon da.

Panelen bitartez ezagutu ahal izango da galerien egoerea proiektua abian jarri aurretik, eginiko ikerlan sakonak, EHUko profesional eta ikasleen ikerkuntza zientifikoa, eraikinean eginiko lehenengo esku-hartzeak eta memoria historikoa berreskuratzeko artxibo eta dokumentazino lana, besteak beste. Erakusketara pieza zaharbarrituen eskala naturaleko argazki-erreprodukzinoak be batu ditue, esaterako, zutabeak, ateburuak eta zeramikak.

 
Proiektua

Punta Begoñako galeriak Euskadiko XX. mendeko hasierako euskal eraikuntza esanguratsuenetakoak dira, erabilera bitxiagaitik, kokapen bereziagaitik eta eregiteko erabili eben teknologiagaitik. Eraikinaren garrantzia eta degradazino-egoerea dirala eta, Getxoko udalak eta EHUk lankidetza-hitzarmena sinatu dabe. Horren bitartez, monumentua berreskuratu nahi da, zerbitzu publikoa eta herritarren parte-hartzea kontuan hartzen dituan ikerketa eta egikaritze prozesuari jarraituta.

Danetara, Unibersidadeko bost ikerkuntza-talde dabiz proiektuan udaleko adituakaz, galeriak berreskuratzeko asmoz, diziplinarteko tratamenduagaz. EHU proiektuko aholku organoa da eta horren barruan dagozan ekintza guztiak zuzentzen ditu. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak be parte hartzen dabe ekimenean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu