Julita Berrojalbiz kalea gaur inaugurau dabe
2016-03-22 10:20 KultureaJuan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Isabel Andia Berrojalbizen alabeak desestali dabe plakea. Era horretara, Julita Berrojalbiz kalea inaugurau dabe, Bilbo eta Bizkaiko ikastolen aldeko mobimentua bultzatu eta Lauro Ikastolea sortu eban andereño historikoaren omenez.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Isabel Andia Berrojalbizen alabeak desestali dabe plakea. Era horretara, Julita Berrojalbiz kalea inaugurau dabe, Bilbo eta Bizkaiko ikastolen aldeko mobimentua bultzatu eta Lauro Ikastolea sortu eban andereño historikoaren omenez.
Ekitaldia goizeko 10:30ean izan da eta Udaleko ordezkari eta Berrojalbizen senideez gan, kaleari Berrojalbizen izena emoteko proposamena sustatu eben Euskaltzaindiko eta Lauro Ikastolako kideak izan dira. Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana idazkaria izan dira ekitaldian. Lauro ikastolako kideak, Udal taldeetako ordezkariak eta Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea be ondoan izan dira.
Kalea Bilboko Alde Zaharrean, Mallonako galtzaden ondoan dago eta orain arte Aita Remegio Vilariño izena izan dau. Euskaltzaindiak eta Laurok eginiko proposamenak herritar askoren babesa izan eban. Udalak berak jakinarazo ebanez, proponidutako izenen artean, herritarrei gehien gustau jaken izena Julita Berrojalbiz izan zan, 235 lagunek aukeratuta.
Aurten bete dira 50 urte Lauro ikastolea legeztatu zanetik (orduan Resurección María Azkue Ikastolea eban izena). Eskariak gogoan dau: Estaduan euskeraz erakusteko baimena -hizkuntza ofiziala ez zan beste hizkuntza batean be erakusteko baimena- lortu eban lehen ikastetxea izan zan Resurección María Azkue Ikastolea. Hori lortzeko, Alfontso Irigoien Euskaltzaindiko orduko idazkariak, bai eta Julita Berrojalbizek be hainbat gestino egin behar izan zituen Espainiako Hezkuntza Ministerioan; ahalegin horretan Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoa be izan eben.
Lauroko aitzindariak gogoan
Jondako zezeilaren 23an, Bilboko Arte Eder Museoan eginiko ekitaldian ikastolearen sortzaileak omendu zituen. Ondoren, Bilboko Elkano kalean 1966. urtean ikastolea kokatu zan etxeko atarian plaka bat bistaratu eben.
Euskaltzaindiak eta Lauro ikastoleak sinatutako eskarian azaltzen danez, Julita, Ikastolearen sortzaile eta zuzendari izateaz gan, inguruan sortu ziran beste ikastolen laguntzaile eta bultzatzaile be izan zan, besteak beste, Algortako San Nikolas, Deustuko ikastolea, Artxandapeko Ikastolea, Portugaleteko Astileku, Lekeitioko Resurrección Maria de Azkue, Markinako Zerutxo, Santutxuko Karmelo, Bermeoko Eleizalde eta abar. Euskaltzaindiak, urte gogor eta ilunetan eginiko lana autortu guran, euskaltzain urgazlea izentau eban 1967an, eta ohorezko euskaltzain 1998an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!