Urre bilatzaileak Mongolian (eta II)
2016-02-17 14:37 BidaideUrrea herrialdetik kanpora eroatea galarazoten dogu eta meatzaritzako beste multinazional batzuek eta beste ninja batzuek ez bezela, ingurumena jagoten dogu, ahalik eta gitxien kutsatzen saiatzen gara eta Asia Foundation erakundeagaz alkarlanean programa berezi bat abiarazo dogu beren-beregi eregitako instalazinoetan lurra birziklatzeko.
Mongolian Ninja izenagaz ezagutzen doguzan urre bilatzaileek arazo bat baino gehiago eragiten ditue Tuya Damdinjatsek jakinarazo dauenez, berbarako, herrialdeko lehengaien espoliazinoa sustatzea, hain zuzen. Damdinjats and.ak Duush Mandal Khairkhan Batasuna zuzentzen dau, meatzaritza tradizionalaren aldeko alkartea, Zhuunkharaa herriko 300 bat ninja zaharrek sortua. Urrea herrialdetik kanpora eroatea galarazoten dogu eta meatzaritzako beste multinazional batzuek eta beste ninja batzuek ez bezela, ingurumena jagoten dogu, ahalik eta gitxien kutsatzen saiatzen gara eta Asia Foundation erakundeagaz alkarlanean programa berezi bat abiarazo dogu beren-beregi eregitako instalazinoetan lurra birziklatzeko esan deusku lurra eta harriak garbitzeko pabilioira egin dogun bisitan. Lurra zulotzen daben urre bilatzaileek ez dabe beste ezeren ardurarik baina lurretik urrea aterateko prozesu bereziak beharrezkoak dira eta horreetan produktu kimikoak erabili behar dira; kontua da ze holan egin ezkero, urrearen purutasuna murriztu egin dala eta aldakorra izaten dala.
Aitatu erakundeak urre produkzinoa hobetzea lortu dau teknologia aurreratua erabilita, izan be, horri esker, 60 metroko sakonerara arte zulotu daiteke. Horrezaz gan, hondeaketa sistemak barriztuteko Txekiar Errepublikearen 250 miloe tugrik (110.000 euro) jaso ditu eta 30 miloe tugrik (13.000 euro), barriz, Suitzako gobernuaren eskutik.
Beste alde batetik, erakundearen mugarri garrantzitsua izan da beharginen lan-baldintzak hobetzea; bakotxak 53.000 tugriks (25 euro) pagetan dau hilean zergetan eta holan miloe erdiko (240 euro) baztez besteko soldatea dabe bermatuta. Jakina, materiala ez dabe pagau behar eta, ganera, mediku-asegurua dabe. Hilebete beharrean emon ostean, hamar opor egun ditue, azaldu dau Tuyak. Egia esan, formula ezin hobea da ninjak profesionalizetako, herrialdearen ekonomiari laguntzeko eta laneko ezbeharrei aurre egiteko. Baina azken hori sinistezina da urrearen ustiaketarako baimena daben Noyod mendian zelan lan egiten daben jakinda. Ohikoa da han gizonek eta oporraldian dagozan umeek lurra zulotzeko erabiliko dituen dinamita kartutxoak eskuz preparetea eta batzuetan zigarroa ahoan dabela. Familia bat gara hemen dino barreka Uuganbayarek. Egunero harriz betetako hamar bat zaku ateratzen ditue prozesau eta Zhuunkharaa-ra bialtzeko eta danak dagoz pozik alkartearen jardunagaz. Ninja legez diru gehiago irabazi daiteke baina arriskutsua da eta legez kanpokoa adierazo dau ze inguru zulotu erabagiteko prospekzinoen ardurea dauen meatzariak. Lur muetea aztertu, metro bat zulotu eta hor topetan dogunaren arabera, aurrera egiten dogu edota beste leku baten bila joaten gara azaldu dau.
Lana sano gogorra da. Meatzari helduak eguzkiaren zain dagoz zulo estua argitu eta behera egiteko baina metro gitxi batzuk beherago kaskoan daroen argia da iluntasuna urratzen dauen bakarra. Segurtasun neurririk ez dago eta normalean babeserako maskararik be ez dabe erabilten; han behean oxigeno gitxi dagoanez, maskareak traba baino ez dauelako egiten beharginen eretxiz. Horregaitik, ordubete baino gehiago ezin dabe emon lurrazpian baina nahikoa da tarte hori leherkailuak jarri eta handik iges egiteko. Leherketearen eraginez, hauts-uriolea dator gero harria ateratzeko erabiliko daben zulo estuan gora. Lanik txarrena eta nekagarriena da hori ze pisu handia daroagu eta arnasa hartzea ez da erraza kontau deusku 20 urteko Nyambaatar-ek arnasa sakon hartu eta hauts zuriz betetako arpegia garbitzeko saiakerea egiten dauen bitartean. Baina hortxe segiduko dot, besterik egiten ez dakidalako eta eskualdearen garapenari laguntzen gagozalako. Lehen pobreak ziran familia asko gaur egun ondo bizi dira ogibide honi esker.
D. Enkhbold ez dator bat. Mongoliako Meatzaritza Alkarteko burua da, multinazional handien izenean dabil beharrean eta ninjak zein meatzaritza tradizionaleko alkarteak ditu jomugan; Ninjak ezelako araurik edo erregulazinorik barik dabiz beharrean eta kalte handia egiten deutsie herrialdeari; meatzaritza tradizionaleko alkarteei jagokenez, iluna da euren jarduna, euren funtzionamendua eta jarduna kontroletako ez dago baliabiderik eta, horrezaz gan, bidezkoak ez diran zerga-abantailak ditue. Ganera, D. Enkhboldek dinoanez, meatzaritza enpresak zenbat eta handiagoak izan, ekarpen handiagoa egiten deutsie gizarteari lanpostu eta zerga edo royaltyen bitartez. Era berean, enpresa txikiek baino ardura handiagoa izaten dabe ingurumenagaz.
Zaamar-en, Damdinragehaak bat egiten dau azken baieztapen horregaz. Errusiako enpresa handi batek eragin dauen triskantzearen barri emon deusku. Ikusten dozuez menditxu horreek guztiak? Lehen ez egoan holakorik, zulo erraldoiak tapetako zentzunik bako prozesu baten ondorioa dira. Errusiarrek urrea lurrazpitik atera eta eroan, zergarik ez pagetako politiko ustelei dirutzak pagau eta komunikabide ugariren aurrean inguruaren berreskurapenerako plangintzea azaldu eben. Kamera eta kazetariek alde egin ebenean, barriz, eurak be desagertu egin ziran. Gaur egun ganadurik ezin leike inork ekarri paraje honetara, zuloetan sartu eta hil egiten diralako salatu dau. Enkhboldek puntu bakarrean emon deutso arrazoia: Ustelkeria eta burokrazia arazo handiak dira, baita multinazionalentzat be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!