2016ko 'Auzolandegiak' programan izena emoteko epea zabalik dagoeneko
2016-04-06 12:34 KultureaEusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzeak Auzolandegiak programan izena emoteko epea zabaldu dau gaur, apirilak 6, eta holan egongo da apirilaren 12ra arte. Aurten 602 plaza eskaintzen ditu Euskadik (igaz baino 125 plaza gehiago): horreetatik 360 Euskadiko auzolandegietan izango dira; 150 Estaduko ganerako Autonomia Erkidegoetan, eta 92 atzerrian, Europa, Afrika, Asia eta Amerikako herrialdeetan.
Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzeak Auzolandegiak programan izena emoteko epea zabaldu dau gaur, apirilak 6, eta holan egongo da apirilaren 12ra arte. Aurten 602 plaza eskaintzen ditu Euskadik (igaz baino 125 plaza gehiago): horreetatik 360 Euskadiko auzolandegietan izango dira; 150 Estaduko ganerako Autonomia Erkidegoetan, eta 92 atzerrian, Europa, Afrika, Asia eta Amerikako herrialdeetan.
Programan izena emon ahal izango dabe, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldauta dagozan 18 eta 26 urte bitarteko gazteek. Nazinoarteko auzolandegietan parte hartu nahi daben gazteek, ganera, ingelesa ondo jakin beharko dabe, ahoz behintzat. Programan parte hartzeko aukeratuak izaten diran gazteek (notario aurreko zozketa bidez egingo da hautaketea) 110 euroko kuotea ordaindu beharko dabe. Izena emotea www.gazteaukera.euskadi.eus atarian egin ahal izango da, eta eskaera bakarra onartuko da personako. Izena emoteko momentuan gazteek ez dabe oraindino helburu izango daben auzolandegia edo herrialdea aukeratzen, ez lehentasunik azaltzen. Izena emon besterik ez dabe egiten.
Auzolandegiak programan parte hartzen dabenek, oro har, lauzpabost orduz egiten dabe lan astegunetan, goizez. Era berean, auzolandegi gehienetan urteera kulturalak be egiten dira, astegoienetan. Programeak ostatua, mantenua, asegurua eta aisia-jarduerak hartzen ditu barne.
Zer da auzolandegi bat?
Auzolandegietan leku askotako gazteak batzen dira, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso barik, aldi batez alkarrekin biziteko eta gazteak hartzen dituan komunidadearentzat onuragarria dan proiektu batean —eta jarduera osogarrietan— parte hartzeko asmotan. Proiektuan parte-hartzea balio jakin batzuk (alkarbizitea, tolerantzia, alkartasuna, parte- hartzea, kultura aniztasunean heztea, etab.) sustatzeko bide bat da. Aldi berean, mundu zabaleko herrien izakerak eta kulturak ezagutzeko bidea be eskaintzen dabe auzolandegiek.
Lan-muetearen arabera, era askotako auzolandegiak dagoz. Ondokoak dira, besteak beste, auzolandegien lan-arloak: arkeologia; ingurumena; artea eta sormena; nekazaritzea; kultura-ondarea berreskuratzea; ondare arkitektonikoa berreskuratzea; gizarte arloa: urritasuna daben personakaz, umeakaz nahiz edadekoakaz lan egitea; komunikazino arloa; edo festibalak antolatzea.
Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzeak 31 urte daroaz programa hau antolatzen. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko udalen eta irabazi-asmorik bako erakunde pribatuen lankidetzea izaten dau. Bestalde, ganerako Autonomia Erkidegoakaz, Espainiako Gazteriaren Institutuagaz eta atzerriko beste erakunde batzuekaz koordinauta, plazak trukatzen dira, gure gazteek atzerrian edo beste erkidego batean lan egin deien.
2016ko Auzolandegiak programako plazak
Euskadik hamar auzolandegi antolatuko ditu aurten, hiru lurraldeetan banaturik eta eskaintza zabala emonez. Auzolandegi bakotxak 14 egun arteko bi txanda izango ditu, Bergarakoa eta Elgoibarkoa izan ezik, horreek txanda bakarrekoak izango baitira.
Euskadin: 360 plaza (horreetatik 96 plaza Euskadiko gazteentzat).
Esparrua: nazinoartekoak (18-26 urte/ingelesez):
• Gesaltza-Añana (Araba): Añanako Gatz Haranaren berreskurapena eta mantentze-lanak (ondare berreskuratzea eta ingurumena). Egunak: garagarrilak 18 - abuztuak 1 eta abuztuak 1-15. Plaza-kopurua, 20 txandako.
• Busturialdea (Bizkaia): Kulturak eta naturak ingelesez egiten dute Busturialdean (gazteen dinamizazinoa). Egunak: garagarrilak 4-18 eta garagarrilak 18 – abuztuak 1. Plaza-kopurua, 20 txandako.
• Lemoa (Bizkaia): Memoria historikoa. Gerra Zibila Lemoatxen (arkeologia eta ondare berreskuratzea). Egunak: garagarrilak 18 - abuztuak 1 eta abuztuak 1-15. Plaza-kopurua, 20 txandako.
Esparrua: Estadukoak (18-26 urte)
• Agurain (Araba): Pedroko Hezegunearen eta Aguraingo ingurune berdearen berreskurapena, garbiketa eta errebalorizazioa (Ondare naturalaren konserbazinoa). Egunak: garagarrilak 4-18 eta garagarrilak 18 – abuztuak 1. Plaza- kopurua, 20 txandako.
• Maeztu (Araba): Indusketa lanak Korres asfaltoen fabrika zaharrean (Arkeologia eta ondare berreskuratzea). Egunak: garagarrilak 4-18 eta garagarrilak 18 – abuztuak 1. Plaza-kopurua, 20 txandako.
• Galdames (Bizkaia): Antonio Trueba ingurunean San Gines bidea egokitzea (ondare berreskuratzea). Egunak: garagarrilak 18 - abuztuak 1 eta abuztuak 1-15. Plaza-kopurua, 20 txandako.
• Lekeitio (Bizkaia): Hirugarren adinekoentzako animazinoa Uribarren Abaroa egoitzan (edadekoen gizarte-dinamizazinoa). Egunak: garagarrilak 18 - abuztuak 1 eta abuztuak 1-15. Plaza-kopurua, 20 txandako.
• Bergara (Gipuzkoa): Belaunaldi arteko trukaketa Mizpirualde egoitzan (edadekoen gizarte-dinamizazinoa). Egunak: garagarrilak 4-18. Plaza-kopurua: 20.
• Elgoibar (Gipuzkoa): Hormen egokitzapena grafiti teknikak erabiliz. Mendi bideetako seinaleen hobekuntzea (Ondare berreskuratzea eta ingurumena). Egunak: garagarrilak 4-18. Plaza-kopurua: 20.
• Urretxu (Gipuzkoa): Irimo proiektuaren barne Sarralde eraikuntzearen egokitzapena (Ondare berreskuratzea). Egunak: garagarrilak 18 - abuztuak 1 eta abuztuak 1-15. Plaza-kopurua, 20 txandako.
Estaduan
Danetara, 150 plaza eskainiko dira, honako autonomia-erkidegoetan: Andaluzia, Aragoi, Balear Uharteak, Kanariar Uharteak, Kantabria, Gaztela Mantxa, Gaztela eta Leoi, Katalunia, Ceuta, Extremadura, Galizia, Errioxa, Madril, Melilla, Murtzia eta Valentziako Erkidegoan.
Atzerrian
92 plaza eskainiko dira Europan, Afrikan, Asian eta Amerikan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!