Artea neurtuko dabe San Balendin egunean Zeanuriko Eleizondon

Bizkaie! 2016-02-12 10:02

Goizeko 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, datorren urtekoari agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz.

Urtero lez, aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan baseleizearen inguruan, zezeilaren 14an, domekan, San Balendin egun berean.

Egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, datorren urtekoari agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz. Ostean, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— banatuko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekitaldi horreek herriko txistularien eta bertsolarien kantuen artean egingo dira.

Egitarau honetan aitagarria da orain dala berrogeta hamazazpi urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala zortzi urte —aldi batean bertan behera itxita egon ostean— berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.


Artearen neurketea

Pedro Lejarzaren —elizondotarra eta antolatzaileetariko bat— arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —konbita egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren koadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak dagoz; lehenengo neurketea 1959koa da, eta ondokoa irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18.

Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papeltxu batean ondokoa idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 zirkunf.: 1,50.


Gregorio Lejarreta gogoan

Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta Pedro Lejarzaz dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz ganera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. 2008an, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honi, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Ganera, zuhaitzari neurria hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta aurduratu izan da igaz arte. Gregorio bihotzekoak jota hil egin zan igaz eta neurtzaile barria bilatu beharko dogu. Aurtengo jaian, Gregorio Lejarreta gogoratzeko ekitaldi berezi bat egingo dogu

Igaz hartutako neurria honako hau izan zan: 185 zm.-ko perimetroa 150 zm.-ko altueran, 2014an baino zm. bi gehiago.

Neurketearen ostean, Arratiako altxorra, arrakasta handia izan dauen jokoa erosteko aukerea be izango dabe Eleizondora hurreratzen diranek, han egongo da saltzeko prest jokoa egiten parte hartu dauen gaztetxu talde bat.


Piedadea ermitea eta bere ezaugarriak

Eleizondoko Piedadea, errendegi ermitea —ermita humilladero gazteleraz— izenaz ezagutzen dan tipologiakoa da. Era honetako baseleizak herrien sarreretatik hur, bide bazterretan, eregiten ziran edota, Piedadearen kasuan lez, bere eleizpetik galtzadea igaroten zan. Eleizondon oraindino ikusi daiteke Erdi Aroko galtzadearen tarte txiki bat.

Antza, antxina, era honetako ermitetan Gurutzearen aurreko errendia (humillazinoa) egiten zan; zeremonia horren bidez ibiltariak bere fidel izakerea adierazoten ei eban, hau da, ez zala moroa ezta judua be; horrezaz gan, herrian sartu aurretik, gogo baketsuakaz etorrela adierazo gura eban.

Eleizondoko Piedadea baseleizea XVIII. gizaldikoa da. Oin laukizuzena  (7,20 m. X 5,30 m.) dauka; hormak errekarrizkoak dira, harlandu txikiakaz ertzetan eta huts-guneen inguruetan. Lau uretako teilatua dauka, eta ez dauka kanpatorrerik.

Eleizpea zarratua da, eta puntu-erdiko ate bi eta leiho zabal bat daukaz, hau be puntu erdikoa. Sarrerek burdinaz sareztatutako ateak daroez eta leihoak be burdindun hesia dauka.

Baseleizarako sarrerea puntu erdiko arku bat da, egurrezko hesi bategaz zarratua, arku horretan txertatzen da barrura sartzeko egur-atea.

Baseleizan gordeten diran irudiak: Piedadea, Jesusen Bihotza eta San Balendin.

Jaia: Lehenago San Balendin eguneko mezea parrokian emoten zan. Jai bezperan santuaren irudia parrokiara eroaten eben prozesinoan, eta San Balendin egunean, ermitearen inguruan buelta bat emon ondoren, bere jatorrizko lekuan ixten zan. Azken urteotan ohitura hau berreskuratu egin da.


San Balendinen biografia

Erromatar Martirologioak Balentin izenagaz bi santu aitatzen ditu: bata, abadea da eta bestea, gotzaina. Beharbada, nahasketa bat egon daiteke, eta persona berberari buruzko bi historia izan daitekez. Bata, Terni-ko San Balendin da; Interamnako (gaur egungo Terni) gotzaina izan zan. Ospetsua izan zan ebanjelizatze lanagaitik, osatzeakaitik eta mirariakaitik. Aureliano enperadorearen jazarpenetan kartzelaratu eta burua ebagita hil egin  eben K. o. 273an. Bere gorpua Terniko katedralean dago.

Bestea, Erromako San Balendin da. Klaudio Godoa enperadoreren jazarpenak jasaten zituenei laguntzen eutsen. Baina bera be kartzelaratua eta torturatua izan zan, eta burua ebagita hil egin eben, 268ko zezeilaren 14an. Bere erlikia gehienak Santa Praxades eleizan dagoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu