Donostia 2016k eta UPV/EHUk 'Tirabirak / Tiras que aflojan' erakusketea aurkeztu dabe gaur

Bizkaie! 2016-02-18 13:59   Kulturea

Gaur Bilboko Bizkaia Aretoan Tirabirak / Tiras que aflojan egitasmoa aurkeztu dabe, gure iragan gatazkatsua jorratu daben bineten ganeko erakusketea. Martiaren 8ra arte Bilbon egon ondoren, Donostia, Baiona, Iruñea eta Gasteizko hainbat tokitan egongo da ikusgai.

Gaur Bilboko Bizkaia Aretoan Tirabirak / Tiras que aflojan egitasmoa aurkeztu dabe, gure iragan gatazkatsua jorratu daben bineten ganeko erakusketea. Martiaren 8ra arte Bilbon egon ondoren, Donostia, Baiona, Iruñea eta Gasteizko hainbat tokitan egongo da ikusgai.

Erakusketa honen inaugurazinoan Iñaki Goirizelaia EHUko Errektoreak; Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programearen zuzendariak, eta Patxi Azpillaga erakusketearen zuzendari eta EMAN ikerketa-taldeko kideak hartu dabe parte.

Proiektua, UPV/EHU eta Donostia 2016ren alkarlanaren emoitzea, EMAN taldearen ikerketa batean oinarritzen da eta DSS2016EUko Bakearen Itsasargian kokatzen da, bakearen, errespetuaren eta bizikidetzearen eremuan, hain zuzen. Erakusketeak iraganari buruzko begiraden aniztasuna dau oinarri, eta hori da, hain zuzen be, erronkarik behinena: ikuspegi ugari jasotea kontakizun partekatuaren hazia ereiteko. Esangura horretan, egunkari eta aldizkarietako binetak narratiba ugari ezagutzeko eta aintzat hartzeko lagungarriak izan daitekez.


Erakusketea eta ikerlana
 
Tirabirak / Tiras que aflojan erakusketeak 1977 eta 2016 urteen artean argitaratutako binetak jasoten ditu. Lau hamarkada horreetan gure jendarteak bizi izandako 150 jazoera aukeratu eta egunkarietan aztertu dira. Lehenengo hamarkadetan argitaratutako binetak sei egunkaritatik batu dira: Deia, Egin, El Diario Vasco, El Correo, ABC eta El País. 1988tik aurrera, barriz, gorago aitatutakoei, Diario de Navarra gehitu jake, 1989an, El Mundo eta 1990ean, Euskaldunon Egunkaria. Gero, baita Gara eta Berria be. Beraz, azken hogeita sei urteak aztertzerakoan jazoera bakotxeko, gitxienez, zortzi egunkari hartu dira kontuan. Inoiz, La Razón, Diario de Noticias de Navarra, Diario 16, Ya, La Vanguardia, eta Ipar Euskal Herriko Enbata, Sud Ouest edo Le Journal du Pays Basque-eko binetek be erakusketea aberastu dabe. Batutakoak ez dira urte luze honeetan argitaratutako guztiak, jakina, baina erakusketara marrazkilarien uniberso zabala ekarri da: Zaldieroa, Máximo, Zulet, Peridis, Tasio, Forges, Máximo, Oroz, Olariaga, Ripa, Mattin, Ricardo & Nacho, Martín Morales, Aós, Martintxo, Ramón, Iñaki & Pintu, Dusón, Idígoras & Pachi, Mingote, Angel & Guillermo, Jon Zabaleta, Michel Iturria, Juan Carlos Eguilleor, Romeu, Puebla, Rafa Ramos, Adur, Antón, Axpi, Endika, Eneko, Ferreres, Gallego & Rey, Jon Pedro, Koldo, López & Pérez, Mad, Mokordo, Ori, Peli, El Perich, Ricardo, Romeu, Tulino eta Xim.

Erakusketea mamitzeko, 15.000 egunkari inguru aztertu dira eta lagina osotzeko, 30.000 bineta baino gehiago ikuskatu. Bineta horreetatik, aitatutako jazoerakaz zerikusiria daben 3.500 tira identifikau dira. Azkenik, 448 ekarri dira erakusketa fisikora eta beste horrenbeste erakusketearen webgunean (www.tirabirak.eus) kokatuko dan errepositorioan egongo dira ikusgai.

Proiektua jorratzeko prozesuak iraun dauen bitartean, jazoera eta gatazka horreen ziklo luzea barrikusterakoan, taldekideen arteko hausnarketak eta eztabaidak etenik bakoak izan dira. Erakusketearen eragileok bizitako esperientzia hori, erakusketara hurreratzen dan mundu guztiari be eskaini nahi jako. Horretarako, honako helburu orokorrak zehaztu dira:

- Euskal iragan gatazkatsuaren (ber)ezagutza partekatua bultzatu.

- Ezagutza partekatu horretan oinarrituta, jazotakoari buruzko hausnarketa kritiko orokorra eta gogoetea bideratu, inoiz errepetidu ez daiten.

- Gatazken oinarrien inguruko hausnarketea eragin, konponbiderako saiakerak erakutsiz, gaurko eta etorkizuneko bizikidetzea eregiteko lagungarri izan daitezan.

- Komunikabide eta, zehatz, egunkarien eta umore grafikoaren eginkizun eta ardura publikoari buruz eztabaida publikoa suspertu.


Erakusketearen osogarri bereziak


Ikusgai dagozan binetez gan, erakusketeak ardatz dauen denporan kokatzen laguntzeko zenbait baliabidek osotzen dabe erakusketea:

- Artxibo interaktiboa: Erakusketarako aukeratutako binetak era digitalean ikuskatzeko aukerea izango da erakusketan bertan. Datu-base honetan, ganera, erabiltzaileak hainbat konsulta aukera izango ditu eskura (datak, egunkariak, sortzaileak...).

- Alkarrizketak: Telebista pantaila batean bineten sortzaileei egindako Alkarrizketak izango dira ikusgai, baita komikigintza politikoa zein umore grafikoa  aztertu daben adituak, edota komunikabideetako arduradunen berbak be.

- Ikus-entzunezko ondarea: EITBren artxibo irudiakaz osotutako kontakizuna be izango da ikusgai; binetek erakusten dituen jazoeren narrazinoa garaiko irudiakaz osotzeko.

Webdoka: Dokumental interaktibo batera batuko dira erakusketako bineta guztien datu-basea, alkarrizketak eta ibilbide kronologikoa. Holan,  erabiltzaileari  hainbat aukera eskainiko jakoz eta bisitari bakotxak aukeratuko dau zer ibilbide egin nahi dauen Tirabirak / Tiras que aflojan erakusketearen unibersoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu