Mongoliako urre bilatzaileak (I)

Zigor Aldama 2016-01-28 17:08   Bidaide

Garrantzitsuena familiari jaten emotea da. Eta duda barik, urreari esker bizimodu duina darabile. Urre gramua 55.000 tugriks (26 euro) pagetan dabe eta prezioak merkaduaren araberako gorabeherak izaten dituan arren, egunean 100.000 tugriks (47 euro) ateratea ez da arraroa.

Termometro tradizional batek nekez neurtuko leuke Zaamar inguruan egiten dauen hotza, izan be, merkurioa bera be izoztu egingo litzateke zeropeko 40 graduko tenperaturakaz. Baina ez dago atxakiarik. Ninjak deskantsu barik eta hotzaren bildur barik ibilten dira beharrean; ninja dira Mongolian tresna zahar edo landu bakoak erabiliz, urrea topetako esperantzeagaz estepea zulotzen ibilten diran lagunak. Eta ez dira gitxi. Azken azterlanen arabera, nozonoz urrearen atzetik ibilitakoak 300.000 lagun inguru dira, Frantzia baino hiru aldiz handiagoa dan Mongoliako herritarren % 10 inguru. Gaur egun, barriz, Mongoliako gobernuak jakinarazo dauenez, legez kanpo 100.000 mongoliar inguru dira urtean bost tona urre lur azpitik ateraten dabenak.

Ganzorig da izen osoa emon gura ez dauen aitatu horreetako bat. Izostutako lurrean zulo bat egiten dago eta silaba bakarrekoakaz baino ez dau erantzuten. Bost metro inguruko sakonerea dauen zuloaren barrenetik gora begiratzen dau betuleak be izoztuta dituan lagunak eta baldintza sano gogorretan beharrean dabilen arren, barre egin deusku, gogotik. Minutu batzuk geroago, haren lankideak lurrez betetako balde bat atera dauela aprobetxauta zigarro bat erreten hasi da. Ez da gaur egun ona autortu dau, baina lan hau ganaduagaz ibiltea baino hobea da. Izan be, orain pare bat urtera arte Mongoliako ipar-ekialdean atzera eta aurrera dabizen nomada horreetako bat izan zan Ganzorig. 2010eko negu gorrian, ia-ia abelburu guztiak galdu zituan eta, azkenean, geratu jakozan apurrak saldu eta ninja lanean ebilen lagun baten aholkuari jaramon egitea erabagi eban. Ninja ezizenez ezagunak dira urre bilatzaile horreek, Ninja dordoken filma gogoan, lepoan palangana berde bat lotuta daroelako. Ganzorigi eta urre bilatzaile gehienei ez jake izen hori gustetan baina larregi be ez deutsie ardura. Garrantzitsuena familiari jaten emotea da. Eta duda barik, urreari esker bizimodu duina darabile. Urre gramua 55.000 tugriks (26 euro) pagetan dabe eta prezioak merkaduaren araberako gorabeherak izaten dituan arren, egunean 100.000 tugriks (47 euro) ateratea ez da arraroa.

Ganzorig beharrean dabilen lekutik metro batzuk harago, Demidee be urrearen bila dabil. Hemeretzi urte bete barri ditu eta amari laguntzen dabil opor egunetan baina lurra zulotzen ez dira trebeak, edo alperrak dira, eta metalak atzemoteko makina zahar bategaz dabiz hara eta hona. Edozelan be, urre pipita gehienak oso txikiak izaten dira, miligramu eskasekoak eta, beraz, suberte handirik ez dabe izan oraingoz. Denpora larregi pasetan dogu ezertarako balio ez daben metalak ateraten lurretik autortu dau gazteak. Baina batzuetan suberte handia izan dogu eta 2,3 gramuko pipita bat be topau izan dogu gogorarazo dau. Gaur, barriz, esku-hutsik doaz. Eta hori gurago, alperrik zuloak egiten ibili baino, lan hau oso arriskutsua dalako.

Hori bai, Zaamarreko ninja danak kontu handiz dabiz edozein momentutan Khurlee agertu daitekelako bere lur orotako Land Cruiser erraldoiagaz. Mongoliako meategi handi batek urre bilatzaileak ikaratzeko kontratautako mertzenarioa da. Lur pribatuetan dabiz eta ez daukie baimenik hemen lurra zulotzen ibilteko adierazo dau. Kamuflajeko erropakaz jantzita lur orotakoaren gaineko argi gorria biztu eta sirena hots bildurgarriagaz azaltzen da beti. Baina kazetari baten presentzia igarri eta jarrera adeitsuagaz hartu gaitu, begirunez, urre bilatzaileei be handik alde egiteko eskatuz. 

Normalean, barriz, egoerea bestelakoa izaten da Amgelan Damdinragehaak esan deuskunez. Burrukak eta hildakoak be izan dira nozonoz. Meategietako segurtasunaz arduratzen diran beharginez gan, poliziak armak be erabilten ditu urre bilatzaileak handik botateko. Dana dala, gaur egun ez ditu ninja edo urre bilatzaileak defendiduten; orain urte batzuk zeregin horretan ibili arren, gaur egun horreen kontra dabil. Meatza txiki bateko ordezkari dabil orain, 2013ko azken aldian, gobernuak legeztatutako erakunde bateko ordezkari, hain zuzen be. Erakunde horren helburua da ninja kopurua murriztu eta legearen barruan, herritarrek nazinoaren baliabidea dan ustiaketa horrezaz onurea ateratea. Legez kanpoko 10.000 meatzari inguru egozan lehen eta gaur egun 3.000 edo dagoz. Ganerakoak aitatu erakundera batu gara eta horri esker baliabide gehiago eta prezioak negozietako indar gehiago dogu; ganera, Mongoliako Bankuari saltzen deutsagu urrea zuzenean.

Damdinragehaaren eretxiz, ninja urre bilatzaileek kalte bi eragiten ditue: batetik, ingurumenari, lurrean egiten dituen ehundaka zuloak hortxe geratzen diralako; bestetik, ekonomiari, zergarik ez dabelako pagetan eta urrea bitartekari txinatarrei saltzen deutseelako. Ganboldek onartu dau horixe dala errealidadea. Baina ez errealidade osoa. Tungalatamir emazteagaz batera lan egiten dau berak Khailaast izeneko herrian; lur azaleko meatza batek baztertzen dauen lurra arakatzen dabe urrea topetako. Eurek ez dabe zulorik egiten, kamioi bateagaz lurra inguruko laku baten ondora eroaten dabe eta han tobera bat eta presino handiz ura erabiliz lur hori garbitzen dabe pipiten bila. Metala pisutsua danez, prozesuaren amaieran barrenean geratzen da. Halan da be, pilo bat tona lur behar da, asko jota, pare bat pipita topetako.

Salmenta prozesua, barriz, oso erraza da: herriko denda txiki bateko jaubeak baskula txiki bat erabiliz, gramu kopurua zehaztu eta berehala horren arabera pagetan dau eskudirutan. Espezialista batek pipita bat aztertu ondoren erabagiten dau Ganboldek eta Tungalatamirek lortzen daben urrea 24 kilatekoa dala, purutasun handienekoa. Horregaitik konfidantzazko bateren batek eroango dau Ulan Batorrera, hor saldu eta gero gehienbat Txinan prezioa puztuta birsaltzeko, hori bai 18 kilateko estandarrera murriztuta. Baina sarritan txinatarrak eta errusiarrak be hurreratzen dira urre bilatzaileakaz tratu zuzena egin eta bitartekarien komisinoak aurrezteko adierazo dau dendako jaubeak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu