Euskal Barrokensemblek 'Euskel Antiqua' diskoa aurkeztuko dau Bilbon

z 2016-01-07 14:39   Musikea

Euskal Barrokensemble, Enrike Solinís gitarra jole ospetsuak zuzentzen dauen eta antxinako musikan espezializauta dagoan taldeak, Euskel antiqva – El legado musical del País Vasco bere azken diskoa aurkeztuko dau Bilbon urtarrilaren 15ean, barikuan (19:30ean), XV. eta XVI. mendeetako euskal musikearen bilduma argitaratu bakoa.

Euskal Barrokensemble, Enrike Solinís gitarra jole ospetsuak zuzentzen dauen eta antxinako musikan espezializauta dagoan taldeak, Euskel antiqva – El legado musical del País Vasco bere azken diskoa aurkeztuko dau Bilbon urtarrilaren 15ean, barikuan (19:30ean), XV. eta XVI. mendeetako euskal musikearen bilduma argitaratu bakoa. Emonaldia Bizkaia Aretoan izango da (UPV/EHUk Bilbon dauen eraikinean, Abandoibarra, 3an. Guggenheimeko Tranbiaren Geralekuan), zuzeneko oso berezian, Leire Berasaluzeren ahotsagaz eta Begoña Zubieta kazetariak errezitauko dituan zenbait testugaz. Horrezaz gan, Aiko Taldeko Patxi Laborda eta Ainhoa Odiaga jantza maisuek be parte hartuko dabe. EHUkulturaren programazinoaren barruan dagoan kontzerturako sarrerea librea izango da, gonbidapenagaz.
 
Euskel Antiqva, Euskal Herriko musika kulturearen muinera hurreratzen gaituan antxinako euskal musika bilduma argitaratu bakoa da. Abestietan, mendeetan zehar euskal kulturea aberastu daben kulturen eragina atzemoten da, eta diskoak jatorri historiko eta literario anitzeko testuak be jasoten ditu, 1680ko sorginkeria prozesu bati jagokon adierazpena, 2004an Madrilen topau eben XVI. mendeko euskera arabarrez idatzitako esku-izkribua zein Bernat Etxepareren bertso klasikoak. Euskel Antiqva lana Jordi Savallek argitaratu dau, lau hamarkada baino gehiago gizateriaren musika ondarea berreskuratzeko lanean dabilenak. Diskoa 2015ean argitaratutako disko onenen artean aukeratu barri dau France Musique irrati publiko frantses entzutetsuak, musika klasikoan eta jazzean espezializautako Radio-France taldeko irrati kateak.  
 
Joan dan garagarrilean Frantziako Languedoc uri historikoko Fontfroide abade-etxean mundu mailan estreinau eta Polonian eta Alemanian birea egin ondoren, Enrike Solinís & Euskal Barrokensemblek Bilbon aurkeztuko dau lan berezi hori. Taldearen zuzendaritza artistikoaren ardurea Solinís berarena da. Solinís ospe handiko antxinako musika interpreteen artean dago, eta, ganera, gitarra barrokoa, lauta eta lavta be joko ditu. Beragaz batera, Pablo Martín Caminero (kontrabaxua), Dani Garay (perkusinoa), Miren Zeberio (biolin barrokoa) eta Sabin Bikandi (txistua, alboka eta gaita), eta Leire Berasaluzeren ahotsa izango doguz Bizkaia Aretoko taulan. Emonaldia Aiko taldeko Patxi Laborda eta Ainhoa Odiaga jantza maisuakaz eta zenbait testu errezitauko dituan Begoña Zubieta kazetariaren presentziagaz osotuko da. Errezitauko diran testuen artean Juan Pérez de Lazarragaren zenbait poema klasiko, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae laneko parteak eta Cantar de la batalla de Urrejola izenekoaren zati historikoak egongo dira, danak XVI. mendekoak.
 
Bi egun geroago, domekan, urtarrilaren 17an, Euskel Antiqva Gipuzkoako uriburuan estreinauko da (Kursaaleko auditorian, 19:00etan). Oraingo honetan, Enrike Solinís eta bere Euskal Barrokensemble izango dira Kursaal Eszena programa barruko musika klasiko zikloa edegiko dabenak. Donostian, aitatutako interpreteei Maika Etxekopar (ahotsa), David Sagastume (kontratenorea), Javier Cuevas (baxua), Mixel Etxekopar (xirula, ttunttuna eta ahotsa) eta Daniel Oyarzabal (organo positiboa) gehituko jakez. Testu klasikoak errezitatzeaz Teresa Lopez de Muniain arduratuko da, eta Patxi Laborda eta Ainhoa Odiaga jantza maisuei Irune Arrizubieta eta Josu Garate (Aiko) gehituko jakez. Diskora batutako 23 piezatatik 16 interpretauko ditue, baita euskal abesti klasikoak bere, Aldapeko sagarraren, adibidez, Solinísen Colores del Sur azken diskoko Kanario lana edo XVI. mendeko Europako jantza tradizional bat, besteak beste.
 
Euskal Barrokensemble Enrike Solinís gitarra sortzaileak sortu eban 2006an, eta ia hamar urtetan hainbat herrialdetako musikariz osotutako zenbait talde izan ditu. Birak egin ditu Europan (Espainia, Italia, Frantzia, Belgika, Alemania, Suitza, Austria, Txekia, Polonia, Irlanda), Amerikan (Kanada, AEB, Mexiko, Kuba, Costa Rica, Nikaragua, Argentina) eta Hurreko Ekialdean (Israel).
 
Horrezaz gan, Euskal Barrokensemblek ikus-entzuleen eta kritikearen txaloak jaso ditu, eta nazinoarteko hainbat ekitalditan hartu dau parte, Montrealgo Jaialdi Barrokoan (Kanada) edo Pragako Udabarriko Jaialdian, Hanburgoko Festival für Alte Musik izenekoan, Holandako Flamenko Biurtekoan, La Habanako Musika Jaialdian edo Madrilgo Auditorio Nacional izenekoan, besteak beste. Euskal Herrian, Ziortzako Antxinako Musika Jaialdian, Donostiako Musika Hamabostaldian edo Bilbao 700 Fundazinoak antolatzen dauen Musika-Música jaialdian hartu dau parte.


Enrike Solinís

Enrike Solinís da taldearen sortzailea eta zuzendaria, beste batzuen artean Paco de Lucía, Narciso Yepes, Lutosławski, Steve Vai, Tinariwen edo Los Panchos lako eragin anitzak dituan bilbotarra. Konposizino eta gitarra goi mailako ikasketak egin zituan Bilboko J. C. Arriaga Konserbatorioan, antxinako musikako goi ikasketak Bartzelonako ESMUC-en eta, aldi berean, Bartzelonako Escola Luthier eskolan José Tomás maisuaren Cum Laude Kontzertu emaile gradu-ostekoa jaso eban.
 
Nazinoarteko hainbat gitarra lehiaketetan jaso ditu sariak, eta kultura askotako musiken aldeko interesa erakutsi dau. Horrezaz gan, musikari bakarlari eta kontinuista lez ibilten da talde askotan, berbarako, Jordi Savallek zuzendutako Hesperion XXI, Le Concert de Nations eta la Capella Reial de Catalunya; René Jacobsek zuzendutako Concerto Vocale eta Akademie für Alte Musik; Emmanuelle Haimek zuzendutako Le Concert D´astrée, Manfredo Kraemerrek zuzendutako Baroque 21 Lab, The Rare Fruits Council, etab.
 
Europako eta Ameriketako nazinoarteko jaialdi eta areto garrantzitsuenetan hartzen dau parte sarritan, New Yorkeko Carnegie Hall, Berlingo Konzerthaus, Pariseko Champs Elysées, Theater an der Wien, Mexikoko Culiacán Internacional Festival, Londoneko Barbican Center, Mexikoko D.F.-ko Sala Nezahualcoyotl, La Habanako Festival Leo Brouwer...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu