Luis Moralesen koadroen erakusketea ipini dabe Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2016-02-10 09:42   Kulturea

Teknika bikaineko margolaria izan zan arren, bere sasoiko beste artista batzuk baino ahaztuago dago Luis Morales (1510/1511-1586). Haren obrea sakonago aztertzeko asmoz, 54 artelaneko erakusketa monografikoa aurkeztu dau Bilboko Arte Eder Museoak. Madrilgo Prado eta Bartzelonako Museu D´Art Nacionalegaz alkarlanean sortutako proiektua da. Maiatzaren 16ra arte egongo da erakusketea Bilbon.

Teknika bikaineko margolaria izan zan arren, bere sasoiko beste artista batzuk baino ahaztuago dago Luis Morales (1510/1511-1586). Haren obrea sakonago aztertzeko asmoz, 54 artelaneko erakusketa monografikoa aurkeztu dau Bilboko Arte Eder Museoak. Madrilgo Prado eta Bartzelonako Museu D´Art Nacionalegaz alkarlanean sortutako proiektua da. Maiatzaren 16ra arte egongo da erakusketea Bilbon.

Gai erlijiosoak landu zituan Luis Moralesek batez be. Bere sasoian, 16. mendean, era horretako koadroak egiteko eskari handia egoan eta Morales artista handienetako bat izan zan. Jainkotiarra ezizena emon eutsien. Halandabe, bere koadroen bariazino ugari margoztu ziran gerora, kalidade txarragokoak eta, horregaitik, orduko beste artista batzuek (adibidez, Grecok) baino ospe txikiagoa euki dau Moralesek.

Mundu akademikoan, baina, ezagutza handia dauka Moralesek. Gaitasun piktoriko nabarmena eta orduko artista gitxik erabilten zituen teknikak topau leitekez Jainkotiarraren obretan. Errenazimenduko maisu handienetako bat izan zan. Erakusketako 54 koadroak arretaz aukeratu ditue, maisulanik aitagarrienen artean. Bariazino bat be ipini dabe, Moralesen koadro original baten alboan, bataren eta bestearen arteko aldea agirian ixteko.

Artistearen erregistro ikonografikoa erakustea da erakusketearen helburua. Horretarako, Prado museoaren zein bildumagile pribaduen 54 artelan aukeratu ditue, gehienak formatu txiki edo ertainekoak.

Leticia Ruiz Gomez komisarioaren esanetan, ahaztuta egon da Moralesen figurea. Bizirik egoala arrakasta handia euki eban artisteak, halandabe. Sfumato teknikea maisu bikain baten moduan erabilten ebala azpimarratu dau Ruiz Gomezek, adibidez Ama Birjina eta txoritxoa koadroan (1546koa). Koadrotik koadrora aldatzen diran detaileei be arretea ipini behar jakela uste dau Moralesek. Detailerik txikiena be zehaztasun handiz margoztuta dago.

Luis Morales Jainkotiarraren erakusketea Madrilen egon da, Prado museoan, eta orain Bilboko Arte Eder Museora heldu da. Maiatzaren 16ra arte ikusi ahal izango da eta, ondoren, Bartzelonan amaituko dau ibilbidea, Museu D´Art Nacionalen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu