Gorbeiako gune turistikoaren irudi barria eta telefonorako aplikazinoa aurkeztu ditue
2016-02-11 13:51Gorbeiako Parke Naturalaren inguruan dagozan herri eta eskualdeetara datozan bisitarientzako irudi erakargarriagoa sortzea eta bertako ekitaldien agenda osotua eskuragarri ipintea dira Gorbeia Gune Turistikoa erakundearen asmoak. Horretarako, logotipo modernoago bat sortu eta eskuko telefonorako aplikazinoa martxan ipini dabe.
Gorbeiako Parke Naturalaren inguruan dagozan herri eta eskualdeetara datozan bisitarientzako irudi erakargarriagoa sortzea eta bertako ekitaldien agenda osotua eskuragarri ipintea dira Gorbeia Gune Turistikoa erakundearen asmoak. Horretarako, logotipo modernoago bat sortu eta eskuko telefonorako aplikazinoa martxan ipini dabe.
Gorbeiaren inguruko lurraldeak Arabako eta Bizkaiko 20 udalerri hartzen ditu. Zuiako kuadrillan (Arabakoak) eta Gorbeialde Landa Garapen Alkartean (Bizkaikoak) batzen dira eta 2010ean hasi ziran alkarlanean, euren erakargarritasun turistikoak modu bateratuan gizarteratzeko. Gastronomia, kulturea, naturea eta tradizinoa da Gorbeia ingurua, azpimarratu dau Txomin Ozerinjauregi Gorbeialdeko presidenteak.
Eskaintzeko asko dauka Gorbeialdeak, landetxe eta jatetxeetatik hasi eta bisita gidatu zein azoketaraino. Irudi barriagaz, hori guztia batu nahi izan dabe. Aurreko logotipoaren formak leundu eta berde kolore berezia aukeratu dabe, Gontzal Esteban diseinatzaileak azaldu dauenez: Gorbeiako argazki ugari begiratu genduzan eta Gorbeiako parajeen kolorera gehien hurreratzen dan berde tonua zein dan erabagi genduan.
Irudiaren beste bersino batzuk be sortu ditue, hainbat koloretan, kanpaina zehatzagoetarako (gastronomiagaz eta pintxoakaz lotutakoak, adibidez). Edozelan be, irudi indartsua dala dino Estebanek, Gorbeiak daukazan erakargarritasun guztiak batzen ditu.
Gorbeiako aplikazinoak, ostera, bisitariei erosotasuna eta arintasuna ekarriko deutsela uste dau Txomin Ozerinjaureguik. Ordenagailura edo gidaren batera jo beharrik euki barik, dagozan lekuan ikusi ahal izango dabe eskaintza guztia, telefonoaren bidez. Aplikazinoak atal ugari eukiko ditu, tartean agendea. Bertan batuko dira eskualdean egiten diran ekitaldiak: azokak, lehiaketak, ibilaldiak, jaiak eta abar. Ekaitz Diaz de Garaio Zuiako kuadrillako presidenteak azaldu dauenez, urtero 50 ekintzatik gora antolatzen dira Gorbeia inguruetan.
App barria ezagutzera emoteko, zozketea egingo dabe datozan asteotan. Aplikazinoa deskargetan daben lehenengo 500 personen artean, lagun birentzako egonaldia eta bisita gidatua zotz egingo ditue. Bisitariek zein inguruko biztanleek parte hartu leikee.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!