Aitor Cañibano: 'Familia giroa bizi dogu eta horrek aparteko indarra emoten deusku'

Koldo Isusi Zuazo 2016-02-15 10:31   Barriketan

Travellin’ Brothers taldeko gitarristea

Travellin’ Brothers, 2003an Leioan sortutako blues taldeak 2014 eta 2015ean, Magnolia Route biran, 11 herrialdetan 120 kontzertu baino gehiago emon ostean, European Blues Challenge lehiaketearen bosgarren edizinoa irabazi eban igaz eta Memphiseko International Blues Challenge ospetsuan finalista izan ziran (Munduko zortzi blues talde onenak). Halan da be, astia izan eben zazpigarren diskoa One Day In Norway (Magnolia Records, 2016) grabetako.

Diko barriaren gorabeherak eta bestelakoak Aitor Cañibanok kontau deuskuz.


1.- One Day In Norway Norvegiako Juke Joint Studio ospetsuan grabau zenduen Magnolia Route izeneko pare bat urteko birearen barruan. Zelan da posible holako bira erraldoi baten barruan diskoa grabetea?

Holan egin genduan denporarik ez geunkalako etena egin eta diskoa grabetan hasteko. Holan egin doguz aurreko diskoak, beste patxada bategaz baina oraingo hau 24 orduko tartean egitea pentsau genduan. Sano estresantea izan da prozesua, presinoak ez deusku kalterik egiten, gustau egiten jaku eta ganera oso pozik gagoz emoitzeagaz. Errepidean, birearen barruan konposatu genduan diskoa eta zortzi ordu inguru behar izan genduzan estudioan diskoa toma bakarrean grabetako. Egun inspiratua izan genduan. 24 orduko tartean egin genduan dana, Bilbotik hegazkinez Oslora, furgonetan beste zati bat, zortzi orduko grabazinoa estudioan, ostean, blues jaialdi batean kontzertua emon, hotelean dutxa bat hartu, segiduan furgonetan Oslora eta han hegazkina Bilbora. Baina hor ez zan amaitu prozesua, Loiuko aireportura heldu eta jarraian Mundakara joan ginan bertako festibalean kontzertua emotera. Benetako maratoia.


2.- Norvegiako Juke Joint Studio horrek baditu berezitasun batzuk. Zeintzuk?

Ez genduan ezagutzen baina oso azkar moldatu ginan. Akustika oso ona dauka. Analogikoan lehen be Garate estudioan grabau izan dogu baina Juke Joint Studio hau oso berezia da, eraikin handi baten barruan, dago, bluesaren museo bat eta blues eta musika baltzaren kontzertuetarako areto bat dagoz tartean. Estudioan Menphiseko Sparks estudioan egon ziran tresna bat baino gehiago dagoz, anplifikadoreak, tekladuak, soinu-mahaia eta abar eta tresna horreekaz grabetea guretzako oso pozgarria izan da. Atara kontuak, tresna horreekaz grabau ditue diskoak Areta Franklinek, Albert Kingek eta hainbat artista historikok.


3.- Diskoa Bilbon aurkeztu ostean, kontzertuak be emon dozuez dagoeneko, berbarako Polonian. Euskal Herrian badozue hitzordurik?

Egia da azken urteotan Europan zehar asko gabizela, erantzuna oso ona dala; hitzordu asko sortzen jakuz Europan eta gu pozik gabiz. Oraingoz Publiko egin dan kontzertuen zerrendan ez da agiri kontzerturik Euskal Herrian baina arrazoia da antolatzaile batzuek ez deuskuela ixten Euskal Herriko data zehatz horreen barri emoten, aparteko aurkezpenak eta egin gura dituelako. Baina baieztatuta dagoz, berbarako Bizkaian pare bat kontzertu, bata martian eta bestea irailean. Besterik ezin deutsut esan.


4.- Birritan jo dozue New Orleanseko Blue Nile mitikoan, BB King Clubean zein Memphiseko Orpheum Theatre antzokian. Zeozer berezia sentiduten dozue holako leku mitikoetan?

Bai, jakina. Guk asko miresten doguzan lekuak dira, leku horreetan ez dau edozeinek joten eta aretoak ganezka, gure musikeak harrera ona dauela ikustea zoragarria da. Areto horreetan izar handiek jo eta kantau dabe, magia berezia sentiduten da eta gu horren parte izatea oso ederra izan da. Dana dala, beti esaten dogu kontzertu guztiak inportanteak dirala guretzako, inportanteena hurrengoa da.

Barriro han joteko aukerea dogun arren, momentuz ezinezkoa izango da, hilebete inguru beharko geunkelako eta hemen lan asko daukagu orain. 


5.- Bluesa ardatz hartuta, gospel, swing, jazz eta countryaren estiloak be ez dozuez baztertzen. Edozelan be, blues taldea da Travellin' Brothers?

Blues talde legez sortu zan taldea 2003an baina gaur egun ez gara blues talde garbia, bluesa asko gustetan jaku baina beste hainbat estilo be jorratzen doguz, beti gustau jaku esperimentazinoa, zelan moldatu, zelan nahastau gure musikea. Gaur egun, amerikar sustraiko musikea, musika baltza da gurea. Gure estilo propioa osotu dogu, estilo bat baino gehiagoren zeozelako nahasketeari esker gure marka edo estiloa lortu dogu eta oso pozik gagoz.  


6.- Zuon kantuak ingelesez dira, bluesa egiteko derrigorra dalako ingelesa?

Ez. Beharrezkoa ez. Gu holan hasi ginan, ingelesez entzuten dogu musikea eta holan sentiduten dogu. Gure abeslaria Euskal Herrikoa izan arren, ibilbide ia osoa Frantzian egin dau eta hobeto moldatzen da ingelesez. Sentiduten dozun hizkuntzan egin zeinke musikea, ingelesa ez da derrigorra baina autortu behar dot ingelesa oso musikala dala abesteko eta gure musikearen oinarriak AEBetan dagozala kontuan hartuta, ez jat hain arraroa egiten ingelesarena. Hori bai, Madrileko taldeak ezagutzen dodaz gaztelaniaz kantetan dabenak eta gure inguruan Arima Beltza taldea, berbarako, euskeraz. Musikea mugatzea eta hizkuntza batzuk bai eta beste batzuk ez dinamika horretan sartzea arriskutsua begitantzen jat.


7.- Zergaitik dago blues talde gitxi Euskal Herrian?

Bueno, arrazoi asko dagoz. Hemen diktadura gogorra bizi izan genduan luzaroan eta horrek eragina izan dau, Europako ganerako herriakaz sekulako atzerapen musikala dogu, musikea oso berandu heldu zan gurera, ez dago kulturarik gurea lako musikearen arloan esan gura dot. Beraz, gauza asko daukaguz egiteko.

Beste arrazoi bat izan daiteke, 80ko hamarkadan eta hortik aurrera RRV (Rock Radical Vasco) suspertu zanean, beste estilo guztiak iruntsi zituala, emoten eban hori baino ez egoala gurean; aurrerago etorri ziran heavyak eta ganerako estiloak.

Hedabideek be, akaso, ez deutsie horrenbeste kasu egiten bluesari eta musika baltzari.

Gaur egun, Euskal Herrian danetariko estilo eta proiektuak dagoz eta hori oso positiboa da.


8.- Magnolia Records zigilua sortu dozue oraintsu eta hasteko zuon lan barriaren CD-DVD berezia eta binilo bat be argitaratu dozuez...

Bai. Azken lau diskoak Gaztelupeko Hotsak zigiluagaz argitaratu doguz eta oso pozik ibili gara eurekaz baina oraingo honetan, danaren kontrola geuk euki gura izan dogu, diskoaren beraren produkzinoa, musikea, kontratazinoa eta abar. Zigiluaren estreinuan, beraz, deluxe formatoa eskaini gura izan deutsegu zaleei, emoten deuskuen babes eta berotasun guztia eskertzeko eta, horretarako, aurkezpen ikusgarriagaz, material onakaz, CD-DVDa da, hain zuzen be baina biniloa be plazaratu dogu.


9.- Hamabi urteko ibilbidean, 800 kontzertu baino gehiago emon dozuez eta nabarmentzeko beste datu bat, hasierako formazinoari eusten deutsazuela. Hori ez da oso ohikoa...

Gatxa da bai hasierako formazinoari eustea, 12 urte dira taldea abiarazo genduanetik eta hor jarraitzen dogu. Sei gara taldean eta erdiak familia gara, anai bi eta lehengusu bat eta ganerakoak betiko lagunak, herrikoak, Leioakoak. Alkarren ondoan bizi izan gara, alkarregaz hazi gara eta uste dot aberasgarria dala hori taldearen jardunerako; familia giroa bizi dogu eta horrek aparteko indarra emoten deusku.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu