Iheskide musika taldeak amaitutzat jo dau bere ibilbidea

Bizkaie! 2016-02-19 09:57   Musikea

Sare sozialen bidez Iheskideko taldekideek azaldu dabenez, eguneroko konpromiso eta zailtasunek ez deutsie aurrera egiten itxi. 2004tik egon da martxan Elorrioko taldea, hasieran Ihesbide izenagaz eta, ondoren, Iheskide legez. 2006an kaleratu eben lehenengo maketea eta, harrezkero, beste lau disko atara ditue.

Sare sozialen bidez Iheskideko taldekideek azaldu dabenez, eguneroko konpromiso eta zailtasunek ez deutsie aurrera egiten itxi. 2004tik egon da martxan Elorrioko punk-rock taldea, hasieran Ihesbide izenagaz eta, ondoren, Iheskide legez. 2006an kaleratu eben lehenengo maketea eta, harrezkero, beste lau disko atara ditue.

Orain dala hile gitxi, 2015eko abenduan, kaleratu eban azken diskoa, Garaitu ez gaituztelako. Mauka diskoetxeagaz argitaratu eben lan hori Iheskidek.

Iheskidek dino, saminez esango dauela agur, baina baldintza egokietan aurrera egiteko gauza ez dirala. Hortaz, taldea desegin egingo dabe, Iheskide familia osotu daben guztiei eskerrak emonaz.

Eguneroko kontuek dakarren pisuagaitik amaitu behar izan dau Iheskidek bere ibilbidea, baina aurretik be gorabehera asko euki ditu. Taldekideak sarritan joan eta etorri dira eta boskote zein laukote izan dira, unearen arabera. Tronpi baxu-jolea urte askoan egon zan espetxean, taldean parte hartu ezinda. Ganera, 2008 eta 2009 bitartean, urte eta erdiz ia erabat geldirik egon zan taldea. Beti jausi eta altzau gara, dinoe sare sozialetan.

Gorabeherak euki arren, Iheskidek ibilbide luzea bete dau, 2004tik honakoa, eta lekua egin dau euskal musika taldeen artean. Argitaratutako diskoez gan, makina bat zuzeneko kontzertu emon ditu urteotan. Sare sozialetan zabaldutako mezuan, honako deia egiten dabe: Gure bafleak amatauko diran arren, gure aldarriak zuenak egin eta ozen oihukatu. Bizi pozik eta izan gaiztuak, jo ta ke irabazi arte!.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu