Apirilaren 3an, ate edegiak Bizkaiko Arkeologi Museoaren 7. urteurrena ospatzeko
2016-04-01 14:27 KultureaDatorren domekan, apirilaren 3an, zazpigarren urteurrena beteko dau Arkeologi Museoak eta urteurrena ospatzeko, ate edegien jardunaldi bat antolatu dau; era horretara, bisitariek aukerea izango dabe Apain-mahaiko istorioak: kosmetika eta edertasuna antxinatean aldi baterako erakusketea ikusteko eta gogoan izan egun horretan bertan zarratuko dala erakusketea.
Datorren domekan, apirilaren 3an, zazpigarren urteurrena beteko dau Arkeologi Museoak eta urteurrena ospatzeko, ate edegien jardunaldi bat antolatu dau; era horretara, bisitariek aukerea izango dabe Apain-mahaiko istorioak: kosmetika eta edertasuna antxinatean aldi baterako erakusketea ikusteko eta gogoan izan egun horretan bertan zarratuko dala erakusketea, hiru hilebetean publikoak oso harrera ona egin ondoren.
Erakusketeak iraganera bidaiatzera konbidatzen gaitu, gure lurraldean ikusten gatxak diran aparteko pieza arkeologiko batzuen bidez, gizon zein emakumeek antxina ze teknika erabilten zituen ezagutzeko euren irudia hobetzeko, euren burua apaindu, orraztu eta zaintzeko edo posizino soziala erakusteko. Danetara, 170 pieza baino gehiago dira, edertasun eta adierazpen-indar handikoak; euren jatorria ahaztu ezin dogun legatu kultural bat itxi euskuen antxinako zibilizazinoak dira (zibilizazino erromatarra eta grekoa).
Era berean, hilaren 3an, Bolinkobako lepokoa erakusketea be amaituko da. Museoa piezaz pieza programearen testuinguruan kokatu behar da, izan be, programearen helburua da normalean museoaren biltegian gordeta dagozan materialak ezagutarazotea. Abadiñoko Bolinkoba leizean 30.000-10.000 urte bitartean bizi izan ziran arbasoek erabilitako apaingarri bat da. Kostaldetik garraiatuko maskorrez egina da; gero, maskor horiek zulotu eta kateau zituen apaingarri personal lez erabilteko.
Bilboko Arkeologi Museoaren zazpi urteen balantzea
Bizkaiko Arkeologi Museoa Bizkaiko arkeologiaren erreferentzia-zentroa da, bai eta Lurraldeko kultura materialaren artxiboa. Gaur egun, 883 bilduma ditu, Lurralde Historikoko aztarnategietan topautako material arkeologikoez osotuak. Bilduma horreetako pieza batzuk orain dala 300.000 urtekoak dira. Funtsak urtero gehitzen dira, esku-hartze arkeologiko barriak egin ahala. Adibidez, 2015ean, 32 bilduma gehitu dira museoaren ondarean; zenbait koba, kastro, erromatarren herri, gaztelu eta burdinolatan egindako indusketa arkeologikoen emoitza dira. Pieza barrien artean, azpimarratu beharrekoak dira honako honeek: Arlanpe (Dima) kobako hatx batean grabautako venus bat, Barrikako bifazeak, Argiñetako (Elorrio) beirazko edalontzia edo Ereñozar gazteluko (Ereño) ezproi urreztatuak.
Museoaren liburuak
Ateak zabaldu zituanetik pasau diran 7 urteetan museoak egin dituan ikerketen barri emoteko, Museoaren gidak izeneko bilduma bat dago, bi liburukiz osotua; lehenengoa erreferentzia-erakusketako piezei buruzkoa da; bigarrena, barriz, Paleolitikoari buruzkoa. Bestalde, Arkeologi Museoaren Koadernoen bidez, Euskal Herriko arkeologiaren gaur egungo gaiak hurreratzen jakez adituak izan barik gaian interesa daben personei. Orain arte, zazpi zenbaki argitaratu dira, besteak beste, historiaurreko artea, zeramikea, historiaurreko faunea, eta antropologia historia ezagutzeko metodo legez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!