Euskal Eskola Publikoaren 25. Jaia lehenengoz Iparraldean, Hendaian
2016-03-10 17:05 KultureaEmazu eskua lemapean, Hendaian ospatuko dau EHIGEk Euskal Eskola Publikoaren Jaia 2016ko bagilaren 5ean. Ikas-bi Ipar Euskal Herriko ikastetxe elebidunetako gurasoen alkartearen 30. urteurrenagaz bat dator aurtengo hitzordua.
Hendaian ospatuko dau EHIGEk Euskal Eskola Publikoaren Jaia 2016ko bagilaren 5ean. Ikas-bi Ipar Euskal Herriko ikastetxe elebidunetako gurasoen alkartearen 30. urteurrenagaz bat dator aurtengo hitzordua.
Euskal Eskola Publikoaren Jaia Iparraldean ospatuz, bultzadea emon gura jako euskerearen irakaskuntzeari Iparraldean, zehatz esateko euskerearen irakaskuntzeari sare publikoan, izan be, eskola publikoa aukeratzen dabe Iparraldeko familien % 70ek eta horreen herenak ikastetxe elebidunak.
Era berean eta urtero legez, eskola publikoa hezkuntza-sistemearen ardatza izan behar dala aldarrikatu dabe antolatzaileek.
Emazu eskua da aurtengo Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren leloa. Lelo honen bidez irudikatu nahi da alkarri eskua eta alkarri euskerea emoteak dauen garrantzia gure hizkuntzearen etorkizunerako. Horregaitik euskerea Ipar eta Hegoaldeko ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikazino-tresna izatea nahi dogu ekainaren 5ean Hendaian.
Era berean, Emazu eskua da Iparraldeko eta Hegoaldeko ikastetxe publikoetako ikasleak harremanetan jartea helburu dauen egitasmoaren izena be.
Leloari indarrik ez kentzeko, leloa bera da aurtengo jaiaren irudia, holan leloak berak dauka protagonismo osoa. Lauki sarean diseinautako tipografia, jairako beren-beregi sortua izan da. Existiduten ez dan letrea izanik, personalidade eta originaltasuna emoten deutso. Kolore eta forma desbardinetako irudiek aberastu egiten dabe leloa, euskaldunon aniztasuna irudikatuz.
Hendaia
Hainbat arrazoi dagoz aurtengo jaia Hendaian egiteko. Hendaian euskerea da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko hizkuntza-zubia, mugearen bi aldeko euskaldunak bizi baitira bertan egunero frogatuz euskerea dala komunikazino-hizkuntzea. Hendaia, Saragaz batera, aitzindaria da euskerazko irakaskuntzan sare publikoan.
Lehen hezkuntzako bost ikastetxe publiko dagoz Hendaian: Ville-Hiri barnea, Plage-Hondartza, Gare-Geltokia, Lizardi eta Joncaux. Horreetatik 4 ikastetxek eskaintzen dabe Euskera-Frantsesa eredu elebiduna, 745 ikasle guztira.
Bigarren hezkuntzeari jagokonez, Irandatz kolegioan 200 ikaslek ikasten dabe eredu elebidunean.
Gaur egun, Hendaiako ikasleen erdiak euskerazko irakaskuntzea jasoten dau, bai ikastetxe publikoetan, baita ikastolan bere.
Euskerearen irakaskuntzea Iparraldeko ikastetxe publikoetan
Iparraldeko ikastetxe publikoen erdia elebiduna da (102 ikastetxe). Danetara 6.350 ikaslek ikasten dabe euskeraz: 5.200 ikaslek lehen hezkuntzan eta ganerakoak bigarren hezkuntzan. Ikasle horreen gehiengoak eredu elebidunean ikasten dau (12 ordu euskeraz eta 12 ordu frantsesez) eta sei ikastetxetan hasi dabe murgiltze eredua euskeraz.
Ikas-bi
Ikas-bi Iparraldeko irakaskuntza publikoko ikasle elebidunen guraso alkartea da. Orain 30 urte sortu eben eta 60 ikastetxetan dauka ordezkaritzea. Hiru hamarkadotan Ikas-bi federazinoak lan handia egin dau eskola publikoa aukeratzen daben familiak euskerara erakarten hainbat jardueren bidez.
Emazu eskua da egitasmo horreetako baten izena, bere helburua da Iparraldeko eta Hegoaldeko ikastetxe publikoetako ikasleak hartu-emonetan jartea proiektu bateratu baten bitartez. Horretarako, Europar Batasuneko www.etwinning.net plataforma digitala erabilten da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!