Indian, osasuna errobera ganean (eta II)
2016-03-31 15:47 BidaideNew Delhi, Indiako uriburuan osasunaren egoerea ez da Thindlu lako baserri giroko urietakoa baino askoz hobea, izan be, auzo behartsuenetako batzuetan Sahara azpiko Afrikan baino okerragoak dira baldintzak.
New Delhi, Indiako uriburuan osasunaren egoerea ez da Thindlu lako baserri giroko urietakoa baino askoz hobea, izan be, auzo behartsuenetako batzuetan Sahara azpiko Afrikan baino okerragoak dira baldintzak. Herrialdeko pobreen % 25 urietan pilatu arren, lehen mailako osasun zentro oso gitxi dagoz, % 4, hain zuzen be. Beraz, sarritan ospitaleak hur egon arren, Smile on Wheels autobusak behar-beharrezkoak dira. Pobrezia gorriaren eta osasun sistemearen baliabideen barri ez izanaren eraginez, urietan baserri giroan baino larriagoak izaten dira arazoak adierazo dau Rupesh Daravi medikuak. Egunean ehun paziente inguru izaten ditu eta kasuak oso larriak izaten dira askotan. Desnutrizino arazoak, arnasketa zein bihotzeko arazoak larriagoak dira urietan.
Medikuak esandakoen erakusgarri, aireportuaren ondoko txabolagune erraldoian milaka lagun bizi dira egoera negargarrian eta hortik oso hur herrialdeko aberats barrientzako torreak eregiten dagoz. XXI. mendeko miraria, kotraesana. Orain edozeinek egin leike hegaz lemea idatzita daroen hegazkinak lurra hartzeko pistearen bila dabiz eta bien bitartean, Smile on Wheels autobuseko beharginek ordu estrak egin behar izaten ditue iladan pilatutako lagun guztiak jagoteko. Inguruetan ez dago hautsa eta zaborra baino eta biluzik dabizan umeak, ahuntzak eta txarriak hara eta hona dabiz korrika. Ospitalera ez gara joaten karua dalako. Medikura autobusa hona datorrenean baino ez gara joaten autortu dau kalenturea dauen ume baten amak.
Thindlu aldera joaten dan ibilgailuagaz konparauta, Daravi medikuarenak tresneria aurreratuagoa eta odol eta gernu analisiak egiteko laborategia daukaz; ganera, zehaztasun handiegirik emoten ez dauen arren, X izpien makina bat be badauka eta gaixoen jarraipena egitea errazagoa izaten da, izan be, astean baten baino gehiagotan hurreratzen da errobera ganeko autobusa. Gaixo bakotxak bere fitxea dauka eta medikuek zorrotz aztertzen ditue gorabehera guztiak. Era berean, beharrizan edo premina handienak non dagozan zehaztea be posible da aitatu jarraipenari esker. Aurrerago, datu horreek guztiak tokian tokiko agintariei helarazoten deutsiez.
Ohikoa dan legez, nora joan erabagi aurretik lekuan lekuko beharrizanen barri izateko azterketa lan zehatza egiten dogu. Sarritan herritarrak eurak hurreratzen jakuz zerbitzua eskatzeko jakinarazo dau Sayani Bhatthacharya and.ak, Smile Fundazinoko komunikazino arduradunak. Normalean Indiako zein nazinoarteko erakundeek babesten ditue aitatu autobusen ibilerak. 227 herrixka eta urietako 97 bat auzotara heltzen gara baina gure asmoa ez da osasun sistema publikoa ordezkatzea, osotzea baino zehaztu dau Sayani Bhatthacharyak.
Autobus bakotxean mediku, laborategiko teknikari, erizain, koordinatzaile eta inguruaren aztertzaile bana egoten da; azken horrek etxez-etxeko ibilbidea egiten dau autobusaren barri emon, egoerea hurretik ezagutu eta autobusean egin daitekezan lanen osogarri diran hezkuntza programak abiarazoten dituana. Hezkuntza programa horreek sarritan antzerki saio laburrak izaten dira gitxieneko garbitasunerako zein edan aurretik ura irakiten jarteko aholkuak zabaltzeko; beste neurri batzuk, barriz, teknikoagoak dira eta malaria, anemia eta hiesari aurre egitekoak izan daitekez.
Prebentzinoa osatzea baino hobea da esaera zaharra ezaguna da munduan eta, esangura horretan, gure ikasketa programak beren-beregi gogoan hartzen ditu amak eta baserri giroko emaginak adierazo deusku Nirupama Navamani medikuak. Izan be, lekutako gaixo eta umedunek ezagutza medikurik bako petrikiloakana joaten dira eta superstizino zein edabe magikoak tarteko dirala, gehienetan egoereak okerrera egiten dau. Oro har, arazo nagusiena izaten da benetako mediku baten aholkua berandu jasoten dauela gaixoak zehaztu dau medikuak. Eta frustrazino handia izaten da ikustea kasu larriak erraz osatzeko modua egoten dala sasoiz jokatu ezkero.
Zoritxarrez, baserri giroetatik urira joateko jokerea upealakoa da eta horrek eraginda herrialdeko osasun-estadistikak ez dira onak. Pare bat hamarkadatan nekazarien % 10 inguruk lurrak baztertu eta urietara jo dabe baina uriguneetako osasun-azpiegiturak elitearentzako baino ez dira hobetu kritikau dau Smile Fundazinoko Pradip Bastiak. Narendra Modi lehen ministroaren gobernuaren ahaleginak gorabehera, argi dago egoerea ez dala egun batetik bestera hobera aldatuko herritar gehienentzako; beraz, gurea lako zubiak eregitea oso garrantzitsua da jenteak gitxieneko baldintza duinak izan daizan.
Oraingoz, Thindlu herrian eta Delhiko auzoetan lan asko dago egiteko. Smile Fundazinoaren autobusetan jente asko pilatzen da eta desnutrizino arazoak dituen umeak gehiegi dira, Indiako mirari ekonomikoaren erdian eta beste behin, argi ikusten da zuzentasuna eta garapen bidea ez datozela bat. Horregaitik, aitatu programako arduradunek adierazo dabenez, helburua gehiago da osasun demokratikoa eta, esangura horretan, hezkuntza tailerretan gehien nabarmentzen dana Indiako legerira batutako eskubideen gaia izaten da. Ongizate maila handiagoa eta gitxieneko osasun zerbitzuak eskatuko dituen herritarrak mobilizetea lortu behar dogu azaldu dau Sayani Bhatthacharyakak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!