Disko barria plazaratu dau Pier Paul Berzaitzek, Xabier Lete gogoan
2016-02-12 09:51 MusikeaKantari zuberotarraren ibilbidearen erakusgarri diran 13 abesti dakarz Egunsentiaren kantak diskoak. Joxan Goikoetxeagaz batera sortu dau diskoa Pier Paul Berzaitzek, haren Aztarna produkzino etxearen zigiluagaz. Berzaitzek ezagun egin dituan kantak, bersinoak zein orain arte argitaratu barik euki dauen doinuren bat dagoz lan barrian. Xabier Leteren poema batzuei musikea ipini deutse, ganera.
Kantari zuberotarraren ibilbidearen erakusgarri diran 13 abesti dakarz Egunsentiaren kantak diskoak. Joxan Goikoetxeagaz batera sortu dau diskoa Pier Paul Berzaitzek, haren Aztarna produkzino etxearen zigiluagaz. Berzaitzek ezagun egin dituan kantak, bersinoak zein orain arte argitaratu barik euki dauen doinuren bat dagoz lan barrian. Xabier Leteren poema batzuei musikea ipini deutse, ganera.
Mende erdi bete dau oholtza ganean Berzaitzek eta atzera begiratzeko tartea hartu dau. Guk taldeagaz abestutako kanta batzuk dagoz disko barrian (Geroa esperantzaz beterik eta Ekhi eder). Klasiko unibersalen bersinoak be sartu ditu. Besteak beste, Leo Ferrer-en, Jean Louis Davanten eta Giuseppe Ungaretti-ren letretan oinarritutako bersinoak sortu ditu. Era berean, Xalbadorren heriotzean ezagunaren moldaketa bat egin dau.
Nemesio Etxanizen Euskal Herri maitea konposizinoan oinarritutako kanta bat be sartu dau diskoan Berzaitzek, orain arte argitaratu bakoa. Era berean, Xabier Leteren erreferentzia ugari dagoz, diskoaren izenburutik hasita. Autore gipuzkoarraren poema batzuk musikeagaz jantzi ditu zuberotarrak. Diskoaren aurkezpenean, Xabier Lete goraipatu dau Berzaitzek, haren obrea miresgarria dala esanaz. Biak kantariak izanda, alkarregaz gehiago lan egin ez izanaz damututa dagoala dino zuberotarrak.
Hain zuzen be, Xabier Letek berak eskatu eutsan Berzaitzi bere poemei musikea ipinteko. Ordurako makal egoan Lete, gaixorik, eta ez eukan musikea sortzeko indarrik. Hortik dator Berzaitzi egindako enkargua. Zeregin horri heldu deutso zuberotarrak eta segiduteko asmoa daukala ziurtatu dau.
Pier Paul Berzaitzek Joxan Goikoetxea musikariagaz batera egin dau Egunsentiaren kantak diskoa eta, ganera, kolaboratzaile ugari euki ditu: Maddalen Dorronsoro, Magali Zubillaga, Estitxu Pinatxo eta Olatz Praten ahotsa entzun leiteke diskoan, baita Arin abesbatzearena be.
Ikuskizun barri bat preparetan dabilela be aurreratu dau Berzaitzek, apirilean Bilboko Loraldian aurkezteko asmoz. Modu sinbolikoan, Euskal Herriko sei emakumeren historia kontauko dau Maiteka izeneko ikuskizun barri horrek. Bilbon estreinau eta gero, beste bost emonaldi egiteko asmoa daukala dino zuberotarrak eta Donostia 2016ren babesa lortu dauela horretarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!