Aitor Arana: 'Esperantoa euskerearen laguna da'

Dabi Piedra 2016-01-25 09:29   Barriketan

Esperanto-euskera hiztegiaren egilea

Idazle, itzultzaile eta hizkuntzalari oparoa da Aitor Arana (Legazpi, 1963) eta esperantoa da bere pasinoetako bat. L.L. Zamenhof osagile poloniarrak 19. mendean asmautako hizkuntza horrek miloeka zale ditu mundu guztian, Euskal Herrian komunidade txikia diran arren. Munduko biztanle guztien bigarren hizkuntza bihurtu eta herrien arteko gatazkak amaitzeko helburua urrun dauka esperantoak, baina hizkuntza artifizialik zabalduena izatera heldu da. Aranak berak liburu batzuk itzuli izan ditu euskeratik esperantora (adibidez, Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak). Aspalditik lantzen ibili dan Esperanto-Euskara hiztegia argitaratu barri dauen ezkero, beragaz berba egiteko tartea hartu dogu, hiztegiaren nondik norakoak, esperantoaren ezaugarriak eta abar sakonago ezagutzeko.

1- Zenbat denbora behar izan dozu euskera-esperantoa hiztegia egiteko? Hasikeran espero zenduana baino denbora gehiago izan da, ezta?

Bai, hiztegigintzea beti luzatzen dan lana da. Danetara ia 30 urtez euki dot lan hori mahai ganean, amaitu dodan arte, 1986tik 2015era. Hasikeran oinarrizko hiztegia egiteko asmoa euki neban, eta bi edo hiru urtean amaituko nebala pentsau neban. Eskuizkribua amaitzean, baina, handiagoa egin nahi izan neban eta lana luzatu egin zan. Dana dala, idazle profesionala be banazenez, kontuan euki behar da 30 urteotan 100 liburu idatzi dodazala eta beste 120 euskerara itzuli.
 

2- Zeintzuk dira hiztegiaren ezaugarri nagusiak?

Bi hizkuntza komunidaderi zuzenduta dago: euskaldunei eta esperantodunei. Horregaitik zati bi ditu: baten sarrerak, hau da berbak, euskeraz dagoz lehenik eta, bestean, sarrerak esperantoz dagoz. Euskerazko aldean berbea eta esanahia agertzeaz gan, adibide, esamolde eta lokuzino asko be badagoz, horrek asko aberasten ditualako hiztegiak. Hitzaurre bi be badaukaz, euskeraz bata eta esperantoz bestea. Guztira 720 orrialdeko hiztegia da.
 

3- Nori zuzenduta dago hiztegia?

Erabiltzaileak, bete-betean, esperantoa ikasi nahi daben euskaldunak izan leitekez, edo esperantoz jakin barik, esperantozko testu bat ulertu nahi daben euskaldunak. Bestetik, euskerea ikasi edo ikusi nahi daben esperantistentzat be egokia da.
 

4- Zelan egingo dozu hiztegiaren banaketea? Hau da, liburu-denda arruntetan dago ala beste bide batzuetatik eskuratu behar da?

Oraingoz Donostiako Hontza eta Iruñeko Katakrak liburu-dendetan erosi leiteke, baina laster banatzaileen bidez liburu-denda handienetara heltzeko lanean gabilz. Rotterdamen UEA zentro esperantistea dago eta han liburu salmenta zerbitzua daukienez, internetetik be erosi leiteke.
 

5- Noz eta zelan sortu jatzun esperantoa ezagutzeko interesa?

Hasikeran, 20 urtegaz, lagun batek berba egin eustan esperantoaz, baina jente gehienak egiten dauen moduan, neuk be ez neutsan kasurik egin. Urte bi geroago, aldiz, Felix Ibargutxi kazetariak esperantoaren hizkuntz adibide batzuk erakusten zituan artikulu bat argitaratu eban eta, zorionez, irakurri egin neban. Berehala gustau jatan hizkuntzearen logikea, eta ikasteko oso erraza zela igarri neutsan. Gero esperantoaren munduko pakearen inguruko idealen barri euki neban, eta zalantza barik proiektu jator horretako partaide izateko gogoa biztu jatan. Poz handia emon deust horrek bizitza osoan, eta oso lagun onak.
 

6- Erraza da esperantoa? Badauka antzekotasunen bat euskereagaz?

Edozein hizkuntza baino askoz errazagoa da, haren sortzaileak, Zamenhof doktoreak, hizkuntza naturalen akats gramatikalak kenduz eta hareen alde onak erabiliz osotu ebalako. Aditz bat ikasi ezkero, adibidez, beste guztiak bardin osotuten dira, salbuespen barik. Euskereagaz daukan antzekotasun agirikoena berbak sortzeko modua da, euskerea eta esperantoa aglutinanteak diralako: txakur zaunkak bardin esaten da: hundo-bojoj. Eta liburu-denda, librovendejo da eta abar.
 

7- Zeintzuk dira esperantoaren ezaugarri linguistiko nagusiak?

Egituraz eta hiztegiz esperantoa gehienbat indoeuroparra da eta, beraz, frantsesaren eta gaztelaniaren antza dauka horretan, latinezko oinarria daukalako.
 

8- XIX. mendean sortu zan esperantoa; gaur egun ze zabalkunde dauka munduan?

Sortu zanetik gorabehera handiak izan ditu, aldi batzuetan indartsu eta beste batzuetan ahul. Jazarpen handiak be jasan zituan XX. mendean, errusiarrek eta naziek eraginda, adibidez, baina zorionez ez eben desagertarazotea lortu. Esperantoak gizaki guztien bardintasuna eta danon arteko pakea aldarrikatzen dituanez, gobernu ahaltsuek ez dabe inoz gustuko izan. Esperantoak jatortasuna eskatzen dau, eta hori topetea ez da beti erraza izaten. Inork ez daki munduan zenbat esperantista dagozan, baina oso nabarmena da Internet daukagunetik dezente ugaritu dirala, ikastaroak oso eskura jarri ditualako sareak (nahikoa da esperanto eta ikasi berbak Googlen sartzea). Euskal Herrian gaur egun ahul dago, baina Bretainian esperantista asko dagoz, eta Hungaria, Brasil eta Mexiko nabarmentzen dira gaur egun esperantozaleen artean. Frantziak be, kontrakoa pentsau leitekean arren, lan handia egin dau beti esperantoaren alde.
 

9- Euskal Herrian zelakoa da esperantisten komunidadea? Alkarterik badago gurean?

Aipatutako moduan, oso egoera ahulean dago. Hiztun gitxi gara, baina inoz ez dot kopurua ikertu. Nik dakidala, hiru alkarte dagoz: Bilboko taldea, Iruñeko taldea eta Euskal Esperanto Elkartea. Baionan be badira esperantistak, baina ez dakit ba ote daukien talderik. Udabarrian Iparraldean egingo dogu esperantistok topaketea, urtaro guztietan egiten dugu. Orduan hangoen barri izango dot.
 

10- Munduan berez badagoz 6.000 bat hizkuntza natural. Zer onura edo aportazino eskaintzen dau esperantoak gaur egun?

Datu zuzena emon dozu, hori esan ohi dalako, baina nik ez dot uste 6.000 hizkuntza dagozanik. Ziurrenez hor dialektoak be zenbatuta egongo dira. Esperantoaren onura eta abantailak begibistakoak dira, gaian pixka bat pentsau ezkero: Batetik, nazinoarteko komunikazinorako hizkuntzea danez, danon bigarren hizkuntzea litzateke, eta inork ez leuskio berea beste herri bati inposatuko. Bestetik, esperantoak guztion bigarren hizkuntza izateko bokazinoa daukanez, hizkuntza txikiak babestuko leukez. Izan be, herri txikiek euren eremuan euren hizkuntzan egingo leukie, kanpoko hizkuntzen ezarpen barik. Gogoratu hizkuntza handiek munduan zenbat hizkuntza desagerrarazo dituen, handi horreek bai badaukielako hizkuntzak ordezkatzeko borondatea. Esperantoak ez. Euskaldunon kasuan, egoera ideala litzateke, euskerea behin betiko normalizetako, Euskal Herrian euskeraz eta munduan esperantoz berba egitea. Eta frantsesdunek, espainoldunek eta ingelesdunek ikasi daiela esperantoa, eurena ezarri nahi izan beharrean.
 

11- Beraz, esperantoaren alde egitea euskerearen eta hizkuntza txikien alde egitea da?

Bai. Benetan Euskal Herrian euskeraz eta munduan esperantoz berba egingo balitz, gaztelaniaz eta frantsesez egiten daben milaka euskal herritarrek erderaz egiteko eskubidea izango leukie, jakina. Baina gure Gobernuek, Gasteizkoak eta Iruñekoak, ulertu behar leukie euskerearen etorkizuna ez dagoala laueleduntasunean. Ahaztu egiten dogu jente gehienak ez dituala hiru edo lau hizkuntza ikasi nahi. Joan gure eskoletara eta galdetu ikasleei, bestela. Horregaitik serio heldu behar deutsegu euskereari eta esperantoari, esperantoa euskerearen laguna da. Nik atsekabez ikusten dot gure gobernuek zelan hartu daben ingeles inperiozalea besozabalik, hemen gaztelania eta frantsesa hizkuntza inperiozaleek euskereari ze kalte handia egin deutsen ikusita be. Ziur nago inork ez deutsela berba egin esperantoaren aukera jatorraz.
 

12- Esperantoa, mende eta laureneko ibilbidean, ez da heldu gizartearen zati handi batera. Zer egin leiteke kaleko jenteak esperantoa hurrago sentidu daian?

Erantzuna oso erraza da: podere ekonomikoa, edo podere militarra edo erlijiosoa daukan nazinoak, edo hirurak daukazanak, bere hizkuntzea ezarri nahi izaten dau munduan, historiak behin eta barriro erakusten dauen moduan. Eta kaleko jenteak esperantoa hurrago sentidu daian, esperantoari berari aukera bat emon behar jako. Horretan, euskal udalen adibidea oso adibide ona da: gaztelaniaren eta frantsearen indar ikaragarriari kasu egin barik, euren arteko sare bat osotu dabe eta euskereari arnasbide handia emon deutsie. Era berean, herri 'txikiek' (gureak, Kataluniak, Bretainiak, Letoniak, Lituaniak, Greziak, Hungariak eta abarrek) esperantoaren bidezko sare bat osotu behar leukie nazinoartean, poderetsuen hizkuntzak bazterrean itxita, holan euren hizkuntzak esperantoaren bidez babesteko eta nazinoarteko anai-arrebartekotasun eta pake helburu horretan laguntzeko.
 

13- Hiztegia plazaratu barri dozu eta, aurrera begira, esperantoari lotutako beste proiekturik badarabilzu buruan?

Bai, datorren hilean esperantoa ikasteko metodoa berrargitaratuko dogu. Esperantoa ikasgai 1991n argitaratu zan eta aspaldi agortuta dago. Bestetik, munduko esperantistek badakie euskerea hizkuntza interesgarria dana eta aspaldi dabilz euskerea ikasteko liburu bat esperantoz euki guran. Horregaitik, batetik pozik hartu dabe gure hiztegia eta, bestetik, aurten Ni lernu la eûskan (Ikasi daigun euskerea) ikasliburua atarako dau Euskal Esperanto Elkarteak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu