Bere izakereari ez deutso uko egin Belakok 'Hamen' disko barrian

Dabi Piedra 2016-01-19 13:59   Musikea

Talde gaztea dan arren, arrakastea lortu dau Belakok eta horrek Euskal Herritik kanpoko eszenatokietara eroan dau laukotea. Bapateko ospe horrek presinoa dakarren arren, taldekideek ziurtatu dabe disko barrian euren gustoko musikea egiten segidu dabela. Estilo eklektikoa eta doinu landuagoak dakarrez Hamen diskoko hamabi kantek.

Talde gaztea dan arren, arrakastea lortu dau Belakok eta horrek Euskal Herritik kanpoko eszenatokietara eroan ditu. Bapateko ospe horrek presinoa dakarren arren, taldekideek ziurtatu dabe disko barrian euren gustoko musikea egiten segidu dabela. Estilo eklektikoa eta doinu landuagoak dakarrez Hamen diskoko hamabi kantek.

Izenburuak berak azaltzen dau Belakok diskoa egiteko hartu dauen jarrerea. Ez dakigu nora goazen, baina orain 'Hamen' gagoz eta hau da egiten dogun musikea, azaldu dau Josu Billelabeitia taldekideak. Barrutik urten deutsen musikea sortu dabe, entzuleek zer esango daben asko pentsau barik. Orain arte arrakastea euki dogu geure gustuko estiloan, zergatik aldatu?, dinoe.

Halandabe, eukitako arrakasteak presinoa be badakarrela onartu dabe. Urte bi pasautxu dira lehenengo disko luzea plazaratu ebala eta, tarte horretan, Belako oso ezagun bihurtu da. Bertigoa emoten dau, baina gogotsu gagoz, egiten dogunean sinisten dogulako, dino Cris Lizarraga taldekideak.

Aurreko diskoan baino helduagoak dirala igarri dabe oraingoan Belakokoek, izatez lau taldekideak oso gazteak diran arren. Aurreko diskoagaz alderatuta, honetan konponketa gehiago dagoz, dotoreagoak, eta soinu aldetik aberatsagoa da, adierazo dau Billelabeitiak. Askotariko estiloak nahastau ditue, elektronikoak eta gitarreroagoak. Kanta bakotxa desbardina da, baina guztien arteko emoitzea da gu garena eta lortu nahi dogun soinua.

Diskoa biribildu eta kanta batzuk sortzeko, Nafarroako Urrotz herriko borda baten pasau eben abuztua Belakoko lau kideek. Horrek emon eutsan behin betiko formea Hamen lanari. Izan be, ordura arte kanta psikodeliko luze batzuk sortuta eukezen, baina diskoaren osotasuna topau ezinda ebilzan. Danen artean sortzen ditue doinuak eta letrak idazteaz be eurak arduratzen dira. Hamenen euskerazko kantu bat dago, Hegodun baleak. Osterantzean, ingelesa da nagusi.

Belakok mundua ikusteko era berezia dauka eta hori gorde nahi izan dabe bigarren disko honetan. Hortaz, aurreko diskoetxea itxi eta autoprodukzinora jo dabe, Belako Records markeagaz. Alderdi artistikoan, proiektua geurea da, hasikeratik amaitu arte, ez dogu inork eskua sartzerik gura, adierazo dau Lander Zalakain bateria-joleak. Dana dala, nazinoarteko banaketarako eta kontzertuak lotzeko, Mushroom Pillow zigiluagaz akordioa daukie.

Aurreko urte bietan alde batetik bestera ibili da Belako, arrakastearen eraginez. Musika-jaialdi handietan kritika bikainak jaso ditue. Batez be Espainia aldean jo ditue kontzertu asko, baina aurrerantzean urrunago be heldu nahi dabe. Zemendian birea hasi eben eta laster Londres, Glasgow, Edinburgo eta Lisboara helduko dira. Aurretik, Sevilla eta Madrilen joko dabe, besteak beste. Berton inguruan be ibiliko dira: Zezeilaren 26an Azpeitian eta 27an Gasteizen.

Cris Lizarraga, Josu eta Lore Billelabeitia neba-arrebak eta Lander Zalakain dira Belakoko lau kideak. Mungiatik mundura urten nahi dabe eta oraingoz bide onean doazala dirudi.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu