Betiko indarrari eutsita, aldaketea bilatu dau Doctor Deseok disko barrian
2016-04-06 15:01 MusikeaIgual y diferente. Una mirada distinta lanean (Baga-Biga), ohiko CDagaz batera, DVDa eta liburua topauko ditue zaleek. Izenburuak dinoan legez, beste ikuspegi batetik begiratu nahi izan deutso Doctor Deseok musikeari eta bizitzeari. Hortaz, taldearen ezaugarri nagusiei uko egin barik, estilo eta irudi barriak aztertu nahi izan ditue.
Igual y diferente. Una mirada distinta lanean (Baga-Biga), ohiko CDagaz batera, DVDa eta liburua topauko ditue zaleek (CDa baino ez dakarren digipack-a be atarako dabe). Izenburuak dinoan legez, beste ikuspegi batetik begiratu nahi izan deutso Doctor Deseok musikeari eta bizitzeari. Hortaz, taldearen ezaugarri nagusiei uko egin barik, estilo eta irudi barriak aztertu nahi izan ditue.
Areetan, Bizkaiko Zubiaren zutabeetako batetik esegita agertu da Francis Diez Doctor Deseoko abeslaria diskoaren aurkezpeneko ekitaldira. Sensazino barriak topeteko gogoa eta taldeak berezkoa dauen kemena irudikatu ditu modu horretara. Urte bikoitietan diskoa plazaratzeko ohiturea dauka Doctor Deseok eta aurten be, taldea sortu eta ia 30 urtera, ez dabe hutsik egin.
CDan zortzi abesti barri sartu ditue, tartean Una mirada distinta kantearen bersino bi, arrunta eta instrumentala. Disko guztietan legez, euskerazko kanta bat be badago, Gustatzen zaigulako, Marta Ortizen letreagaz.
DVDan, kontzertu bitako irudiak batu ditu Doctor Deseok: Bilboko Aste Nagusian Astondoa pirotekniaren laguntzinoagaz emondakoa eta Lekeitioko Konpainiako eleizan lagun baten omenez jotakoa. Liburuan, lehengo eta oraingo irudiak batu ditue.
Diskoan batu nahi izan daben begirada barria, gizartean jazoten dagozan aldaketen oihartzuna dala azaldu dau Francis Diezek: Aldaketa sasoian gagoz, emozinoak adierazoteko beste bide batzuk agertu dira, balore barriak dagoz gizartean, akaso femeninoagoak.
Aldaketetarako gogo hori diskoaren diseinuan, letretan eta musikan sartu nahi izan dabe. Doctor Deseoren zaleek taldearen betiko estiloko piezak topauko ditue, baina hip-hopeko oinarri batzuk be badagoz oraingoan eta erritmo barriak probau ditue. Ahotsei jagokenez, Diezegaz batera, koruak egin ditu Maider Legarreta gazteak Una mirada distinta kantan.
Azaletik bertatik hasita, zinemeari erreferentzia ugari egiten deutsaz Igual y diferente. Una mirada distinta diskoak. 1920 eta 30eko hamarkadetako aktore Louise Brooks agiri da azalean. Diezek nabarmendu dau, Brooksek bere sasoirako oso pentsakera aurreratua eukala, musikan eta zineman bide barriak zabaldu zituan.
Diskoari hasikera indartsua emon nahi izan deutso Doctor Deseok. Ennio Morriconeren zinemako soinu-banden antzeko doinuak entzuten dira lehenengo, orkestrearen bidez giro epikoa sortzeko. Epikotasuna eta jarrera makarra bilatu dituela dino Diezek.
Hurrengo abestietan, esplorazinora jo dabela azaldu dau Diezek. Orain arte Doctor Deseok gitxi landutako estiloak probau ditue. Ganera, abesti guztietan zinemeari keinuak egiten deutsezan erreferentziak sartu dituela dino Diezek. Aldaketearen kontzeptuaz gogoetea egin dabe hainbat letratan: Askotan aldatzeko edo aurrera egiteko arazoak izaten ditu gizakiak, sarri kolpe gogorrek laguntzen deutsie aldaketak egiten.
Musikariek edo artistek aldatzen joan behar dabela uste dabe Doctor Deseokoek, garapen bat euki behar dabela ibilbidean aurrera egin ahala. Hori bilatu dabe disko barrian eta asko landu dabela ziurtatu dabe. Marcel Proustek esan eban, aurkikuntzearen benetako bidaia ez dala paisaje barriak ikustea, begiratzen jakitea baino, adierazo dau Diezek.
Lan barria argitaratu eta berehala, zuzenekoei ekingo deutsie. Apirilaren 9an Durangon joko dau Doctor Deseok, Plateruenan. Hilaren 16an Iruñean izango dira, Donostian be pare bat kontzertu berbatuta daukiez eta maiatzaren 6an eta 7an Bilboko Kafe Antzokian joko dabe. Euskal Herritik kanpo be ibiliko dira. Zuzenekoetan dan-dana emongo dogu, aurreratu dau Diezek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!