Arriskatu egin dau Guda Dantza taldeak bigarren diskoan

Dabi Piedra 2016-02-09 13:07   Musikea

Aurreko diskoagaz alderatuta, arrisku gehiago hartu ditu Guda Dantzak Labarraren ertzean lanean (Baga Biga). Ska estiloaren inguruko doinuak ardatz dirala, jantzan egiteko aproposa dan diskoa sortu dabe, baina gogoetea ahaztu barik. Iraganaren ganeko hausnarketea dakar, izan be, Bizkaiko seikoteak Labarraren ertzeanen. Barikuan aurkeztuko dabe diskoa zuzenean, Mungian.

Aurreko diskoagaz alderatuta, arrisku gehiago hartu ditu Guda Dantzak Labarraren ertzean lanean (Baga Biga). Ska estiloaren inguruko doinuak ardatz dirala, jantzan egiteko aproposa dan diskoa sortu dabe, baina gogoetea ahaztu barik. Iraganaren ganeko hausnarketea dakar, izan be, Bizkaiko seikoteak Labarraren ertzeanen. Barikuan aurkeztuko dabe diskoa zuzenean, Mungian.

Bilboko Euridia estudiora zortzi kantagaz heldu ziran Guda Dantzako kideak, eta hamaikako diskoa urten zan handik. Izan be, diskoko edukina erabat biribildu barik sartu ziran estudioan eta Ibon Larruzea produktoreagaz proiektuari behin betiko formea emon ahal izan deutsie. Ibonek hobetu egin dau diskoa, bere ikutua igarten da, adierazo dau Jon Maguregi taldeko gitarra joleak.

Musika baltzaren eta jamaikarraren inguruan dabilz diskoko hamaika kantuak. Guda Dantza ez da ska talde hutsa, estilo horren familiako doinu guztiak lantzen ditu, dino Baga Bigako Ritxi Aizpuruk. Doinu jamaikar eta baltzen nahasketeagaz batera, abesti jantzagarriak ez dira faltau.

Labarraren ertzean izenburuak badauka zerikusia taldeak hartu dauen ibilbideagaz. Euren estiloari ondoen egokitzen jakon musikea topau guran, disko barritzailea egin dabe oraingoan, 2012ko lehenengo lanagaz alderatuta. Barrikuntzea eta arriskua alkarren eskutik doaz, azaldu dau Alain Beraza taldeko abeslariak. Iker Maguregi bateria joleak zehaztu dau, euren estiloa definiduteko ahaleginean dabilzala eta Labarraren ertzean beste pausu bat dala. Ibon Larruzearen laguntzinoari esker lortu daben soinu erreala nabarmendu dau Xabi Torralba baxu joleak.

Musikan ez eze, letretan be ahalegina egin dabe bizkaitarrek. Sakontasuna daukie letrek, ez dira bat-batean ataratakoak, dino Aizpuruk. Erreferentzia literarioak (Edgar Allan Poe, George Orwell...) eta hausnarketak topauko ditu entzuleak Labarraren ertzeanen.

Alain Berazaren esanetan, zati bi daukaz diskoak, lehengo A eta B aldeen moduan. Lehenengo bost kantuak moltso baten dagoz, tematika eklektikoa dago lehenengo zati horretan, danetariko gaiak lantzen doguz. Bigarren zatia, kontzeptu bakarraren inguruan eregi dabe: Iragana, atzean itxi dan guztia. Ikuspegi ilun eta negatiboagaz ekiten deutsie iragana aztertzeari, baina diskoak aurrera egin ahala, mezu baikorragora joten dabe. Bidaideak abestiak egiten dau mugarri lana. Iraganaren aurrean, ikuspegi negatiboak egoerearen asimilazinoari lekua egiten deutso eta, ondoren, heldutasun puntu batetik begiratzen deutsagu, azken finean, iragana ez bada bueltauko, zertarako damutu?, azaldu dau Berazak.

Diskoa grabetako kolaborazino ugari euki ditu Guda Dantzak. Ibon Larruzea produktorea bera koruak egiten ibili da eta Akatz taldeko Aratzen tronboia sartu dabe. Victor Ortega izan da, baina, eraginik handiena euki dauena. Grabazino estudioan ezagutu eben eta, diskoan kolaborau ez eze, Guda Dantza taldean sartuko dala aurreratu dabe. Beraz, seikotea zazpikote bihurtuko da, Victor Ortegak tekladuen ardurea hartzen dauenean.

Aurrera begira badauka zeregina Guda Dantzak. Batetik, taldekide barria euren funtzionamendura egokitu beharko da. Bestetik, zuzeneko emonaldiei ekingo deutsie. Barikuan, hilak 12, Mungian joko ditue diskoko abestiak lehenengoz jente aurrean. Martitik aurrera zuzeneko gehiagotan parte hartzea espero dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu