Martxan da 'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoa, 50 herritan
2016-03-30 10:31 KultureaIrakurzaletasuna bultzatzeko sortu eban Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, gozatu eta oparitu eta dagoeneko 10. edizinoa beteko dau. Apirilaren 1etik maiatzaren 31ra egingo dabe, Euskal Herriko 50 herritan. Udalak, liburutegiak eta liburu-dendak alkarlanean ibiliko dira, Topaguneagaz batera, euskerazko liburuak publikoari hurreratzeko lanean.
Irakurzaletasuna bultzatzeko sortu eban Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, gozatu eta oparitu eta dagoeneko 10. edizinoa beteko dau. Apirilaren 1etik maiatzaren 31ra egingo dabe, Euskal Herriko 50 herritan. Udalak, liburutegiak eta liburu-dendak alkarlanean ibiliko dira, Topaguneagaz batera, euskerazko liburuak publikoari hurreratzeko lanean.
Euskeraz irakurtzearen alderdi atsegina azpimarratu eta liburutegi publikoen baliabideak erakusteko asmoz sortu dabe Irakurri, gozatu eta oparitu. Funtzionamendu errazeko ekimena da, hiru pausu emon behar dira: Liburutegiko liburu bat irakurri, fitxa bat bete eta horren truke jasotako bonoari esker, lagun edo senide bati beste liburu bat oparitu. Bonoari esker, % 35 merkeago erosi leitekez euskerazko liburuak.
Topagunearen bidez, herrietako euskera alkarteek antolatzen dabe kanpainea, udalen laguntzinoagaz. Aurten, 50 herritara helduko da Irakurri, gozatu eta oparitu, igaz baino bederatzi gehiagotara. Apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean egingo dabe kanpainea, eta erosketa-bonoak erabilteko aukerea bagilaren 11ra arte egongo da.
Egitasmoak aurten ekarriko dauen barrikuntza nabarmenena, Patxi Zubizarretaren gomendioen zerrendea da. Idazleak 50 liburuko zerrendea osotu dau, edadeka bost moltsotan banatuta. Holan, kanpainan parte hartzen dabenek erreferentzia bat eukiko dabe, ze liburu aukeratu ez badakie. Topaketak, irakurraldiak eta abar antolatzeko asmoa be badago.
Aurreko bederatzi edizinoetan ikusi ahal izan danez, liburutegi publikoetan igarri egiten da kanpainea martxan dagoala, maileguek gora egiten dabelako. Topagunearen esanetan, liburuen salmentan be igartzen da eragina.
Honeek dira parte hartzen daben udalerriak:
Araba: Agurain, Aramaio, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia.
Bizkaia: Atxondo, Balmaseda, Derio, Ermua, Gernika-Lumo, Getxo, Igorre, Larrabetzu, Lemoa, Mañaria, Muskiz, Ondarroa, Otxandio, Zaldibar eta Zamudio.
Gipuzkoa: Lazkao, Legazpi, Mutriku, Soraluze, Oñati, Ordizia, Orio eta Zaldibia.
Nafarroa: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Basaburua, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Uharte, Urdiain eta Zizur Nagusia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!