Ironia literaturan gaia ardatz hartuta, David Safier eta Joaquin Berges idazleak aurrez aurre izango doguz Bilbon

Bizkaie! 2016-02-10 12:02   Kulturea

Eztabaidak literatureagaz, jentaurreko barriketaldi lasaiaren bitartez literaturako zenbait gai jorratzea proponiduten dauen Bidebarrieta Kulturgunearen ekimenak, Maldito karma edo Jesús me quiere lako argitalpen arrakastatsuak idatzi dituan David Safier idazle alemana eta Joaquín Berges egile aragoitarra alkartuko  ditu.

Eztabaidak literatureagaz, jentaurreko barriketaldi lasaiaren bitartez literaturako zenbait gai jorratzea proponiduten dauen Bidebarrieta Kulturgunearen ekimenak, Maldito karma edo Jesús me quiere lako argitalpen arrakastatsuak idatzi dituan David Safier idazle alemana eta Joaquín Berges egile  aragoitarra alkartuko  ditu, literaturako umorearen eta ironiaren ganean berba egiteko, biek be maisutasun handiz erabilten dituen baliabideak, hain zuzen be.

Ohikoa danez, topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Horrezaz gan, saioak aldi bereko itzulpen zerbitzua izango dau. Oraingo honetan, gidaria Jon Bilbao idazlea izango da.

Maldito karma (Seix Barral, 2009) lehenengo eleberriagaz, David Safierrek (Bremen, 1966) miloe bat ale saldu zituan Alemanian eta arrakasta handia lortu eban mundu osoan. Gaztelaniaz hogeita hamar edizino baino gehiago argitaratu zituen. Ondoren kaleratutako Jesús me quiere (Seix Barral, 2010) eta Yo, mi, me... contigo (Seix Barral, 2011) lanek egungo literaturearen panoramako egile dibertigarrienetakoa dala baieztatu dabe. Izan be, lanon autortza legez, 2011n Zilarrezko Lumea jaso eban Bilboko Liburu Azokan. Igazko urtearen amaieran, Más maldito karma bere azken lana kaleratu eban, irakurleen artean horrenbesteko ospea emon eutson gaira bueltatuta. Oraingo honetan protagonistak Daisy eta Steven dira, bizimodu kaotikoa daben eta trafiko istripu batean hilten diran bi antzezle. Ekintza gaiztoen ondorioz inurri lez berraragiztatuko dira.

Eztabaidak literatureagaz ekimeneko hitzordu barri honetako bigarren konbidadua Joaquín Berges (Zaragoza, 1965) da. Filologia Hispaniarrean lizentziaduna Zaragozako Unibersidadean, El club de los estrellados lanagaz egin zan ezaguna eta gaztelaniaz idatzitako Lehenengo Liburu Onenaren Saria irabazi eban Frantziako Festival du Premier Roman de Chambéry izenekoan. Baina Vive como puedas (2011), bere familiaren aginpidea ez galtzeko ahaleginetan dabilen gizon bati buruzko komedia barregarria izan da, irakurleen eta liburu saltzaileen aholkuei esker, irakurleen artean arrakasta iraunkorrera eroan dauena.

Personaien eta egoeren sortzaile bikain, istorio barregarrien eta hunkigarrien kontalari, Un estado del malestar, bere hirugarren eleberrian, Joaquín Bergesek umore lehergarriaren ezaugarriak zelan menperatzen dituan erakusten dau, erredentzino eta maitasun istorio ederraren erdian. Ondoren, Línea invisible del horizonte argitaratu eban, eta joan dan maiatzean Nadie es perfecto lanak ikusi eban argia, maiordomoa eta aristokratak dituan Ingalaterrako etxe handi batean jazoten dan eta kritikarien eretxiz bere libururik dibertigarriena dan dibersino literarioa.

Berbaldiak streaming bidez be jarraitu ahal izango dira webgune honetan: www.kulturguneatb.net.


Hamargarren edizinoa

2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 270 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 8.500 lagun baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María  Moix eta Luisa  Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu