Laosen esentzia Luang Prabang eta inguruetan
2016-01-11 14:24 BidaideLeku turistiko askok amu ezin hobea dabe sustapenerako, leku horreek ezagutarazoteko. Munduan nork ez ditu ezagutzen Pariseko Eiffel Torrea, Pekineko Galarazotako Uria edota Bilboko Guggenheim; kontua da ze, aitatu leku horreetako batzuetan paisajeaz eta ikonoa dan eraikinaz gan, ez dagoala aparteko besterik jentea erakarteko.
Leku turistiko askok amu ezin hobea dabe sustapenerako, leku horreek ezagutarazoteko. Munduan nork ez ditu ezagutzen Pariseko Eiffel Torrea, Pekineko Galarazotako Uria edota Bilboko
Guggenheim; kontua da ze, aitatu leku horreetako batzuetan paisajeaz eta ikonoa dan eraikinaz gan, ez dagoala aparteko besterik jentea erakarteko.
Bestetik, barriz, badira holako ikono berezirik ez daben parajeak baina osotasunean nahikoa erakarpen dabena; horixe da Luang Prabangen kasua, koktel exotikoa, Laoseko esentziaren erakusgarri.
Mekong eta Khan ibaiak inguruan ditu eta azken hamarkadan aparteko susperraldia bizi izan dauen urian pilo bat tenplu dagoz, frantziar kolonia-arkitekturakoak, eta makinatxu bat gitxiengo etniko. Duda barik, Unescoren Gizateriaren Ondare izendapena ondo mereziduta jaso dau. Paraje ederra da eta badagoz aukerak oinez zein bizikletaz ibilbideak egiteko eta, ganera, azken aldion turismoaren aldetik upealako indarra hartu dauen arren, oraingoz eta dabil horrenbeste turista eta lasai lasai egin daitekez ibilbideok.
Laos antxinako frantziar Indotxinaren anaia txikia eta pobrea da eta oraintsura arte turismo talde antolatuek ez deutse jaramon larregi egin eta gurago izan dabe Kanbodiako Angkoreko tenplu ederrak ikustera edota Tailandiako hondartza zoragarrietara joan. Gauzak holan dirala, Luan Prabang motxila edo bizkar-zorroakaz bidaiatzen dabenen eta herrialdearen kulturea eta naturea maite dabenen jomugea izan da orain arte eta horri esker lotarako leku merkeak eta kalidadearen eta prezioaren arteko lotura onenetakoak topauko doguz. Garraio sistemea be ona da eta ordu batzuetako zein egun osoko ibilaldiak antolatu daitekez ur-jauzi ederrak ikusteko, elefante gainean ibilten ikasteko edota mendialdean bizi diran gitxiengo etnikoen bizilekuak bisitetako.
Edozelan be, goizean goizetik jagi eta urian zehar ehundaka monje budistek egiten daben zeremonia ikustea nahitaezkoa da. Eskuetan daroezan kaiku ilun eta sakonetan herritarren donazinoak jasoten ditue eta eguna argitzeak sortarazoten dituan koloreei esker sekulako irudi eta paisajeakaz gozeteaz gan, momentu onena da tenpluak bisitetako. Izan be, ate eta lehioetako urre-koloreko grabaduek eta eraikinetako kanpoaldeko zein barruko apaingarriek argi berezia hartzen dabe.
Tenpluak bisitetako alde zaharretik prisa barik paseon ibiltea da modurik egokiena baina Wat Xieng Thong izenekoak aparteko aitamena merezidu dau, izan be, haren urrezko fatxada eta ispilu-collage ederrek patxada handia eskatzen dabe. 1560an eregia, hormak liburuen antzekoak dira eta zehatz eta astiro begitu ezkero, antxinako kontu bat baino gehiago deskubriduko dogu. Lurrean jesarri eta prisa barik zehetasun txikienakaz denporea pasetea lako esperientziarik ez dago.
Eguna aurrera joan ahala, gauza asko dagoz Luang Prabangen egiteko, berbarako, Mekong ibaia ontzi txiki batean zeharkatu, Khan ibaia banbuz egindako zubi ikusgarritik zeharkatu eta Phousi mendi txikiko tontorrera heltzea aukera polita da, uriaren erdialdean dagoan tontor horretatik uriaren ikuspegi zoragarria baitago. Vietnameko gerran zehar, AEBetako ejerzituak botatako leherkailuen arrastoak eta lurraldean diran pertsonen kontrako mina-leherkailuak kentzeaz arduratzen dan UXO Lao gobernu-erakundean bisitea egitea be ez da idea txarra, holan, Laosen hurreko historia gorabeheratsuaren barri izango dogulako.
Azken bisita horrek eragiten dauen urduritasunaren ostean lasaitasuna berreskuratzeko Mekong ibai ertzean dagozan jatetxetako batean eguzkia sartzen ikustea da botikarik onena. Terraza eta giro desbardinak topauko doguz, Beerlao garagardaoa hartzen dogun bitartean, kirol programak ikusteko pantaila erraldoiak dituenak zein bikote erromantikoentzako kandela eta lorez apaindutako jatetxe karuak. Farol eta neon-argiak indarra hartzen doazenean, Errege Jauregiaren ondoan gauez zabaltzen daben azokan zehar paseo lasaia emotea da gomendiorik onena.
Luang Prabang kontenplazinorako eta alperkeriarako lekua izateaz gan, makinatxu bat kirol praktikarako lekua be bada eta paraje natural ederrakaz gozetakoa be bai, berbarako, Kuang Si-ko ur-jauzietan, bainua hartzeko leku ezin hobean. Hori bai, goizetik heltzea komenidu da ze goizeko hamarretarako turista piloa egoten da bertan zain. Holako pilaketei aurre egiteko, handik hur dagoan tximeleten parkera osterea egitea da onena, insektuaren zein ingurunearen ekosistemearen kontu guztiak ikasteko. Zehaztasun guztiak jaube holandarrak dituan parkeko teknikariek emongo deuskuez.
Naturearen maitaleentzako beste aukera bat Ban Xieng Lom urian dago, Luang Prabangetik 25 bat kilometrora dago eta elefanteen uria be esaten deutse ingurukoek. Han zentro berezi bat dago pakidermoen mundura hurreratu gura dauenarentzako. Nik neuk ez dot ezer txarrik ikusi zentro horretan baina badira turista batzuk hango elefanteen egoera negargarria salatu dabenak, kateakaz eta lotuta dituela eta abar. Edozelan be, zentruko arduradunek eta animalien babeserako eta euren eskubideen aldeko GKE desbardinetako arduradunek guzurtatu egin ditue aitatu salaketa guztiak. Tailandian, barriz, egoerea bestelakoa da eta elefanteen kontrako tratu txarrak sarritan salatu izna ditue.
Esandakoak esanda, normala da bidaiariek aurreikusita eukena baino egun gehiago emotea Luang Prabangen baina egia da uria pare bat egunetan ikusi daitekela. Edozelan be, 30 kilometro inguruan dagozan interes guneak eta uriak berak transmitiduten dauen lasaitasuna kontuan hartuta, gomendagarriena hor inguruan laupabost egun emotea da. Ez zarie damutuko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!