Indian, osasuna errobera ganean (I)

Zigor Aldama 2016-03-09 14:04   Bidaide

Thindlu-n ez da erraza medikuarenera joatea. Hurren dagoan osasun zentroa Karnataka estaduko herri txiki horretatik ia 50 kilometrora dago eta herritar gehienek ezin dabe ordaindu haraino joatearen kostua. Hortaz, gehienek medikuarenera joan barik aguantetan dabe, harik eta arazoari ezikusiarena egitea ezinezkoa dan arte. Ordurako, sarri, beranduegi izaten da.

Thindlu-n ez da erraza medikuarenera joatea. Hurren dagoan osasun zentroa Karnataka estaduko herri txiki horretatik ia 50 kilometrora dago eta herritar gehienek ezin dabe ordaindu haraino joatearen kostua. Hortaz, gehienek medikuarenera joan barik aguantetan dabe, harik eta arazoari ezikusiarena egitea ezinezkoa dan arte. Ordurako, sarri, beranduegi izaten da. Modu errazean tratau leitekezan gaixotasun txikiak osasun arazo larri bihurtu dirala ikusten dogu sarri, gaixotasun kroniko bihurtzen dira, azaldu dau Nirupama Navamani doktoreak.

Bangaloreko Ospitale Baptistan lan egiten dau berak, estaduko uriburuan, baina furgoneta medikalizadu bati esker Thindluko herritarrak artatzen ditu astean behin. Smile on Wheels (irribarrea errobera ganean) programan parte hartzen dau, aurten hamarkadea bete dauen ekimenean. Proiektuaren helburua da, hain zuzen be, osasun zerbitzuetara heltzea gatxen daukien herritarrakana hurreratzea. Mendia ez badoa Mahomagana..., dino Navamanik, brometan, gaixo baten historiala bilatzen dauen bitartean. Haren alboan, erizain bik azukera-testak egiten ditue eta tensinoa hartzen deutse Smile Foundationen ibilgailura joan diran pazienteei. Fundazino hori bertako Gobernuz Kanpoko Erakunde bat da eta 22 autobus daukaz herrialde guztirako. Igaz 310.000 persona baino gehiagori emon eutsen zerbitzua.

Rahmina Devi da horreetako bat. Adobezko etxe txiki baten bizi da, familiagaz batera lantzen dauen kakahuete-landaketatik hur, Thindlutik pare bat kilometrora. Beste askoren moduan, Indian kalte handia eragiten dagoan izurritearen biktimea da: Diabetesarena. Indian 62 miloe personari eragiten deutse. Indiarren artean predisposizino genetikoa dagoala uste dogu, baina garbi dago jentearen jateko ohiturek ez dabela laguntzen diabetesari aurre egiten. Azukeradun edariek eta sedentarismoak, batez be uri handietan, kasuak ugaritu ditu. Behin, ama bat ikusi neban bere umetxu gosetiari chai-a emoten -te baltza azukereagaz-, bularreko esnea emon beharrean, adierazo dau Prathyusha medikuntza ikasleak. Smile-gaz praktikak egiten dabil, modu ofizialean mediku bihurtu aurretik.

Zoritxarrez, kasu horreetako asko ez dira atzemoten gaixotasunaren ondoriorik gaiztoenak agertzen diran arte. Adibidez, itsu geratzen hastea, Deviri jazo jakon moduan. Hori gitxi ez eta tratamendua ezartea be erronkea da: Diabetiko gehienek luzaroan hartu beharko ditue botikak, beharbada bizi guztian. Hori egin daien lortzea oso gatxa da. Gehienek ondo hartzen ditue tratamendu laburrak baina gero ahaztu egiten jake. Ganera, 400eko indizetik behera dagozanei ezin deutsegu insulinarik agindu, gure kulturan norbere buruari zeozer injektetea ez dagoalako ondo ikusia, asko dosiakaz nahastau egiten diralako eta gehienek insulinea gordeteko hozkailurik be ez daukielako etxean, dino Navamanik.

Edozelan be, gure zeregina prebentzinoa da, osatutea baino. Kasu larrienak ospitalera bialtzen doguz. Zentro pribadua dan arren, dobako tratamendua jaso leikie, Smilegaz dagoan akordioari esker. Guk hemen egiten dogun lana be pagetan dau Smilek, ganeratu dau doktoreak. Karnatakako taldearen lau minibusak estaduko 20 lekutara heltzen dira -egunean bi-, eta igaz 30.000 personari baino gehiagori emon eutsien arretea. Adabakia baino ez garela bistakoa da, baina oso adabaki garrantzitsua, ziurtatu dau Bangalore uriko Smile on Wheels alkarteko arduradun Radhakrishna Pradeepek.

Estadistikek arrazoia emoten deutsie: Indian 0,7 mediku dagoz mila biztanleko. Espainian bost bidar handiagoa da densidadea. Eta, estadistikakaz sarri jazoten dan legez, zifra apal horrek uriaren eta landa-eremuaren arteko aldea ezkutatzen dau. Holan, erraz ulertzen da Indian ume jaiobarrien hilkortasun tasea milatik 41ekoa izatea (Espainian halako 12,4), garapen bidean dagozan herrialdeen artean hazkunde ekonomiko handiena daukienetako bat dan arren.

Umeez gan, emakumeek sufriduten dabe gehien. Horregaitik, gure lana da abortu selektiboen kasuak topetea eta baita umeak hilteko asmoei aurre egitea be. Neskek mutilen pareko elikadurea jasoteko lanean gabilz, dino Navamanik. Tradizinoaren arabera, emakumeek gizonen ostean jaten dabe, jatekorik sobrau baldin bada. Logikoa danez, diskriminazino horrek osasun txarragoa dakar. Horregaitik, euren aholkua ulertzen erraza eta egiten gatxa da: Jan gehiago. Jan hobeto.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu